Egia esan behar badut, ez dakit zenbat urte egin ditudan Lazkaoko Maizpide euskaltegian arratsaldeko hiruretatik gaueko hamaikak bitarteko lanaldian. 90eko hamarkadaren erdialdera hasiko nintzen, eta, urteren batzuk kenduta, hogei ikasturtetik gora izango dira. Ordutegi horrek klasez kanpoko hainbat ekintza antolatzeko parada eman digu, eta, horri esker, euskal kulturaren alorrean lan egin duten eta lanean diharduten emakume eta gizon ugari ezagutu dugu gertutik: mendigoizaleak, musikariak, kantariak, kirolariak, aktoreak… eta baita bertsolariak ere!
Maizpideko zineman egindako bertso-saioak eta Lazkaoko kaleetan zehar egindako triki-bertso poteoak alde batera utzirik, ez dira gutxi hilero Maizpideko jangelan antolatu izan ditugun bertso-afariak. Aldiko, ofizioka aritzeko gaiak, oinak… prestatu izan ditugu ikasleen konplizitatearekin.
Gehienetan, ia beti ez esatearren, bi bertsolari izan dira «Maizpideko plaza berezira» gerturatu eta kantuan aritu direnak: batzuk helduak; gehientxoenak, berriz, gaztetxoak… eta euren lehenengoetako plazatxoa antzaren herrian izan dutenak. Burura datozkit hamahiru-hamabost bat urterekin aritutakoak: Aitor Sarriegi, Ekaitz Goikoetxea, Igor Eguren… Askoz gehiago ez zuten izango German Urteagak, Aiestaran ahizpek, Iban Urdangarinek, Maialen Akizuk, Aratz Igartzabalek (eta beste hamaika gabiriarrek, kar-kar!), Maide Garmendiak, Alaitz Sarasolak eta beste askok.
Ikasleen erantzuna, bikaina
Barnetegira euskara ikastera etorritako ikasleen erantzuna bikaina izan da bertso-afarietan. Beti txalotu izan dituzte entzundako bertsoak (are gehiago, bertsolaria uneren batean trabatu baldin bada). Ikasle horietako batzuk, gainera, euskara maila baxu samarra izan arren, afalostean jangelan geratu izan dira bertsoak entzuten, nahiz eta aldez aurretik ezer gutxi ulertuko dutela jakin.
Eskerrik beroenak eman nahiko genizkieke bertan aritu diren bertsolari guztiei, eta baita horiek Maizpidera ekartzen lagundu diguten Mikel Mendizabali eta Aratz Igartzabali. Askotan, gure bertso-afariak astean zehar izanik, bertsolari asko lanean edo kanpoan ikasten aritu edo ari direla kontuan hartuta, ez da samurra izan «fitxaketa lanak» egitea, baina, nondik edo handik, ez da bertsotan aritzeko bikoterik falta izan barnetegiko jangelan. Eta ezin ahaztu, era berean, Iñaki Muruak hamaika aldiz zinema-aretoan bertsolaritzaz emandako azalpenak, ikasturteko lehen bertso-afaria izan baino astebete lehenago eskaintzen zituenak, eta gure ikasleei bertso munduan murgiltzen eta Maizpiden hainbat hilabetez entzungo zituzten bertsoak hobeto ulertzen lagunduko zietenak.
«Pareja de bertso»
Bukatzeko, anekdota modura zera esan nezake, «bikote beteranoak» ere ez direla falta izan… eta hamar bat urtez hutsik egin gabe etorritako berezko bikoterik ere izan zela, beti elkarrekin kantuan: Xabier Zeberio eta jada gurekin ez den Gregorio Larrañaga (Mañukorta ezizenez ezagunagoa). Maizpiden ohiko bikotea zela jabeturik, halaxe bota zuen behin ikasle batek (ezkondu gabe, baina elkarrekin bizi ziren bikoteez dezente mintzo zen garaian): «Horiek zer dira… pareja de bertso?».