Gaizka Oiartzabal • Tabernaria eta musikazalea
Orain urte batzuk, pandemiaren erdian, Kultur Aterkia sortu genuen. Denok gogoratzen ditugu egun eta hilabete beltz haiek, eta espresuki kolore pixka bat emateagatik egin genuen.
Egin genuen herriko artisten artelanekin erakusketa eta kalean egon ziren ikusgai mundu guztiarentzat. Ondoren Eitzara eraman genituen. Herriari bizi pixka bat eman genion eta baita Eitzari ere.
Hurrengo urtean egin genuen lehenengo jaialdia herriko artistak eta kanpokoak uztartuz. Bi egun eder izan ziren eta Willis Drumond eta Andoni Ollokiegiren emanaldiek zapore oso ona utzi ziguten. Plazer hutsa izan zen Maddi eta Uxue bizilagunak oholtza gainean ikustea.
Aurten ere baditugu planak, eta ez dira musika emanaldiak bakarrik izango. Baina aurreko urteko lehen jaialdiari eustea erabaki dugu, eta aurten egun bakarra izango bada ere, jendeak sorpresaz eta ilusioz jaso du berria. Baita bertan egongo diren taldeak zeintzuk izango diren jakitea ere.
Aurten Lin Ton Taun eta Tapia eta Leturia band izango ditugu. Ez da erraza izan kontuan edukita Tapia 11 musikarirekin etorriko dela eta data zehaztea kostatu zaigula. Eta aurten ere herriko artista bat izango dugu oholtzan, beraz, lehenengo urteko helburuari eustea lortu dugu.
Esfortzu ekonomiko handia dago horren atzetik eta sarrerak salgai jarri ditugu entradium-en, beti bezala. Motz eta Buhame tabernetan ere salgai izango dituzue hemendik ekainera bitarte. Jaialdian bertan ere erosteko aukera egongo da eta baita bertan afaltzekoa ere.
Lan asko egongo da egunean bertan, eta lan hori zuen asistentziarekin konpentsatzea da gure asmoa. Pozgarria izaten da herria dantzan ikustea, beraz, segi dezagun dantzan euria ari badu eta bestela ere bai.