‘Nina’ filma Goierrira iritsi berria da. Eneko Gutierrez Lavandero legazpiarrak (Bilbo, 2001) bertan egin du lan, aktore gisa. Zinemaren munduan murgildu den lehen aldia da, eta hain txundituta dago, bertan jarraitu nahi duela lanean. Magia emanaldiekin uztartuko du lana.
Lanpetuta zabiltza jaialdiak, aurrestreinaldiak eta estreinaldiak tarteko.
Maiatzean urtea bete da Nina-ren filmaziotik, eta azken asteak oso biziak izan dira. Lehenengo Malagako zinema jaialdian izan ginen, eta kritikaren saria irabazi genuen. Gero aurre-estreinaldiak Donostian, Bilbon, Madrilen, Valladoliden, Las Palmasen, Iruñean… eta ni ere egon naiz batzuetan. Azkenik, estreinatu da zinema aretoetan, eta Goierrira ere iritsi da.
Magoa zara, eta orain aktore?
Ni berez magoa naiz, baina Donostiako interpretazio eskola batean hasi nintzen, magia ikuskizunetarako interpretazio teknikak ikasteko eta taula gaineko jarduna hobetzeko. Ikuskizunetan magia trukoak egiteaz gain, gustatzen zait istorio bat garatzea, eta clown teknika erabiltzen dut batez ere. Horixe hobetzeko joan nintzen interpretazio eskolara. Eta han hasita, mundu horrek liluratu egin ninduen. Aurretik gustuko nuen, baina orain, gehiago.
Nola sortu zitzaizun Nina filmean parte hartzeko aukera?
Iaz, eskolako bigarren ikasturtean, urtarrilean egin genuen erakustaldiaren ondoren, deitu egin ninduten esateko gustuko zutela nola lan egiten nuen eta filma bateko pertsonaia baten profilekoa nintzela, fisikoki behar zutena, alegia, eta ea interesatzen zitzaidan lan egitea bertan. Baietz esan nuen, noski.
Beraz, bat-bateko kontua izan zen.
Bai. Gainera, berehala hasi behar genuen lanean. Andrea Jaurrieta zuzendariarekin elkartu nintzen, eta haren baiezkoaren ondoren, aurrera.
Zer kontatzen du Nina-k?
Mendeku bila jaioterrira itzultzen den emakumea da Nina. Maletan eskopeta hartuta iristen da, Pedrok gaztaroan egin zionari kontu hartzeko. Baina iraganarekin egiten du topo. Western bezala sailkatu dute, thrillerra ere bada.
Eta zer paper egin duzu zuk?
Filma bi garaitan garatzen da, 2023an, eta 1993an, eta nik bi pertsonaia egiten ditut. Garaikidean, Ninaren gaztaroko laguna den Blasen Braulio semea naiz, eta iraganean, Blas bera naiz gaztea zenean. Paper politak dira, baina nirea errepartoko aktore lana da. Protagonistak Patricia Lopez, Dario Grandinetti eta Iñigo Aranburu dira, Nina, Pedro eta Blasen paperetan.
Aurretik lan eginda zinen aktore gisa?
Eskolako erakustaldietan bakarrik. Urtean bi egiten ditugu, urtarrilean eta maiatzean. Ikasitakoa erakusteko errepresentazio bat da, taldekoa, publikoaren aurrean egiten dena. Joan den astean egin nituen bi, azkenak, hirugarren eta azken maila bukatzen ari naizelako, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Hortik aparte, sekula aritu gabea nintzen, hau da nire lehen lan profesionala.
Hori ez da oso ohikoa izango, ezta?
Egia esan, ez. Aurretik ez dut film laburrik egin, ez dut ordezkaririk… Bat-batean, pauso horiek guztiak saltatuta Nina-ren mailako filme batean lan egitea ez da ohikoa, eta gutxiago oraindik Malagako jaialdira joatea, Madrilgo aurkezpena, Espainia osoko zinema aretoetan ikustea… Ikaragarria da.
Eta zer sentitzen da horra iritsita?
Gauza asko: poztasuna, urduritasuna, sinesgaiztasun pixka bat ere bai… Sentimendu kontrajarri asko dira.
Zer izan da politena?
Filmazioa ikaragarria izan zen. Iazko apirilean egin genituen entseguak, eta maiatzean eta ekainean Mundakan (Bizkaia) egon ginen filmatzen. Lana polita izan zen, eta jendea ezagutzea ere bai. Hura bukatu eta aurtengo urtarrilera arte ez dugu filmaren berririk izan, Andrea Jaurrietak mezu bat bidali zigun arte, esanez Malagara joan behar genuela. Orduan jabetu nintzen proiektua errealitate bihurtu zela. Malagakoa ikaragarria izan zen, eta hantxe maitemindu nintzen zinemaz, pelikula lehen aldiz ikusi nuenean, eta neure burua pantailan… Hango giroa ere asko gustatu zitzaidan: aktoreekin eta jende askorekin egotea, alfonbra gorria, autografoak, gaueko festak… horrek adrenalinaz betetzen zaitu. Ondoren egindako aurre estreinaldiak ere zirraragarriak izan dira, batez ere Madrilgoak. Hala ere, espektakuluarena eta glamourrarena da gutxien geratzen zaizuna. Askoz ere politagoa izan zen egun osoko fimaketa lana eta haren ondorengo emaitza pantailan minutu gutxitan laburtuta ikustea, taldeko lan hura, edo taldearekin berriz elkartzea.
Zein da zure asmoa orain?
Mago izaten jarraituko dut, baina zinemak erabat liluratu nau eta lanean jarraitu nahi dut hor. Hasi naiz prestatzen profesionalki lan egiteko. Biak bateragarriak dira. Lehenengo filmerako egin behar nuen guztia bigarrena lortzeko egiten ari naiz orain, eta ordezkari bila hasita nago. Ea zer datorren.
Nolako lana nahiko zenuke? Zein erregistrotan ikusten zara?
Txikitan nahiko pailazo eta teatrozale nintzen, beti izan dut argi mundu horretan jardungo nuela. Mago bihurtu nintzen, baina komedia eta clown landuta batez ere, eta bat-batean drama ilun eta odoltsu batean sartzen naiz Ninan. Pertsonaia dramatikoa da nirea, eta asko landu behar izan dut, baina gustura geratu naiz, ikusi dudalako beste erregistro batzuetan lan egiteko ere gai naizela. Denerako prest nago, ez dut beldurrik drama bati, komedia bati edo dena delakoari heltzeko.
Eta lan hori iristen den bitartean, zer?
Magiari helduko diot berriz ere, hainbat emanaldi ditut lotuta datozen asteetarako. Alde batera utzita izan ditut Ninaren estreinaldiagatik eta interpretazio eskolako ikasturte amaierako emanaldiagatik, eta gogotsu nago. Formazioarekin ere jarraituko dut, eta ikastaro laburrak egin nahi ditut interpretaziokoak, magiakoak, clownekoak… Zuzendaritza ere landu nahi dut, filme labur bat zuzentzen lagunduko dot lagun bati. Zineman ikusi dut oso polita dela kameraren aurrean egotea, baina atzekoa ere ezagutu dut eta asko gustatu zait. Andrea Jaurrietak egindako lana ikusteak zuzendari izateko motibatu nau.
Hori guztia Legazpitik egin nahi duzu?
Hemen oso gustura eta eroso nago, familiaren eta lagunen babesean, eta ikastaroren bat edo beste Madrilen edo Bartzelonan egiteko asmoa badut ere, hemen jarraituko dut. Nire asmoa da Euskal Herrian lan egitea, euskaraz eta gaztelaniaz, baina batez ere euskaraz.
Ba al dago euskal zineman lan egiteko aukerarik?
Bai, proiektuak ateratzen dira pixkanaka. Ni baikorra naiz.