Lide Egizala • Artezalea
Errealitatea interpretatzen laguntzen diguten tresnak dira zentzumenak: ikusmena, ukimena, dastamena, usaimena… bakoitzak bere zeregina du. Hauek beren aldetik lan egiten badute ere, badira zentzumen bat martxan jarri orduko besteak pizten zaizkion pertsonarik ere, hau da, nolabaiteko explosio sentsoriala bizi duten pertsonak. Fenomeno horri sinestesia deritzo, eta diagnostikatuta dagoen kondizio neurologiko bat den arren, denok bizi izan dugu halako zerbait inoiz. Bestela, nola azaldu asteko egun batzuk kolore jakin batzuekin lotzea? Hau da, osteguna zergatik da marroi edo more ilun kolorekoa askorentzat?
Bada, artearen munduan ere, badira sinestesia abiapuntu hartu duten artista asko. Wassily Kandinsky margolari errusiarra esaterako. Kandinskyk musika eta pinturaren nahasketa ardatz hartu zuen bere margolanetan. Hain zuzen ere, musika entzuten zuen koloreak ikusten zituenean, eta koloreak ikusi musika entzutean. Bere zenbait obra egiteko, konposizio musikalen melodiak erabili zituen. Horia, gorria eta urdina margolanean esaterako, Claude Debussy musikariaren Arabesque No 1. kanta hartu zuen oinarri. Horrela, margolana aztertuz gero, irudiak melodiaren erritmoan dantzatzen duela dirudi.
Horretaz gain, Kandinskyk koloreak musika instrumentu eta soinu zehatzekin ere lotzen zituen. Adibidez, kolore horian tronpetak entzuten zituen; gorrian, berriz, biolina; urdinean flautak eta morean gaitaren soinua.
Jolas dibertigarria deritzot horrelako loturak egitea, gainera, oso subjektiboa dirudien arren, konturatuko gara, uste baino kontzeptu unibertsal gehiago konpartitzen ditugula besteekin, eta horregatik direla askorentzat ostegunak marroi edo more kolorekoak.