Patxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea
Jostailuen Lurraldean ez zegoen maisu-maistrarik, libururik ere ez zeukaten han… Jostailuen Lurraldean, ostegunetan ez zegoen eskolarik eta asteak, han, sei ostegun eta igandea zituen… Argi dago Pinotxo gogoangarriak zergatik erabaki zuen Jostailuen Lurraldera joatea. Hamaika haurrekin zaldikotxe batera igo zen eta, hamabi asto parek garraiaturik, ametsetako Lurraldera iristea lortu zuen. Bertan jolasean eta bihurrikeriatan ibili zen baina, hara non, denboraren poderioz, Pinotxori aurrena astabelarriak atera zitzaizkion, eta hurrena isatsa, eta, azkena, asto bilakaturik, arrantzaka hasi zen: aja-jaaa…
Pinotxok ez zuen eskola maite eta, seguruenik, denok izan gara noizbait Pinotxo, baina irakasle kuttuna topatzea benetako zortea da. John Steinbeck-ek zioen: «Arratsaldero, ordu erdiz, Miss Morganek Ivanhoe edo Oihanaren Deia irakurtzen zizkigun. Ez umeentzako sasi-ipuinak, baizik eta helduentzako istorio interesgarriak». Eta antzera idatzi zuen Gabriel García Márquezek ere: «Errespetu eta maitasun handia diot irakasle lanari. Nola ahaztu bost urterekin irakurtzen irakatsi zidan maistra! Hark ozenki irakurritako poemek betiko usteldu zidaten arima. Batxillergoan ere halakoxe maisu bat izan nuen, apala, zuhurra, liburu ederren labirintoan interpretazio burutsurik gabe gidatzen gintuena». Liburuen aurrean ere, denok izan gara noizbait Pinotxo, baina liburu kuttuna deskubritzea benetako zortea da. J. K. Rowlingek adierazi zuen bezala: «Irakurtzea gustuko ez baduzu, seinale du ez duzula zuretzako moduko liburua aurkitu».
Javier Cercas idazlea hilero afaltzeko geratu ohi zen lagun batzuekin, berriketan aritzeko, mundua ulertzen saiatzeko. Noski, ez zuten mundua konpondu, baina ondorio batera iritsi ziren: munduan hiru pertsona mota dira beharrezko: sendagile bat, gu munduratzen, zaintzen eta hiltzen lagunduko diguna; irakasle bat, bizitzen eta ez etsitzen lagunduko diguna, mundua azalduko diguna; eta, hirugarrenik, ez esango duen pertsona, giza duintasunari, germen inkonformistari eutsiko diona.
Hori guztia etorri zait gogora Ordiziako Urdaneta eskolak 50 urte bete dituen honetan –euskal eskola publikoaren jaia ere Goierriko bihotzean ospatuko da ekainaren 2an–. Eta bertan 30 jatorri desberdin baino gehiago dauzkagulako, haurren familietan 20 hizkuntzatik gora ditugulako. Hezkuntza lanbiderik delikatuenetakoa dugu, mundukerien aurrean munduketariak sortzea du helburu. Telmo, Harmony, Yoan, Naia, Areej, Areesha, Ianis, Kami, Alisia eta Sekou ezagutu ondoren, zalantzarik ez dut: Pinotxo ere pozarren eta irrikaz joango zen bertara. XIX. mendean, New Yorkeko etorkin italiarrek portura halakoxe irrikarekin jotzen zuten, aldizkarietan atalka iristen ziren panpinaren sudurluzearen abentura berriak ezagutzera. Agian halaxe ospatu dezakegu guk geuk ere, egunero, ikastetxeetan oharkabean sortzen den abentura eta balentria eder hau.