Jon Eskisabel • Musikazalea
Irakurleek placer harceco helburuarekin, besteak beste, eman zuen argitara Bernart Etxeparek Linguae vasconum primitiae 1545ean, liburuaren hitzaurrean Eiheralarreko apaizak berak aitortzen zuenez. Bost mende geroago, euskaraz inprimaturiko lehen liburuan jasotako olerkiak abesti bihurturik itzuli dizkigu Ibon RG musikariak kaleratu duen Iaquin vahu disko-liburu miresgarrian.
Eten rock taldean ezagutu genuen musikari bizkaitarra, eta ondoren Xabier Montoia, Mursego eta beste hainbaten diskoetan ikusi dugu haren izena idatzita. Hanka bat esperimentazioaren eremu askean –hor daude Enrike Hurtado edota Txaranga Urretabizkaiarekin egindako lanak– eta bestea tradizioaren ezagutza sakonean –herri musika, Zuberoako kantamoldea…– ditu Ibon RGk. Uztarketa horretatik sortu zen Hil zara (2019) disko bikaina, zeinean adierazkortasun ikaragarrizko ahots eta melodiarako senaren jabe azaleratu zitzaigun.
Oraingoan apustua bikoiztu egin duela esango nuke, eta Etxeparek duela 500 urte idatzitakoak gaur egunera ekartzeko erronka artistiko eta kontzeptualetik onik atera da. Berriz ere ahotsa eta pianoa dira abestien oinarria, baina kasuan kasu lagun batzuk izan ditu alboan –Verde Prato, Mursego, Garazi Navas, Enrike Hurtado…– kantu bakoitzari zegokion jantzia eta giroa sortuz. Horrela, Ibonek musikarekiko duen ikuspegi heterodoxo eta ausarta gailentzen da lan osoan.
Itxaro Bordak diskoa testuinguruan jartzeko hitzaurrea idatzi du, eta Jon Martin artistak 1545eko tipografia garbitu eta berregin du azalean, Etxeparek liburua inprimatu berritan nola jasoko zuen irudikatzeko.
Eta duela bost mende bezala, hementxe dugu Iaquin vahu, nahi duenak plazera hartzeko.