Erraztiolatza museoko Rafa Berasategik San Adriango koba duela 600 urte nolakoa zen irudikatu du, maketa batean. Aranzadiren indusketa arkeologikoetako datuak erabili ditu birsorkuntzarako. 1474ko espainiarren aurkako ekintza militar bat ere arakatu du artxiboetan.
Jakina da historiaren joanean funtzio, itxura eta eraikin oso bestelakoak izan dituela San Adriango kobak. Aranzadi zientzia elkartea azterketa arkeologiko sakonak egiten ari da bertan, eta kokagune haren garrantzia urterik urte handitzen duen emaitzak etengabeak dira.
Iturri horietatik abiatuta, Segurako Erraztiolatza museoko Rafa Berasategik San Adriango kobaren maketa bat eraiki du. Museoan bertan jarri du ikusgai. Enrique Lekuona zenak egindako marrazkietan oinarritu da; hura, aldi berean, indusketetan ibilitakoa zen. 2019an hil zen, Hondarribian, itsasontzi bat berritzen ari zela erorikoa izanda.
Aranzadikoen datu arkeologikoak, industen ari diren estratuetan, Harri Aroraino iritsi dira. Koba guztia ez dute arakatu, baina haitzuloaren beheko aldean, harrizko plataforma handi bat agerrarazi dute, aldi berean azpian beste plataforma bat duena, ikatz edo materia organiko errearen hondarrekin. Karbono-14 proba eginda, XI. eta XII. mendeetako datazioa eman du.
Nafarroarena zen ingurumari hori guztia orduan, eta historialariek aspalditik susmatzen duten gotorleku handi baten hondakinak izan daitezke, Rafa Berasategiren iritziz: «Leku askotan agertu dira hondar kiskaliak, erretako egurrak, gotorlekuak txikitu eta desagertu zireneko materia organikoa erreta dutenak oinarrian; ekintza biolento baten ondorioz gertatu zelako».
Orain arteko datuen arabera, Berasategiren maketak koba nolakoa izan zitekeen irudikatzen du. «Kobaren barruan gaztelu handi bat zegoen. Micaela Portillak idatzi zuen –XX. mendeko Arabako mediebalista onena zen– erromes batzuk pasatu zirela garai horretan, eta nola esaten zuten ehun soldadu zeudela barruan. Orduan, hori ez zen huskeria. Nafarroa ondoan zeukan, eta Araba eta Goierri guztia kontrolatzen zuen Gaztelak. Hau izan behar zen garai hartan Intxaurrondoko kuartel handi bat bezala, ehun soldadu egoteko».
Aguraingo plazako alkaideak beste agiri batean zioen, San Adrianen 500 lagunentzako lekua zegoela. «Niri asko antxa iruditzen zait hori, baina idatzita utzi zuen», zehaztu du Berasategik.
Harresiak eta eraikin gehigarriak
Izan ere, Gaztelak lurraldeok konkistatu ondoren, Arabako lur modura hartzen ziren San Adrian eta inguruak. «Aialako nagusiaren jabetza bezala azaltzen da, hura zelako Espainiaren erregearen ordezkaria, gobernadore parekoa. Hark saldu zuen gaur egun partzoneria den terrenoa, gehien bat Segurari, eta beste herri batzuei».
Gazteluaz gain, kobaren luze osoan balkoi erako egitura zegoen, altueran. Kobaren barrenean, dozenaka metro beherako, harresia, sarrerako dorre batek zaindua; eta haitz buruan ere beste dorre bat zegoen, aztarnen arabera. Koba barrutik iristen zen goiko gaztelura.
«Aranzadik industutakoan, kaltzada eta arkuaren arrasto batzuk azaldu dira, kobaren erdi aldetik ateratzen direnak. Aurrealde osoa hartzen zuen gazteluak. Itxita egongo zen, baina Nafarroa zen garaitik, seguru asko».
Eraso militarra 1474an
Gaztelu haren garrantziaz artxiboetan ere arakatu du Berasategik. San Adrianen konkista zioen agiri bat topatu zuen, Seguran eta Agurainen. 1474ko otsailaren 10ean ekintza militar bat izan zela kontatzen du, ondorengo epaiketako testigantzetan. Ganboaren aldeko zen Segura, eta bertako bost jaun Arabako beste sei edo zazpirekin elkartu ziren, Gaztelaren esku zegoen San Adriango gotorlekua erasotzeko.
Joan Zerain –Joan Garzia Zerainen semea, Segurako Zerain edo Torrezarra etxekoa–, Joan Ladron de Gebara de Gauna, Gebara etxekoa; Joan Perez Larristegi; Pedro Arretxe eta Joan Lazkano ziren buruzagi segurarrak. Arabakoak, Joan Diaz de Alba, haren iloba Joan; Joan de Sagasti arotza,Harana bailarakoa; Joan Lazkano, Juantxuren semea, Kontrastakoa; eta Martin Zerain semea.
«Gaztelaren soldadu espainiarrak denak handik bidali zituzten, ehundik gora. Pentsa zenbat jende beharko zuten horretarako. Hura ez zen izan oinaztarren eta ganboatarren arteko borroka bat, baizik hemen zeuden euskaldunen eta hor zeuden espainolen aurkakoa. Euskaldunek irabazi zuten borroka hori, eta San Adriandik bidali zituzten».
Epaiketa Agurainen, errebeldian
Gaztelako erregearen erantzuna ez zen berandutu. Armada bidali zuen, erasotzaileen bila. «Familietako denak atxilotu zituzten, Segurakoak eta Arabakoak; propietate denak kendu zizkieten, eta erregea egin zen jabe». Baina ez zituzten aurkitu erasotzaileak eurak, mendira ihes eginda ezkutuan zebiltzalako. «Ohar-orriak jarri zituzten Segurako, Zegamako eta Aguraingo eliza atarietan, informazio eske. Hiru hilabetean ibili ziren atzetik, baina alferrik».
Epaiketa Agurainen antolatu zuten. Ezkutariak eta laguntzaileak besoak eta hankak lotuta lepoa ebakitzera zigortu zituzten; buruzagiak, eskuak lotuta zintzilikatzera. Baina errebeldian zen, hori dena, ez baitzituzten harrapatu. Ordurako, Nafarroara ihes eginak ziren – «herri libre bat zen orduan»–.
«Hau da San Adriango gazteluak daukan historia, eta sekula ez da inon atera. Zer interesak dauden gure benetako historia ez jakiteko! Orduan borrokatu ziren espainiarren kontra, geroko mendeetan altxatu ziren, behin eta berriz. Herri hau aske ez den bitartean, jendea altxatuko da», dio Berasategik.