Ordiziako Urdaneta ikastetxeak 50 urte bete ditu. Urteurrena hilaren 4an ospatu zuten. Urdaneta ikastetxeaz hitz egiteko pertsona egokienetako bat Mabel Cia (Ordizia, 1967) da, ikastetxearen lehen urteetan bertako ikaslea izan baitzen eta 2000. urtetik bertako irakaslea baita.
Urdanetako ikaslea izan zinen.
OHOko 1. mailan etorri nintzen, 6 urterekin, eskola ireki zenean. Eskola auzoarekin batera egin zen eta nire familia auzo honetara etorri zenez… Erdigunetik etorri ginen. Familia gazte asko etorri ziren, seme-alabekin. Ikastetxe bat behar zen eta Hezkuntza eta Zientzia ministerioak Urdaneta eraiki zuen. Maila bakoitzean bi gela zeuden, 30 ikasle ingurukoak. Gela batean neskak geunden eta bestean mutilak. 6. mailan elkartu egiten gintuzten. Ondoren, banaketa hori desagertu egin zen.
Zein zen garai hartako egoera?
Garai hartan eskola publikoa eraikin ezberdinetan sakabanatuta zegoen: erdigunean eraikin bat zegoen, Altamiran beste bat, Santa Anan ere bai… Horretaz gain, bi ikastetxe pribatu zeuden: ikastola eta La Milagrosa.
Urdaneta oso ikastetxe polita da.
Guretzat eskola berri batera etortzea gauza handia izan zen. Gimnasioa, adibidez, oso gauza berezia zela gogoratzen dut. Sekulako gimnasioa dugu: estalita dago, aldagelak ditu… Duela 50 urte hori ez zen ohikoa. Jangela ere hasieratik izan dugu. Sukaldari eta guzti. Izan ere, 6. mailan inguruko herrietako neska-mutikoak etortzen ziren: Itsasondo, Legorreta, Gaintza, Altzaga…
Horretaz gain, ikastetxea zuhaitzez inguratua dago. Toki atsegina da.
Hala da. Ikastetxeko zuhaitzak ikasleekin natura lantzeko baliatzen ditugu. Gelan zuhaitzak eta landareak lantzen ditugunean, ikastetxeko zuhaitzak eta landareak aztertzen dituzte.
Ze mailatik ze mailara ikasten zen Urdaneta ikastetxean?
Haur Hezkuntzatik 8. mailara arte. Baina garai hartan Haur Hezkuntzan 4 urterekin hasten ginen. Nik Haur Hezkuntza erdiguneko ikastetxean egin nuen.
Nola gogoratzen dituzu Urdanetan ikasle bezala eman zenituen zortzi urte haiek?
Oso zoriontsua izan nintzen. Oso oroitzapen onak ditut, bai irakasleenganakoak eta baita ikaskideenganakoak ere. Urdanetan egin nituen lagunetako batzuk nire kuadrillakoak dira. Nire lehen lagunak hemen egin nituen. Oso egoera politak bizi izan nituen.
Irakasleren bat bereziki gogoratzen al duzu?
Asko gogoratzen ditut. Anjel soinketa irakaslea, adibidez. Izan ere, eskola honetan kirolari beti garrantzia handia eman zaio. Bere eskutik saskibaloian jokatzen hasi ginen eta ondoren herri mailako taldea sortu zen. Milagros lengua eta literatura irakaslea ere asko gogoratzen dut, Mari Carmen matematika irakaslea… Horietako batzuk nire lankideak izan dira. Hasieran nire irakasleak izan ziren eta ondoren nire lankideak.
Ba al dago askotan gogoratzen duzun gertakariren bat?
Mallorcara egin genuen ikasbidaia oso garrantzitsua izan zen guretzat. Garai hartan Mallorcara joatea sekulakoa zen. Bartzelonatik Mallorcara itsasontziz joan ginen eta itzulera hegazkinez egin genuen. Garai hartan ez zen batere arrunta itsasontziz edo hegazkinez bidaiatzea. Hori dela eta, bidaia hura askotan gogoratzen dugu. Bestalde, bidaia hura egiteko dirua lortzeko, arratsaldetan dantzatokia egiten genuen ikastetxeko gimnasioan. Herriko neska-mutiko asko etortzen ziren.
Argi dago Urdanetan ikasle bezala emandako zortzi urteak aberatsak eta atseginak izan zirela: irakasle ikasketak egitea erabaki zenuen eta Urdanetan lan egiten duzu.
Txikitatik irakasle izan nahi nuen. Hemen ikasten nuenean, jolas-orduan maisuak eta maistrak izatera jolasten genuen. Hala, irakasle-ikasketak egitea erabaki nuen. EHUn ikasi nuen, Donostian.
Nondik nora ibili zara lanean?
Hasieran ez nuen lanik eta hemengo jangelan lan egin nuen, begirale bezala. Ondoren, ordezkapenak egiten hasi nintzen, Euskal Herrian zehar. 2000. urtean hona etorri nintzen eta gaur arte.
Nolakoak izan dira Urdanetan irakasle gisa emandako 25 urte hauek?
Berehala pasa dira. Haur Hezkuntzako irakasle bezala etorri nintzen eta ondoren zuzendaritzan sartu nintzen. Ikasketa burua izan naiz zortzi urtetan eta bost urte zuzendari. Iaz arte. Egun, berrikuntza arduraduna naiz.
Gustura?
25 urte hauetan oso gustura egon naiz. Izan ere, nire helburua eskola honetara etortzea zen. Urdaneta nire eskola da: beste herri batzuetara joateko aukera nuen, baina nik hona etorri nahi nuen.
Ba al dago bereziki gogoratzen duzun uneren bat?
Haur Hezkuntzara heldu nintzenean oso talde polita eratu genuen. Elkartasun handia genuen. Haur Hezkuntzako oso oroitzapen polita dut.
Asko aldatu al dira hezkuntza eta Urdaneta?
Bai. Ni hemen hasi nintzenean A eredua bakarrik zegoen. Dena gaztelaniaz egiten genuen. Guraso talde bat elkartu egin zen eta B eredua jartzea eskatu zuen. Klaustroak onartu egin zuen eta 1981-1982 ikasturtean jarri zuten. Ondoren, klaustrokideek D eredua ezartzea posible zela ikusi zuten. 1985-1986 ikasturtean jarri zuten, gurasoekin adostuta. Bestalde, egun eskola guztietan 2 urtekoen gelak daude, baina lehen ez zen hala. Hemen guraso elkarteak jarri zuen, 1987-1988 ikasturtean. Bi irakasle bilatu zituzten eta kontratuak egin zizkieten. Ondoren, Hezkuntza sailak bere gain hartu zuen.
Beste mugarririk?
1992-1993 ikasturtean Amara Berri sistema ezarri genuen. Klaustroak, zegoen metodologiarekin garai hartako aniztasunari ezin zitzaiola erantzun on bat eman ikusi zuen. Hala, metodologia ezberdinak aztertu zituzten eta, asko begiratu ondoren, Amara Berri sistema jartzea erabaki zuen. Amara Berri sistemak sekulako aldaketa ekarri zuen. Ikaslea erdigunean jarri zuen eta jolasa da gure oinarria. Umeek jolasten ikastea sekulako iraultza izan zen. Irakasleen papera asko aldatu zen. Protagonistak izateari utzi eta gidariak izatera pasa ginen. Eta ordutik ikasleek ikastetxearen antolamenduan parte hartzen dute. Familien parte hartzea ere handitu egin zen. Amara Berri sistemarekin jarraitzen dugu, baina ordutik hona asko aldatu da. Izan ere, une oro gizarteari egokitu beharra dugu eta erronka berriei erantzuna eman. Baina filosofia eta printzipio metodologikoak hor daude. Horretaz gain, gure eskolak proiektu asko garatu ditu.
Adibidez?
Eleaniztasunerantz proiektuan sartu ginen 2011-2012 ikasturtean, Hezkuntza sailak mahai gainean jarri zuenean. Lehen Hezkuntza osoan ikasgai bat ingelesez ematen hasi ginen. Bestalde, 2010-2011 ikasturtean K Kalitate Hezkuntza ziurtagiria lortu genuen. Hori lortzeko egin beharreko lanak, eskolaren antolamenduan asko lagundu zigun. Gaur egun, proiektu ezberdinetan jarraitzen dugu. Aurten, Haur Hezkuntzan Baso Eskola proiektua martxan jarri dugu. Haur Hezkuntzako patioa berritu dugu. Eta aurtengo beste erronka handi bat Euskal Eskola Publikoaren jaia antolatzea da. Ekainaren 2an izango da.
50. urteurrena dela eta eskatu al duzue?
Urteak generamatzan antolatu nahirik, baina pandemia heldu zen. Urtero lurralde batean egiten da eta txanda pasa zitzaigun. Gipuzkoara itzuli denean, berriro eskatu dugu eta 50. urteurrenarekin kointziditu du.
Nola ikusten duzue etorkizuna?
Ilusioz eta gogotsu gaude, baina administrazioak ez ditu zerbitzu publikoak asko babesten: ez hezkuntza eta ez osasuna. Baina guk babesa behar dugu. Jaiotze tasa geroz eta txikiagoa da eta, seguru aski, eskola batzuk itxi egingo dira. Nortzuk izango gara? Publikoak? Itunpekoak? Pribatuak? Gure ustez eskola publikoak ardatza izan behar du. Kalitatezko doaneko hezkuntza bermatzen du. Ez dakit zer gertatuko den, baina guk lanean jarraituko dugu, gogotsu.
Zeintzuk dira zuen erronkak?
Ikasle guztien arrakasta eta ongizate emozionala lortzea, ikasleak euskalduntzea eta euskara maite dezaten lortzea, baloreetan heztea (ez bakarrik eguneroko harremanetan, baita mundu digitalean ere), ingurumenaren errespetuan heztea eta familia guztiak ikastetxeko komunitatearen partaideak sentiaraztea.
Zenbat ikasle ditu egun Urdanetak?
600 ia. Lehen Hezkuntzako 6. mailara arte ematen dugu. Ondoren, Oianguren institutura joaten dira.
Zer ekarpen egin dio Urdanetak Ordiziari?
Ordiziak eskola publiko bat izatea. Guztiona eta guztiontzat, doan. Hori oso garrantzitsua da. Gainera, euskalduntze prozesuan lan handia egin dugu. Batez ere azken 10-15 urteetan. Izan ere, Ordizia asko aldatu da eta gure eskola herriaren isla da. Ordiziara familia asko etorri dira atzerritik eta familia horien seme-alaba gehienak gure ikastetxean daude. Euskalduntzen eta euskara maite dezaten saiatzen ari gara. Euskaldunak eta ordiziarrak sentitzea nahi dugu. Hori da gure helburu garrantzitsuenetako bat. Baina familia horietako seme-alaba gehienak gure eskolan izateak desoreka sortu du bi eskolen artean. Administrazioari desoreka hori ekiditeko neurriak hartzea eskatu diogu. Horretan gaude. Gure eskolan eta herrian dugun erronka garrantzitsu bat da.
Zer da zuretzat Urdaneta ikastetxea?
Nire eskola dela esaten dut beti. Sentimendu hori dut. Hemen ikasi nuen, nire helburua hemen lan egitea zen eta oso pozik nago hemen. Hemen jubilatuko naizela pentsatzen dut. Eta jubilatu ondoren ere laguntzen saiatuko naiz.
Haur Hezkuntzako eraikin zaharra
Mabel Ciak Urdaneta ikastetxearen ibilbidea hasiera-hasieratik ezagutzen du eta eskolaren bilakaeraren lekuko izan da, bai metodologiari dagokionez eta baita eraikinari dagokionez ere. Argazki bat aukeratzeko eskatu zaionean, bi hautatu ditu: Haur Hezkuntzako eraikin zaharra eta Haur Hezkuntzako eraikin berria. Izan ere, bi eraikin horiek oso garrantzitsuak izan dira ikastetxearen historian eta baita Ciaren bizitzan ere.
Bi eraikinak ikastetxearen bilakaeraren erakusle dira. «Eskolan egon diren aldaketak erakusteko aukeratu ditut bi argazki horiek. Haur Hezkuntzako eraikina txiki gelditu zen eta haurrak eraikin zahar horretara eraman behar izan genituen».
Sare publikoak Ordizian zehar hainbat eraikin zituen, eta argazkikoa horietako bat da. Behin-behineko erantzuna emateko balio zuen, baina ez zegoen garaiko beharretarako prestatua. Hala, bota egin zen eta toki berean egungo Haur Hezkuntzako eraikina egin zuten. Hasieran bi solairu zituen eta ondoren hirugarrena gehitu zitzaion.
Argazkiko eraikina eta egungoa oso bereziak dira Ciarentzat. «Praktikak eraikin zaharrean egin nituen eta lanean berrian hasi nintzen», oroitzen du ordiziarrak.
Haur Hezkuntzan eman zituen urteak kariño bereziarekin gogoratzen ditu. «Haur Hezkuntzara heldu nintzenean oso talde polita eratu genuen. Elkartasun handia genuen. Haur Hezkuntzako oso oroitzapen polita dut».
Elkartasunak eta lanerako gogoak bere fruituak eman ditu. «Maiatzeko lehen asteburuan Urdaneta ikastetxearen 50. urteurrena ospatu genuen eta festan jende asko elkartu zen. Horietako asko, gazteak. Oso hunkigarria izan zen. Pertenentzia sentimendua lortu dugu eta horrek sekulako poza ematen dit», amaitu du.