Ez orain, ez lehen, kontatzen diren guztiak ez dira egia izaten. Horrek ez du esan nahi, dena dela, gezur huts direnik ere. Toponimoek ere kontatu egiten dizkigute gauzak, baina horiek galbahetik pasatu eta garai bateko errealitatetik hartua zer duten eta irudikatua zer den ateratzea, horra toponimia jakintzaren gakoetako bat zertan den.
Joxe Migel Barandiaranek jaso zuenez, behinola, Lazkaoko jaunak Altzaniako erreka inguruan bizi ziren mairuak («moroak») menderatu omen zituen eta, hartara, Ataun aldean bizi zen kristau jendeari eragindako kalteak mendekatu. Horregatik jarri omen zioten Marumendi (ahoz, Maomendi) izena parajeari, han suertatu zelako guda hura. Halaxe izan ote zen guztia? Ez, seguruenera, baina kontaera horrek bide bat irekitzen du izenaren jatorria esplikatzeko eta bidea ematen die hizkuntza kontuetan aditu direnei bere esplikazioak zirriborratzeko. Hori horrela, Koldo Mitxelenak esango du Marumendi eta kideko izenak (Marulanda…) *‘maru’-tik datozela eta zerikusia dutela latinezko ‘maurus’ekin.
Barandiaranek berak dio gertatzen dela leku batean izaki mitiko bati eman ohi zaion esanahia, beste batean besteren batekin lotzea ere: mairuei dagokiena batzuetan, sorginen edota jentilen lana izaten da beste batzuetan. Horregatik kontatzen da, era berean, lazkanotar jaunen ekinaldia mairuak menderatzeko ez, baina jentilen aurkakoa izan zela (eta Barandiaranek zioenez, oraindik ere, urdiaindarrek jentil fama omen dute).
Mari eta Sugaar
Beste leku batzuetan ere gorde dira mairuen kontuak; Zerainen, han dago Morozulo. Sorginen sailekoak ditugu, berriz, lamiak; gorputza emakumearena, oiloenen antzeko hankak izaten omen zituzten. Ataunen bertan Laminosin/Lamiosin toponimoa daukagu.
Eta, zer esan Mari-z? Lamia guztien eta gainerako izaki mitikoen erregina, animaliaren baten itxura izan dezake edo fenomeno beldurgarriren batean gorpuztuta agertu (trumoi-tximistak, haizea…). Barandiaranek jasotakoetan «señora» deritzote, eta antzeko moduz ageri da toponimian ere, bere haitzuloko iluntasunean: [Aketegiko] Damaren zuloa; [Murumendiko] Damazulo edo Sorginzuloa.
Sugaar Mariren parekoa genuke izaeraz eta beldurgarria bera ere bere zulotik irtenez gero (Sugaarzulo, Ataunen).
Basajaunen parajeak
Izaki horiek beste kultura batzuetan ere ageri dira, modu batean edo bestean. Batzuetan, izena ere berbera izaten dute; Sanson indartsuak, konparazio baterako. Aizkorritik habailan botatako harritzarra Segurako Arrabiolan erori omen zen: Sansonarri esaten diote.
Torto/Tartalo Greziako Polifemo ziklope begibakoitzaren pareko genuke; izuak hartuta ibiltzen omen ziren inguruetako jendeak. Zegaman dago Tartaloetxeta.
Itxura izugarrikoa Basajaun ere, handia, indartsua, iletsua… baina ez beti gaiztoa kristau jendearekin, mairuak bezala, guk beste nonbaitetik ere ezagutzen ditugun gertaera historikoen harian etorria gureganaino. Hemen ezagutzen ez ziren lanbide berrien jakitun, kontatzen da beraren bitartez sartuak direla horiek hemen; artaldeen babesle zen eta aurreneko nekazaria; errementaritzan ba omen zekien, baita errotari lanean ere. Lanbide horiek gurean errotu izanaren lekuko izango dira, beharbada, Ataungo Basajaungaztañaeta, Itsasoko Basajaundegi parajea edota Astigarretako Lastaolako etxearen Basajaundegi deitura.