Izaro Intsausti • Ordizia
Jende gazte andana erakarri zuen lehiaketa kulturalaren lehen edizioak eta guztira 102 lagunek hartu zuten parte, 17 taldetan banatuta.
Hamaika ekimen ezagutu ditugu herritarrek elkarlanean sortu dituztenak, eta horregatik ere bada berezia Ordizia. Juan Lopez jaunak Ordizian kultura lehiaketa egitea proposatu zuenean ere, erotzat hartu zuten, baina ez bat eta ez bi, bost lehiaketa antolatzera iritsi zen gure herria.
Hastapenak zailak izan ziren. Lehiaketarako arautegia adostu, lokal handi eta egokiak bilatu, lehiaketa ezagutarazi…Baina ekinaren eginez, 1966an egin zen Ordiziako lehiaketa kulturalaren lehen edizioa.
Lehiaketa Udalak antolatzen zuen, garaiko Guraso Elkartearekin eta Lehen Hezkuntzako batzorde lokalarekin elkarlanean, eta Aurrezki-kutxa probintzialak babesten zuen.
Lehiaketako galderak hiru ataletan bereizten ziren. Lehen atala, mundu mailako ospea zuen Gipuzkoako gizon bati buruzko galderek osatzen zuten, hala nola, Andres Urdaneta, Ignazio Loiolakoa, Juan Sebastian Elkano edota Miguel Lopez Legazpi.
Bigarren atalean kultura orokorra, matematika, fisika, kimika, literatura, geografia, historia, erlijioa, latina eta teknologiako galderak izaten ziren. Eta hirugarren atalak berriz, musika, kirola, antzerkia edota zinea bezalako gaiei lotutako galderak biltzen zituen.
Jende gazte andana erakarri zuen lehen edizioak eta guztira 102 lagunek hartu zuten parte 17 taldetan banatuta. Izugarrizko arrakasta izan zuen eta Gipuzkoako probintzia osoan izan zuen oihartzuna.
Bigarren ediziorako inguruko herrietako gazteek ere eman zuten izena, besteen artean, Alegia, Legorreta, Itsasondo, Zaldibia, Orendain, Beasain, Lazkao, Ataun eta Segurako herritarrek. Bigarren edizio horrek ere oihartzun handia izan zuen eta Ordizia bezalako herri batek halako dimentsioko lehiaketa antolatzeak zuen meritua azpimarratu zuten garaiko egunkari eta ikastetxeek.
Lehiaketaz gain, emanaldi kulturalek ere girotu zituzten saio ezberdinak, eta hirugarren edizioan, Amets Bide dantza taldeak bere lehen ikuskizunetako bat taularatu zuen. Argazkian ageri den moduan, neska-mutil dantzariek txistularien doinuan elkarrekin dantzatu zuten, soinean poxpolinak eta gipuzkoar jantziak zituztela.
Lehiaketak, iraun zuen bitartean, gozatu eta gozarazi zituen ordiziarrak, baina azken edizioan izandako gorabehera batzuk medio (arautegiarekin desadostasunak azaldu zituzten zenbait taldek), bertan behera geratu zen.
Lehiaketa tarteko, kultura gogo biziz bizi izan zen garai hartan, eta jendea kulturara erakartzeko modu berriak behar ditugula esaten den honetan, agian atzera begiratu eta horrelako ekimen arrakastatsuak aztertu beharko genituzke. Herritarren artean kulturarako interesa piztu ezezik, saio ezberdinetan emanaldi kulturalei leku eginez, herriko talde eta eragile ezberdinentzat primerako erakusleiho bihurtu baitziren lehiaketa horiek. Atzera begiratu aurrera egiteko.
Idatzi honek 2022an Santa Ana aldizkarian Patxi Garmendia ‘Mendigar’-ek argitaratutako artikulua du oinarri.