Maiatzaren 17an LGTBIQ+ fobiaren aurkako eguna da eta gero eta gehiago dira sexu-genero disidenteak diren gazteak. Goierrin ere badira ugari eta egunerokoan indarkeria mota hau jasaten dute.
Gorka Lazkanok (Beasain, 2005) azaldu duenez, LGTBIQ+fobia «zapalkuntza sozial, sistematiko eta politiko» gisa ulertzen du, eta azken finean, sistemak berarekin dakarren problematika bat dela. Horrez gain, zapalkuntza hau «intersekzionalitatearen logikaren baitan» ulertzen duela aipatzen du, kolektiboa izendatzeko erabiltzen diren hizki horien artean ere «batzuk besteak baino zapalduagoak» direlako. Egunerokoan zapalkuntza hori jasaten duela argi du Lazkanok, eta «eraso fisikoetatik haratago» doazenak direla dio, hala nola, «irainak, begiradak, zailtasun burokratikoak…»
Kolektiboko kide «guztiek» jasan dituztela halako erasoak noizbait aipatzen du eta oraindik jarraitzen dutela erasoak jasaten. Bere kasuan, 16 urterekin gay-a zela esan zuen, baina txikitan jada denetariko irainak jasan behar izan zituen balletean aritzeagatik eta bere lagunak neskak zirelako. Horrez gain, egoera horien aurrean, «ikastetxeen jarrera gogor kritikatzen du» Lazkanok, erasoak «umekeriatzat» hartzen baitituzte askotan. Bestalde, presio sozialak ere eragin handia du eta azaldu duenez, bera ez zen salbuespena izan. Hala, neskekin egon zen gay-a zela esan aurretik. Horrez gain, beti jasan behar izan dute kolektibokoek inguruan definitu behar hori. Lazkanok ondorengo erantzuna dauka galdera horrentzat: «eta zuk, esan duzu noizbait heterosexuala zarela?». Kolektiboko gazteak askotan elkarren babesleku bilakatzen gara. Gaurko egunari dagokionean, Lazkanok argi du zein den mezua: «Borrokatzea da bidea. Gazteok borrokatu beharra dugu sistema zapaltzaile honen kontra eta haiek eta gizarteak ezarritako rol-ak hautsi behar ditugu». Hezkuntzan ere gabezia handia dago arlo honetan, «sare seguruak osatzeko tresna izan baitzitekeen eta kontrakoa eskuratzen baitute» Lazkanoren arabera.
Ikusezintasuna
Beste pertsona batek, bisexual gisa identifikatzen den goierritar gazte batek, lehenik eta behin haien «ikusezintasuna» aipatzen du. Horrez gain, LGTBIQ+fobiaren erantzule nagusi gisa «gizon zisheteroak» jartzen ditu, izan ere, hauek harreman homosexualekiko duten ikuspegia zapalkuntza hauen erroa izan daiteke askotan bere ustez. Aipatzen duenaren arabera, bi gizonen arteko harreman sexu-afektibo bat ikusteak «gaitzespena» eragiten die, baina bi emakumeren arteko harremana «sexualizatu egiten dute» eta haien mesedetara erabiltzen dute, eraso LGTBIQ+foboen ondorio izatera iritsiz haien jarrera hori.
Gizon homosexualen kasuan, jipoiak, irainak eta abar direla eraso ohikoenak dio, baina harreman homosexuala duten emakumeengan begiradak, gizonak gerturatzea eta abar izaten dira ohiko eraso batzuk, bere kasuan behintzat hauek izan dira jasan dituenak, nahiz eta ez du uste egunerokoan erasotzen dutenik. Hala ere, bere bikotearekin maitasun keinu txikiena egiterakoan ere arduratu egiten da inguruan nor duen edo zer pentsa dezaketen pentsatuz, nahiz eta kontziente izan ez litzatekeela arduratu beharko, harreman sexu-afektibo heterosexual bat duen pertsona bat arduratzen ez den bezalaxe. Bi urte hauetan hala ere ahaldundu egin dela uste du eta honelako egoeren aurrean hobeto erantzuteko gaitasuna ikusten duela. Hala ere, argi utzi nahi du ez «dela posible beldurra izatea edo ardura sentitzea» bakoitzak nahi duena egiteko. Amaitzeko, misoginiak eraso LGTBIQ+foboetan duen erantzukizuna eta eragina aztertzekoak direla aipatu du eta egunen batean hauen inguruan hausnartzea «ezinbestekotzat» du jendarte gisa aurrera egiteko.