— Zer ordutan genuen hitzordua, 17:00etan ezta?
— Baina zertarako? Hitz politen erresuman sartuko gara ordubetez, eta ondoren badakizu, betikoa, atea itxi orduko, hatza luzatzen dutela nabaritzen dut lepapetik erortzen zaidan tanta izoztuan.
— Eta? Zer geratzen zaigu?
Behinola zuriz margotutako etxeko hormetan umore txarraren orbanak ageri dira, etxeko giro gaiztoaren usainak atondotik bertatik egiten du harrera, malkoak daude etxean gosaltzeko, bazkaltzeko, afaltzeko; oinazea etxeko sofan dago, nagusi, eta ez dirudi inork bertatik bidaliko duenik.
— Zer geratzen den? Oinazea… baina badakizu zer? Nigan amorrua gorputzeko atal bakoitza konkistatzen ari da, eta edozer egiteko moduan nago.
—Eta? Zer egin behar duzu? Hilkutxak banatzen hasi?
—Hilkutxak? Hori ere ez dute merezi! Jan ditzatela lurrak, eta harrek!
—Nahikoa da!
Isilik abiatu dira autoan, bat bilkuran esango dituenak antolatzen bere baitan, bestea amorrua kudeatzen, irri faltsuari zilegitasuna emateko ahalegina egiten duen bitartean, autoko atzerako ispiluari begira, ustez “laguntzeko” dauden borreroen aurrean ezin baitu bere senak agintzen dion aurpegiera erakutsi, ezin du serie-hiltzaile aurpegia erakutsi.
— Zer iruditu zaizu?
— Hitz politen erresuma eta gezurrezko irribarreen festa, betikoa.
— Zerbait egin beharrean gaude.
— Bai, zortzi urte ditu, eta bizitzeko gogoa galdu du bizitzen hasterako. Bai, zerbait egin beharrean gaude… arma tiro, pum!
— Nahikoa da, joder! Horrela ez diogu alabari lagunduko, ostia!
Alabaren begietan ez dago mundurik, urik gabeko putzuak dira begiak, jazarpenak agortu baitu dena, tanta guztiak aterarazi ditu, eta orain lasterka ari da noraezean, ezinegona lehertu egin baitzaio barruan, eta uhin hedakorrak ez du ezer zutik utzi, dena txikitu du, poztasuna, ilusioa, itxaropena, zoriontasuna.
— Zer moduz zaude gaur maitia?
— Utzi bakean! Zuen errua da dena!
— Ez bihotza, gu laguntzeko gaude, baina zer gertatzen zaizun esan behar duzu, zer egiten dizuten…
— Zer gertatzen den? Ezer ez, hutsaren hurrengoa naizela besterik ez!
— Beno, lasaitu, bihar agian ez zara eskolara joango, ikusiko dugu.
Baina, bere baitan, badaki berriro bidali beharko duela kontzentrazio-esparrura, tortura-gelara, ziegara. Goizeko zortzietan esnatu beharko du, eta guztiok etxeko hormetan itsatsitako orbanetan erreparatuko dute, begirada galduta, giro gaiztotuaren pozoiarekin egindako negar-zopak hartzen dituzten bitartean. Eskolako ordua da, eskola(ren)-jazarpenak beste egun bat hasiko du, eta oinazea etxean geratuko da, sofan lasai.