Anabel Urkiolak (Leitza, 1991) Loratuz fisioterapia zentroa zabaldu zuen Seguran orain urtebete. Emakume ekintzailea da landa eremuko herri batean. Herri txikien balioak eta herrietako jendearen gertutasuna nahitaezko ditu zaintza erdigunean jartzen duen proiektuari zentzua emateko.
Leitzakoa da, Segura baino handixeagoa den herri batekoa, eta unibertsitateko ikasketak Bartzelona bezalako hiri handi batean egin zituen, baina Anabel Urkiolak ez ditu saltzeko herri txikiak. Iazko maiatzaren 5ean zabaldu zuen Segurako Kale Nagusian Loratuz fisioterapia zentroa. «Nire proiektua eta nire espazioa goxoa eta sinplea da, baina gertukoa. Hori da nire helburua, herri txiki batean zaintzaren arloa lantzea, jendearen bidelagun izatea, gertutasunetik».
Fisioterapia ikasketak eta neurologiako espezializazioa Kataluniako hiriburuan osatu eta gero, Iruñean aritu zen lanean, eta baita fisioteraupeta bezala hezkuntzan herriz herri. «Autoan, beti presaka, batetik bestera ibiltze horrek nekatu egiten du, eta hasi nintzen pentsatzen nola egin nezakeen etxetik gertu nire proiektua martxan jartzeko». Burutazio horiekin zebilen garaian Bergaran ari zen lanean, eta bere inguruan jendea ama izaten hasi zenez, zoru pelbikoari buruzko master bat ere egin zuen. «Nire buruari esan nion: ‘Orain da momentua’. Espazio hau libre zegoela ikusi –aurrez denda bat zen–, proiektua pentsatu, obra egin eta lanean hasi. Horrela izan da».
Herri batean errazago
Bikotea Segurakoa du, eta gaur egun Segurako baserri batean bizi da Urkiola. Hori da bere ekintzailetza proiektua landa eremuko herri batean martxan jartzearen arrazoietako bat, baina ez bakarra. Ez du ukatzen erosotasuna ere bilatu duela zentroa bizitokian irekitzea erabaki zuenean, baina herri txikikoa izateak ere izan du eragina, handia gainera: «Agian errazagoa izan zitekeen niretzat Beasainera edo Ordiziara joatea, baina ni gusturago sentitzen naiz txikitasunean. Gustatzen zait txikitasunetik bidelagun izatea, jendearen inguruan egotea, konfiantzazko giroa sortzea, gertutasun hori lortzea».
Haren ustez, tratamendu batek ondo funtziona dezan aurrez aipatu dituen balio horiek egotea nahitaezko zaizkio: «Hori da nire helburu, konfiantzatik eta gertutasunetik lan egitea, eta bidean beharraren araberako laguntza hori ematea. Hori herri batek eman dezake, edo behintzat herri handi batek edo hiri batek baino errazago. Nik horretan sinesten dut».
Herritartasunaren aldeko aldarria egin du berriro. «Nire gurasoak baserritarrak dira, nahiz eta ni ez naizen baserrian bizi izan. Belarretan ibili naiz, baratzean ibili naiz, mendian… Ni hortik nator, hortik heldu naiz, hori da nire oinarria. Beasainen edo Donostian lan egin dezaket, baina seguru nago etortzen den jendearekin egin dezakedan lotura edo harremana ez dela berdina izango. Herri handietako jendearen profila ez da txikietakoa bezalakoa, eta ni behintzat askoz ere gusturago eta seguruago sentitzen naiz herri txikietako jendearekin».
Ez da masaje zentro soil bat
Landa eremuko jendeak halako zerbitzuak herrian edukitzea «eskertu» egiten duela sentitzen du: «Inguruan, gertu, goxo, bertakoa, gertukoa». Bost hitz horiek laburbiltzen dute Loratuz proiektua. Emakume ekintzailea da landa eremuko herri batean. Goierrin halako egitasmo bat irekitzeko asmoa duenari Goimen landa garapen elkartearen atea jotzeko gomendio egin du. «Landa eremuko herri batekoa bazara Goimenera jo. Laguntzak badaude, baina jakin behar da nora jo, behar duzu atzetik babes hori, aholkularitza hori».
Oraingoz, Segurako, Zegamako eta Zeraingo bezeroak ditu batez ere, «inguruko herrietakoak», eta ohiko fisioterapia tratamenduez aparte, bestelakoak ere eskaintzen ditu: «Hipopresibo klaseak ematen ditut zentroan bertan, Ama-fit ere bai haurdun daudenekin, erditze aurreko saioak ere bai eta baita tratamendu neurologikoak ere. Edoskitzean ere espezializatu naiz, azaroan bukatu nuen formakuntza».
Zaintza erdigunean jartzea
Hitzaldiak eta tailerrak ere ematen dituzte Loratuzen. Nutrizioari buruzko bat egin dute, eta emozioen erregulazioari buruzko beste bat ere bai. Horrez gain, Zaldibiako emagin batekin elkarlanean edoskitzeari buruzko tailer bat egiten ari dira Zaldibian. Lehen saioa apirilean egin zuten, bigarrena maiatzaren 16ean dute eta azkena ekainean. «Amen artean behar igoaltsuak sortzen dira, eta helburua da elkar zainduz sare moduko bat sortzea».
Urkiolak argi baitu «zaintza erdigunean jartzea» dela bere proiektuaren funtsa. «Zaintza da guztiaren oinarria. Hona etortzen dena etor dadila bere burua zaintzera, zaindua izateko espazio bat izan nahi du honek. Amek autozaintza egiten dute, hitz egiten dute, egunerokotik deskonektatzen dute, eta aldi berean, beraien buruarekin konektatzen dute». Bidea egiten ari da Loratuz, bidelagun izateko bokazioa baitu.