Edurne Huesa Otegi • Landarlan Ingurumen Elkartea
2003an, Lazkaoko Gerriko Ikerlan-Bekak Bisoi europarra, mundutik desagertzeko arriskuan dagoen karniboroa Goierrin ikerlana (I. Irizar, J. Gonzalez, I. Villate eta N.A. Laskurain) argitaratu zuen eta horren ondorioz, bisoi europarra Goierrin egoera larrian bizi zela jakin genuen, batez ere Agauntza eta Eztanda erreketan eta Oria ibaiko hainbat gunetan. Horrez gain, urte berean Eusko Jaurlaritzak desagertzeko arriskuan dauden espezieen kategoriara pasa zuen bisoi europarra, bere egoera larria aintzakotzat hartuta.
Gaur egun, hiru azpipopulazio baino ez dira bizi munduan: Europako ipar-mendebaldean (Errusia, oso eremu mugatuetan), Europako hego-ekialdean (Danubio eta Dniesterren deltak, Errumanian eta Ukrainan) eta Europa mendebaldean (Espainiako estatuko iparraldean eta Frantziako estatuko hego-mendebaldean). Denek XIX. mendearen erdialdetik %95etik gorako murrizketa jaso dutela kalkulatu dute.
Eta orain jakin berri dugu 142 bisoi europar inguru baino ez direla bizi Espainiako estatuan eta, beraz, espeziearen egoera kritikoa dela, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (Miteco) datuen arabera. 2000 urtean, 1000 ale inguru ziren, beraz, gaur egun %95 gutxiago estimatzen dira espainiar estatuan ere. Ikerketa horretan, Araban, Aragoin, Burgosen, Errioxan eta Nafarroan bisoiaren aztarnak aurkitu dituzte. Horren arabera, ondorioztatzen dugu Gipuzkoan eta Goierrin ez dutela alerik aurkitu; oso, oso albiste txarra.
Hala ere, WWF, nazioarteko erakunde kontserbazionistak Trantsizio Ekologikoaren ministroari Autonomia Erkidegoekin batera larrialdi plana abiatzeko eskatu dio neurri hauekin:
-
- Bisoi amerikarraren kontrola, berehalako eta urgentziazko bisoi amerikarren granjen itxierarekin.
- Animaliak itxian haztea eta natur ingurunera askatzeko prestaketak bultzatu eta hobetzea.
- Espeziearen jarraipen aldizkakoa eta koordinatua, lehentasunezko ekintzak zehazteko.
- Ibaien lehengoratze integrala, oztopoak desagertaraziz, emari ekologikoak eta ibaiertzeko landaredia berreskuratuz.
- Sentsibilizazio eta komunikazio plana, mehatxatutako espeziea eta bere bizitokia kontserbatzeko garrantzia ezagutaraziz.
Eta antzeko egoeran aurkitzen da muturluze pirinearra. Bere biziraupena ziurtatzeko, bisoi europarra bizirik irauteko neurri berberak aplikatu behar dira, bisoi amerikarraren kontrola eta habitataren berreskurapena.