Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Halako titulupean, estreinatu zen pasa den astean, beste behin ere Frantzian, irakaskuntza gai duen film berri bat. Ez da lehena eta azkena ere izango. Gaiak ematen du. Izenburuak dioena baliatuz, hainbat eta hainbat pelikula on eta ez hain on ere baditugu ikusgai. Oraingo honek, munduko ogibiderik garrantzitsuenetakoa kontsideratu ohi den, baina gutxietsirik dagoen lanbidearen goraipamenaren mezua zabaldu nahi omen du.
Deigarria egin zait izenburua. Zeintzuk ote dira irakasle onak? Zeintzuk ez hain onak? Edo txarrak? Baina, zer ote da ona izate hori? Ikasle garaian, ustez, kalifikatuak genituen onak, ez hain onak eta txarrak. Gaur egungoek ere, halaxe izango gaituzte. Ikasle, guraso, langile, agintari, pertsona… onak eta ez hain onak bezalaxe, irakasleok ere hortxe gaude. Hala ere, ontasunaren kalifikazio hori, oso erlatiboa izan daiteke.
Ona izatearen bide horretan, besteak beste, programazioak berritu beharrak, konpetentzietan oinarritutako eguneroko klaseak, ikasleen atentzioa erakarri eta konzentrazioa lantzeak, motibatze jarraian aritu, ahalegintzearen balorea inkulkatu, aniztasunari arreta, familia desegituratuak, ikasle zaurgarriak, inklusibitatea, elkarbizitza arazoak, norbanakoen emozioen kudeaketa, tutoretzak, familiekin harremanak, burokrazia lanak, pantailekiko adikzioak, komunitateari zuzendutako proiektuak, ikasturtean zehar matrikulatuei arreta, zaintzak, erreklamazioak, formazioak, eskakizun digital eta akademikoak, birziklatze jarraiak, ikasle ratio altuak, ikaslegoaren kanpo ebaluazioetako emaitza kaskarrak, hezkuntza erreforma etengabeak… Gero eta eginbehar handiagoak ditugun honetan, orduan eta baliabide gutxiago izatearen sentsazioa gero eta hedatuago dago geurean.
Hala ere, gehienak, inplikazio, moldagarritasun, profesionaltasun eta pazientzia handiz arituak eta dihardutenak. Bejondeizuela guztioi!