Marokoko Tetuan hirian jaio zen Mounir Ziani, 1985ean. Sei urterekin, Ormaiztegira etorri zen bere amarekin eta bost anaia-arrebekin. Haien aita jada bertan zegoen bizitzen. Lehenengotariko marrokiarrak izan ziren herrian.
Marokotik Euskal Herrira. Zehazki, Tetuan hiritik Goierri eskualdera etorri zen Mounir Ziani ume zela. Ormaiztegin bizi zen haren aita. Urte batzuk lehenxeago etorria zen, eta behin etxea eta lana lortu zituenean, familia osoa etorri zen bertara bizitzera: ama eta sei seme-alabak, lau neba eta bi arrebak. Mounir-ek, sei senideen artean laugarrenak, sei urte zituen lehen aldiz Ormaiztegi zapaldu zuenean. Harrezkero bertan bizi da, eta urtero joaten da oporretan Marokora.
Ondo gogoratzen du Ormaiztegira iritsi ziren lehen eguna. Mounir-ek berak azaldu duenez, uda zen, abuztua, eta hutsik zegoen herria: «Iritsi ginenean jendea oporretan zegoen eta ez zebilen inor kalean. Pentsatu nuen, nora etorri ote gara», azaldu du barre artean. Haren aita Ormaiztegin zeraman bizitzen denbora bat, baina ezer gutxi zekiten Euskal Herriaz eta euskaraz. «Aitak ez zekien euskaraz, ezta ia gaztelaniaz ere, hala moduz moldatzen zen».
Ormaiztegiko herri eskolan ikasten hasi zen hurrengo ikasturtean Mounir, irailean. Euskara ez zekienez eta ingurura eta kulturara egokitzen hasteko prozesua errazteko asmoz, Haur Hezkuntzan berrekin zion ikasketa prozesuari, bera baino urtebete gazteagoak ziren haurrekin batera. Klase partikularretara ere joaten hasi zen egokitzapen prozesua osatzeko.
1985ean jaioa, sei urte egin zituen Marokon, eta ondorengo urteak, hogeita hamabi, Ormaiztegin eman ditu. Hala, ormaiztegiarra da, «bertakoa hangoa baino gehiago», baina baita marokoarra ere. «Erdi ormaiztegiarra, erdi marokoarra» dela dio. Euskara aspaldi ikasi zuen eta euskaraz bizi da, ia bizitza osoa baitarama bertan eta sei urte zituenean ikasten hasi zenetik euskaraz egin baitu bizitzaren zati handiena.
Hasiera hartan, euskara ulertzen ez zuenean, berataz barrezka ari ote ziren pentsatu izan zuen noizbait, ezjakintasuna eta «ulertezintasuna» medio, baina ez zuen arazorik izan hizkuntzarekin orokorrean. «Nahiko azkar» ikasi zuen. Adinak ere lagundu zuen horretan, azaldu duenez, «memoria hutsik» zuelako: «Umetan, edonola elkar ulertzen duzu, jolasean, eta gainera erraztasuna izaten duzu gauzak barneratzeko, helduagoa zarenean baino. Kasu horietan hizkuntza ez da arazoa».
Bizi oso bat Ormaiztegin
Ormaiztegira iristean, «zerotik hasi behar» izan zuten. Pixkanaka hizkuntza, ikasketak, lagun sarea osatzen joan ziren. Gaur egun, hiru hamarkadaren ondoren eta aspalditik bertan egonkortuta eta integratuta, bere familia osatu du Mounir-ek. Lau urteko alaba baten aita da. Euskaraz egiten dute etxean. Alabaren ama hizkuntza da: «Aurrena euskaraz egingo diogu, lagunekin ondo komunikatzeko. Ondo ikasten duenean, arabiera sartuko diogu pixkanaka ikas dezan eta etorkizunean ez dezan esan ‘nire gurasoek ez didate erakutsi’».
Hiru hizkuntza hitz egiten ditu erraztasunez Mounir-ek: euskara, arabiera eta gaztelania. Gurasoekin eta senideekin arabieraz egiten du, eta lagunartean eta alabarekin zein emaztearekin euskaraz. Baita lanean ere. Txoferra da, Lurraldebuseko autobus gidaria.
Marokora bisitan
Marokora urtero joan ohi dira oporretan. 1991n Ormaiztegira etorri ziren sei senideetatik zaharrena han bizi da. Etorri eta hiruzpalau urtera hara ezkondu zen, eta han gelditu. Bere jaioterria izanda ere, «turista bat gehiago» da bisitan joaten denean. «Askotan ‘espainolak zarete’ esaten digute han, eta guk ezetz, euskaldunak garela. ‘Portugesaren antzekoa da’ euskara, eta guk ezetz, oso diferentea dela. Orokorrean ez dute Euskal Herria ezagutzen».
Aniztasunaren adierazle
Migrazio fluxu orok bezala, gora beherak izan ditu Ormaiztegin bizi diren atzerritarren kopuruak. Eustaten arabera, 2015-2017 artean, Magrebeko Herrialdetako 62 lagun bizi ziren bertan; egun, 28 dira. Mounir etorri zenean, «lehenengotariko atzerritarrak» izan ziren herrian: «Bizpahiru portugaldar zeuden, baina marokoar bakarrak gu izango ginen». Hori «aukera» bat izan zen berarentzat, hizkuntza ikasteko beharra izan zuelako harremanak sortu ahal izateko: «Zure hizkuntza bera hitz egiten duen talde bat badago, agian haiekin elkartuko zara, baina gure egoeran nahi eta nahi ez ikasi behar genuen eta integratu behar ginen». Dena den, zailtasunak zailtasun, hizkuntza ikastearen garrantzia nabarmendu du: «Askok esaten dute zaila dela; zaila ez, ez zara saiatu ere egin».
Gaur egun, atzerritar jatorria duten 130 lagun bizi dira Ormaiztegin. Aniztasun horren adierazle da ekainean antolatzen den Kulturarteko Festa. Jatorri ezberdinetako plateren dastaketak, zuzeneko musika, jatorrizko jantzien desfileak eta dantzak izaten dira. Iaz bosgarren edizioa egin zen, Burgos, Nigeria, Maroko, Extremadura, Senegal, Kolonbia, Kuba, Venezuela, Madril, Ekuador eta Euskal Herriko ordezkaritzekin. Marokoko taldea talde handia da. Mounir-ek ez du parte hartu, baina ez du alboratzen etorkizunerako: «Beteranoak ibiltzen dira eta gustora ibiltzen dira. Erreleboa behar denean agian parte hartuko dugu». Ormaiztegin gustora bizi da, «herri txikiaren lasaitasunean». Kasik bizitza osoa darama bertan eta bertan segiko du: «Herria ezagutzen joaten zara, jendearekin harremantzen. 32 urte eta segitzeko asmoz».
- 1.231 biztanle daude erroldatuta Ormaiztegin, eta Gipuzkoako jatorria dutenak dira gehienak.
- 130 atzerritarrak dira. Biztanle guztien %10,60 dira. Hainbat jatorritakoak dira.
- 28 Magrebeko Herrialdetakoak dira multzo handiena. Europako Ekialdekoak dira hurrengoak, 21.