Maiatzaren 6an izan zen Nestor Basterretxea artista jaio zeneko mendeurrena (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014). Txillidaren kasuan ez bezala Goierrirekin odolezko loturarik ez bazuen ere, haren obraren bitartez uztartu zaio eskultore bermeotarra bailarari. Arriarango urtegia (Beasain) apaintzen duen eskultura erraldoia da lanik ezagunenetakoa eskualde honetan. Baina Seguran ere badu oinordetzarik.
Arriarango urtegiko euste-hormarako bi eskultura asimetriko handi diseinatu zituen Basterretxeak. Hormigoizkoak dira, 24 metro garai –presak berak 57 metro ditu–, eta 31 milioi pezeta kostatu zen. 1994ko uztailaren 28an inauguratu zuten urtegia, eskulturak barne.
Segurarekin, berriz, Euskal Herriko Dantza Txapelketarekin harremandu zen. 1977an, Guillermo Areizaga sortzaileak Basterretxea lagunari eskatu zion garaikurra egin zezan. Txapelketa hiru urtean jarraian edo bost urteko epean hiru aldiz irabazten duenari jabetzan ematen diote, beraien herriko udaletxean jartzeko. Kurioski, denak Goierritik kanpora joan dira.
2009an, Segurako Udalak ordura arteko garaikur guztien kopiak eginarazi zituen, herrian gordetzeko. 2010ean erakusketa bat jarri zuten zazpi pieza haiekin; bertan izan zen Basterretxea. Beti musutruk eman zituen lanak.
Eskultura bat ere badago Segurako frontoi zaharrean, 2003an jarria. Segura, erasotzaileengandik libre bizitzearen alde borrokatu zutenen omenez altzairuzko lana sortu zuen.
Sorburua Goierrin duen Gure Esku Dagoren logotipoa ere diseinatu zuen.
Paperetik harago igaro ez zirenak
Izan zitekeena, baina azkenean gorpuztu ez zena, Urretxu eta Zumarraga arteko Urola ibaiko estalkirako 1994an deitutako lehiaketakoa izan zen. Jose Ramon Anda nafarraren Goruntz aukeratu zuten orduan, baina Basterretxeari ere eskatu zioten proiektu bat. Legazpiko herriari ere aurkeztu zion burutu ez zen beste proiektu bat, 1999an: Legazpi, Gipuzkoako ingudea obra plaza berrituan kokatzeko asmoa erabili zuten.
Gorputz eta arima, eskultorea bera 1997ko ekainaren 29an izan zen Zumarragan, Jorge Oteiza lagunaren Itziar lanaren inaugurazioan (trenbide gaineko lubakian dago). Beste behin, Ordizian 2013ko Artzain Egunean, nahiz eta omenaldia jasotzeko gonbidatuta zegoen, ezin izan zuen etorri, osasun patalagatik. Lemniskatak, hil ondorengo omena egin zion, 2015ean, artea, zientzia eta ura uztartu zitueneko jardunaldiekin.
Horietan da Basterretxea Goierrin.