XIX. mendeko azken laurdenean Espainiako aldizkari satirikoek izugarrizko bilakaera eta zabalkuntza lortu zuten. Egoera politiko nahasi hartan aurkituko ditugu karikatura zorrotz eta ikusgarrienak. Epe bateko gertaerak, ohiturak eta pertsonaiak ezagutzeko beste modu bat da garai hartan zertaz trufatzen ziren ikustea. Umorearen bitartez askotan beste erara nekez esan daitezkeen gauzak esateko aukera aprobetxatu baitzuten karikatura hauen egileek.
Alboan agertzen den karikatura 1870eko otsailean argitaratu zen Bartzelonako La Flaca aldizkarian. Irudiak Espainiako tronua lortzeko Borboi familiaren borrokak adierazten ditu XIX. mendean zehar. Ezkerreko koadroan Fernando VII.a bere aita Carlos IV.arekin borrokatzen da, mende hasieran Napoleonen itzalpean gertatu zen bezala. Eskuinekoan, berriz, Carlos Maria Isidro eta Fernando anaiak borrokan ikusten ditugu, mende guztian zehar luzatuko diren Karlistaldien sorreran.
Irudi nagusiaren erdian Isabel II, tronua galdu berritan, bere koinata Montpensierreko dukea, Frantziako azken erregearen semea eta Espainiakoa izateko ahaleginean konspiratzailea arerio duela. Borroka honen iskinetan, ezkerrean Carlos VII, karlisten erregegaia eta eskuinean Isabelen semea, etorkizuneko Alfonso XII, Borboi familiaren gatazka honen garailea izango zena.
Zumalakarregi museoak XIX. mendeko aldizkari satirikoen bilduma polita du eta Lizarrako Karlismoaren Museoaren laguntzaz “Carliscaturas” aldi baterako erakusketa antolatu du, Cesar Oroz ilustratzailearen irudiekin. Datorren maiatzaren 22tik aurrera ikusgai Ormaiztegin.