Goierriko Energia Mahaia 2024ko ekintza plana garatzeko lanean ari da buru-belarri, lau lan-lerro nagusitan indarra jarriz.
Iaz martxan jarritako Energia Bulegoaren arreta zerbitzua sendotzea dago helburu horien artean. Energia Bulegoaren zerbitzua sendotzea, Trantsizio Energetikorako Komunitateen inguruan hausnartu eta antolaketa lantzea, mugikortasun jasangarria enpresetara eramatea, eta sentsibilizazio, aholkularitza eta formakuntzarekin jarraitzea dira Goierriko Energia Mahaiaren 2024ko helburu nagusiak, 2017az geroztik martxan den Energia Planari jarraipena eginez.
Energia Komunitateak indar handia hartzen ari dira azken urteotan. Goierrin bailarako udalek nahiz herritarrek bultzatutako Energia Komunitateak sortzen edota horien inguruko iniziatiba ezberdinak bultzatzen ari dira.
Eskualdean sortutako Energia Komunitate horien antolaketari begira, hausnarketa eta antolamendu lanketa egingo dituzte aurten.
Mugikortasun jasangarria
Gizartean gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira energiaren eta jasangarritasunaren inguruko gaiak. Eskualdeko mugikortasunak sortutako kontsumo energetikoa gutxitzeko helburuarekin, mugikortasun jasangarrirako ekintza plana landuko da, eskualdeko egoera eta lortu nahi diren helburuak aztertuz.
Sentsibilizazioa eta aholkularitza
Sentsibilizazioa, aholkularitza eta formakuntza ezinbesteko tresnak izango dira eskualdeko udalak, eragileak eta herritarrak trantsizio energetiko eta klima aldaketa bezalako gaietan ahalduntzeko.
Udalei egungo energia eta klima arloaren testuingurua ezagutarazteaz gain, argitaratu berri den Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren 1/2024 Legeak ezartzen dizkien betebeharrak azalduko zaizkie. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiako Jasangarritasun Departamentuak antolatutako ekintzak ere kontuan izango dira.
Ekintza planaren jarraipena
Ekintza Planaren dinamizazioa, jarraipena, eta eskualdeko eragile ezberdin guztien arteko koordinazioa Goierriko Energia Mahaiaren bitartez egiten jarraituko da. 2017. urtean sortu zen Goierriko Energia Plana osatzeko, ekintza planari jarraipena emateko eta koordinazio interinstituzionala errazteko egingo dute lan. Mahai hori eskualdeko 18 udalek eta Goieki garapen agentziak osatzen dute.
Goierriko ekintza plana 2024
Goierriko Energia Plana exekutatzen jarraitzeko asmoz, 2024rako proposatzen diren ekintzak azaltzen dira:
Energia bulegoa
Jarraian abendutik gaur egunera arteko datuak ikus daitezke.
- 175 Kontsulta, martxan jarri zenetik. Guztira 247 hitzordu.
- %62 35-64 adin tartekoek egin dituzte kontsulta gehien. 65 urtetik gorakoak %34 izan dira eta 25-34 artekoak %4.
- %55 Emakumezkoak izan dira eta %45 gizonezkoak.
- %14 Pobrezia energetikoa pairatzen dutenak.
- %83 Argindar eta gas fakturen inguruko kontsultak izan dira; %14 bono sozialari buruzkoak eta %3 bestelakoak (autokontsumo fotovoltaikoa, energia komunitateak eta energia berriztagarriak).