Mikel Egiguren Imaz • Ataun
Terraza izan da gure aitona-amonen eta bere biloben elkargunea. Bertan entzun nion amonari esaten terrazako putzutxoei begira: ‘ebi tantanak lurren kontra eitteakon ponpoiloa atatzen donen, luzerako daukeu ebie’.
Gure jaiotetxeko terrazatik dagoen ikuspegia beti egongo da nirekin. Edozein tokitan nagoela ere, errepidearen baitan lerrokatutako Arrondo auzoko etxeak, Agauntza erreka ederraren etengabeko emariaren ondoko baratza eta soroak, eta ezker-eskubi eta pare-parean mendiak; ezkerrean Ustatxo gaikaldeko artez betetako arkaitz malkartsuak, eskubitan Gartza inguruko zelai aldapatsuak eta aurrez aurre Markesaneko pagadi zabalak, Nafarroarekin muga egiten duen gaikaldeak lurraren eta zeruaren muga ere ederki zehaztuz.
Horixe zen txikitan etxeko atetik ateratzerakoan ikusten zena, ikuspegi hori laino eta euri lanbro fineko kortina batekin ikusten bazen ere batzuetan, besteetan eguzki gozoaren arnasa beroarekin, eta oso gutxitan (eta geroz eta gutxiagotan), elurraren zuritasunarekin. Terraza izan da gure aitona-amonen eta bere biloben elkargunea. Bertan entzun nion amonari esaten terrazako putzutxoei begira: ebi tantanak lurren kontra eitteakon ponpoiloa atatzen donen, luzerako daukeu ebie. Eta terrazako aulkietan eserita geundela, aitonak nire buruko ilean (orduan ilea neukan, bai) arropak zintzilikatzeko erabiltzen genituen pintzak jartzen zizkidan, min sentsazio gozo bat eraginez.
Terraza da gure etxeko harrera gunea. Han egon izan gara hizketan eta tertulian, bertan jolasten eta errepidetik igarotzen diren auto, txirrindulari eta oinezkoei begira; familiakoen bisitak zeudenean ere, hantxe egiten genuen lehenengo ongietorria. Hantxe erabakitzen genuen, hizketagaiaren edukiaren eta garrantziaren arabera, umeak inguruan egon behar ziren, etxe barrura sartu behar ginen edo erreka igaro eta paseo bat emanez jarraitu behar ote zuen hizketaldiak.
Terrazatik behera doazen eskilarak dira herrira joateko abiapuntua. Hori zen lehen erabakia hartu beharreko tokia. Gora eginda, Arrondo auzora egiten genuen, auzokideengana ziurrenik, Rafaelene aldera bidean agertzen zenarekin hizketaldiren bat eginez, iturrian ura hartzera, edo Gaztiñaerre aldera buelta bat ematera. Behera eginda, ordea, Astiarra aldera, edo eskolara ikastera edo jolastera, edo San Martin plaza aldera lagunekin egotera edo erosketak egitera.
Eta hirugarren aukera bat ere bagenuen, erreka gurutzatzea etxe ondoko zubitik eta gure etxean Intxaurtxiki deitzen diogun tokira joatea, edo Soroaldera, edo Musa errekaren ondotik, Dorrontso aldera. Beste bi aukeretan jende gehiagorekin topo egiten zenez, lasai ibiltzeko gogoa edukiz gero, hauxe zen, zalantzarik gabe, aukera onena.
Zenbat pausu eman ote ditugun eta zenbat burutazio ibili errekaz beste aldeko paraje horietan! Erreka gurutzatu ondoren, Musa errekaren aldameneko bidetik gora igo eta Dorrontso aldetik Ataungo domoaren eta herriaren ikuspegi ederrak, ideiak ordenatzen eta lasaitzen zenbat laguntzen duten! Zeinen ederra eta beharrezkoa den atzera itzultze hau, aurrera egiteko.