Marta Ruizek (Beasain, 2002) moda ikasketak egin ditu. Ikasketen amaieran, bere lehen bilduma aurkeztu du: Txindoki.
Nola piztu zitzaizun moda munduarekiko interesa?
Etxean 10 bat urterekin telebistan Pasarela a la fama programa ikusten nuen eta asko gustatzen zitzaidan egiten zutena. Hala, amari joste klaseetan izena emateko eskatu nion eta Otean hasi nintzen klaseak jasotzen, Sonia Santacreurekin, 12 urterekin. Gainontzeko guztiak emakume helduak ziren eta Sonia bera ere asko harritu zen 12 urteko neskato batek bertara joan nahi izatearekin, baina hala ere hara joan eta lehen jantziak eta poltsak egiten hasi nintzen. Asko ikasi nuen eta Soniari eskerrak eman nahi dizkiot erakutsitako guztiagatik. Ondoren, institutuan nengoela, zalantza ugari izan nituen kontu hau zaletasun bezala utzi edo nire bizitza profesionala bertara bideratu nahi ote nuen. Azkenean moda ikasketak egitea erabaki nuen eta asmatu nuela esango nuke. Oso gustura egon naiz urte hauetan eta orain aurkeztu berri dudan bilduma nire Gradu Amaierako Lana da. Santanderren ikasi dut, baina Milanen eta Hego Korean ere izan naiz. Asko ikasi dut, tartean, nola aldatzen den leku batetik bestera janzteko modua eta moda ulertzeko modua.
Txindoki. Nondik sortu da ideia hori eta nolakoa izan da prozesua?
Ideia hau ez da kasualitatez etorri. Aipatu bezala, denbora asko eman dut etxetik kanpo ikasketengatik, izan Santanderren zein Milanen eta Korean. Askotan, kanpoan gaudenean askoz gehiago baloratzen dugu etxean duguna. Nire ikaskide zein irakasleei nire ikuspuntua azaldu nahi izan diet. Txindoki azken finean txikitatik ikusi dudan janzteko moduaren gako batzuk hartuta eta modernizatuta sortu dudan bilduma da. Gainera, Txindoki niretzat etxea da, kanpoan egondakoan jada etxean sentitzen hasten naiz iristen ari naizenean, Txindoki ikusten dudanean, eta horrez gain, etxetik ere egunero ikusten dut eta niretzat estanpa bat da. Gako horiez gain, Txindokik urte hauetan guztietan ikusi duena ere bada, bere inguruan bizi garen horiek nola jantzi garen urte hauetan. Inspirazioa album familiarretatik hasi nintzen ateratzen, eta baita euskal mendizaleak lehen nola janzten ziren ikusita ere.
Zer sentitu zenuen zure bilduma pasarela batean ikustean?
Oso emozionantea izan da. Ikasturte osoa hontan daramagu. Zure lana ikusi eta jendeak baloratzen duela ikustea oso polita izan da, lan guztiaren emaitza eszenatoki berean ikustea polita izan da. Gainera, azken urtea izan da eta klasekideekin azken momentu hauek bizitzea ere oso emozionantea izan da.
Zein dira zure erreferenteak?
Etxetik gertu Balenciaga da erreferenteetako bat, argi eta garbi. Oso gustuko dut nola erabiltzen dituen patroiak. Horrez gain, beti esan izan da handien artean ere handiena dela. Sekulako zortea dugu hemen bizi eta honelako erreferentziak ikusi ahal izatearekin. Bestalde, oso gustuko dut Loreak Mendian, batez ere, nola erabiltzen dituen koloreak. Gainera, Euskal Herriari egiten dion erreferentzia oso interesgarria iruditzen zait eta oso gustuko dut.
Zein dira zure espektatibak?
Kanpora joaten eta formatzen jarraitu nahi dut. Gustatuko litzaidake marka potente baterako lan egin eta ondoren, prest nagoela ikusten dudanean, nire marka irekitzea. Halere, etorkizun hurbilagoan, ekainaren 14rako Beasainen zerbait prestatzen ari naiz. Nire sare sozialetara adi egon eta bertara gerturatu daitezen dei egin nahi diet beasaindarrei. Askotan moda apur bat elitista gisa azaltzen da, baina hortik harago doan zerbait da eta edozeinek disfrutatu dezake. Beraz, gerturatzeko eta disfrutatzeko deia egiten dut hemendik.