Uxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria
Kirolak egunero oihartzun eta foku mediatiko handiegia izaten du. Esponentzialki hazten da, gainera, udaberria iristean. Tokiko hedabideetatik hasi eta kirol prentsa deritzenetaraino, ezin kabitu karakteretan eta minututan albiste, emaitza eta kirol agendako kontuak.
Zer jartzen da fokuan eta zer utzi itzalean? Nola eta zein asmoz argitaratzen da albisteetako bakoitza, nork, nondik eta norentzat?
Espainiako Emakumeen Vueltan (8 etapakoa) Demi Volleringek etxeratu zituen maillot gorria eta bi etapa. Emakumeen Itzulia ere berak irabazi du, SD Worx taldeak goitik behera menderatuta; hirutik hiru etapak eurentzat. Ane Santesteban errenteriarrak sailkapen orokorrean 15. amaitu du, 3.arengandik 15 segundora, profesionaletako bere 14. denboraldian. Iaz, Tourrean 8. amaitu zuen. Maiatzaren 18an, bihar, Espainiako Erreginaren futbol kopako finalean Bartzelona ahalguztiduneko Irene Paredes atzelari legazpiar bikainak edo Realeko Elene Lete eta Ane Etxezarreta goierritarrek beste titulu bat lor dezakete. Iragan igandean, Donostian, Bera Bera eskubaloi taldeak zortzigarren kopa altxatu zuen, azken hamarkadan 19 titulu irabaziz. Nerea Pena eskubaloi jokalari nafarrak lesioen erruz orain hilabete iragarri zuen bere erretiroa. Domusa Teknik ISB saskibaloi taldea LF Challenge ligara igo da. Osasunako emakumezkoen futbol taldea F Ligara igotzeko lehian ari da, seigarren aldiz jarraian, eta alde du markagailua Espanyolen aurka. Zerrenda luzea da eta gorengo mailako adibideak apropos hautatu ditut.
Azken egunotan, gugandik kilometro gutxiko erradioan, albistegietan lehen planoan ager zitezkeen albiste batzuk aipatu ditut. Tamalez, ordea, gehiago azpimarratu dira honako hauek: Garbiñe Muguruzak tenisa utziko zuela iragartzean ez zuela jadanik kirolari batengandik espero omen litekeen gorputz itxura eta pisua, gizonezkoen futboleko Txapeldunen Ligako finalistak, gizonen futboleko Bartzelona – Real Sociedad partidako hamaikakoak, Espainiako Futbol Liga Real Madrilek irabazi duela eta ospakizunen kontuak xehe-xehe, Tadej Pogacarrek Giroan daraman bizikletaren xehetasunak, bere masaje emailearen euskal herritartasuna, Jonas Vingegaardek sare sozialetan argitaratutako bizikleta gaineko irudiak, eskuz banakako txapelketako finalerdietako pilota hautaketak, Parisko Olinpiar Jokoetarako diseinatu dituzten sexuaren aurkako oheak, eta abar eta abar.
Zaharrak berri. Betikoa, bai. Etikoa, ez.