Duela gutxi sortu da Itsasondoko Gazte Asanblada. Instagram sare sozialean eman zuten haien taldearen berri eta orain haien lehen ekintza prestatzen ari dira: gazte eguna. Bertako kide dira Sua Lasa (Itsasondo, 2005) eta Nahiare Riaño (Itsasondo, 2005).
Nola sortu da Itsasondoko Gazte Asanblada?
Gazte batzuk elkartu ginen eta herriko gazteria aktibatu eta biziberritzeko, gure artean saretzeko, herritik eta herriarentzat gauzak sortzeko, herriari gazte ikuspegi bat emateko… aukera paregabea iruditu zitzaigun gazte asanblada sortzea, eta behin ideia izanik herriko beste hainbat gazterekin bildu eta asanblada sortzea erabaki genuen.
Zeinek hartzen duzue parte bertan?
Herriko adin ezberdinetako gazteak gara asanbladaren parte hartzaileak eta talde anitza da gurea.
Zein dira gazte asanbladaren erronkak?
Lehen galderan aipatu bezala, helburu nagusienetako bat herriko gazteria antolatzea, elkar saretzea eta horrela herritik eta herriarentzat gauzak sortzea izango litzateke. Baina beste hainbat helburu eta erronka ere baditugu, herriko gazte gehiagok parte hartzea eta herriko problematikei gazte ikuspuntutik konponbideak proposatzea, esaterako, hala, gure neurrira egindako Itsasondo irudikatzeko.
Aurki gazte eguna egingo duzue. Zer ari zarete prestatzen eta zein da zuen aurreikuspena egun horretarako?
Gazte asanblada bezala antolatzen dugun lehen gazte eguna da eta eguneko zein gaueko eskaintza dugu esku artean. Oraingoz ez dugu ezer zabaldu, baina estilo ezberdinetako ekintzak egongo dira eta ongi pasatzea gustatzen bazaizue bertara gerturatzera gonbidatzen zaituztegu. Egia esan ez dugu aurreikuspen handirik egin, lehenengoa izanik ez dugu espektatiba handirik.
Eguna nolakoa izango den oso argi ez baldin badago ere, eskua sutan jarriko genuke egun bikaina izango dela ziurtatzerakoan.
Etorkizunera begira zein izango litzateke zuen helburua?
Helburu asko dauzkagu buruan, herrian gazteontzako espazioak lortzea, gazte asanbladako partaidetza handitzea, gazte borrokak herriratzea eta herriari gazte kutsua ematea, esaterako.