Nagore Ozerinjauregi Beldarrain • Psikologian doktorea. Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saila. Irakasle-ikertzailea EHUn
Esti Amenabarro Iraola • Pedagogian doktorea. Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saila. Irakasle-ikertzailea EHUn
Martxoaren 14 eta 15a, Inkluni ikerketa taldeko kideontzat gogoangarriak izango diren bi egun bezala markatuak geratu dira egutegian. Inklusioaren bidea saretzen lelopean Nazioarteko Kongresua antolatzeko ohorea izan genuen Donostiako Hezkuntza Antropologia eta Filosofia Fakultatean, geure lan lekuan bertan. Hala, nazioartetik etorrita inklusioaren inguruko alor desberdinetako adituek askotariko ekarpenak eskaini zituzten.
Guztietatik bi azpimarratuko ditugu: inklusioaren bidean oraindik ere asko da egiteko duguna eta bigarrenik, desberdintasuna balioan jartzea ezinbestekoa da guztiontzako hezkuntza helburu duen hezkuntza sistema ororentzat, baita Euskal Hezkuntzaren ekosistemarentzat ere.
Ikasle guztiak aintzat hartzea, zera litzateke: norbanako guztien presentzia, parte hartzea eta ikaskuntza ahalbidetzea. Hori horrela, inklusioak bere baitan ekitatiboa izan behar du, justizia sozialaren parametroak aplikatuta.
Barrenak astintzeko datuak
Ainscow-ek barrenak astintzeko moduko datua eman zuen: badira, oraindik munduan, hezkuntzarik jasotzen ez duten 260 milioi haur. Eta badira, eskolara joan arren, mendebaldeko gizartean ditugun baliabideak ez dituzten pertsonak ere.
Modu berean, irakasleen lana gakoa da haren ustetan: «Irakasleei haien lana gure gizarteko lanik garrantzitsuena dela esaten diet beti. Zer da hurrengo belaunaldiak prestatzea baino garrantzitsuagoa?».
Zentzu honetan, baieztapen bat: izaera inklusiboa duten ikastetxeek haien hezkuntza proposamena eraginkorra izatea nahi badute, dituzten ikasle guztien ongizatea eta eskubideak aintzat hartu behar dituzte.
Ildo beretik, inklusioaren inguruan neurri batean edo bestean lorgarriak izan daitezkeen hainbat irakaspen/gako bildu genituen aipatutako kongresuan:
- Dagoeneko eskuartean ditugun konpetentziak eta ezagutzak baliatzea, (askotan asmakizun handien beharrik gabe).
- Desberdintasuna(k) balioan jartzea, norbere identitatea(k) besteekin elkarreraginean ikasteko balio bat da/dira.
- Parte hartzeko eta ikasteko dauden oztopoak identifikatu eta gainditzea.
- Ditugun baliabideak (batez ere giza baliabideak) modu eraginkorrean erabiltzea.
- Lengoaia praktikoa eta esperimentaziorako kultura sustatzea eta garatzea.
- Beste ikastetxeengandik ikastea.