Judit Garcia Llorens • Baserritarra
Europak nekazaritza politika diseinatu eta finantzatzen du (2024rako 53.700 milioi euroko aurrekontua du horretarako, jaisten joan den arren oraindik aurrekontu osoaren %30etik gertu), nahiz eta atal batzuk estatuek edo autonomia erkidegoek moldatu eta kofinantzatu. Hauteskunde programetan gaia saihestezina da, are gehiago Europa osoan nekazaritza sektoreetan aurten izandako protestengatik eta eremu zabal zein lurralde askotan duen garrantzi ekonomiko eta estrategikoagatik.
Aurtengo protestetatik hedabideetan gehien nabarmendu diren mezuak, Europako laguntzetatik ingurumeneko eskakizuna murriztearen aldekoak izan dira. Baita hirugarren lurraldeetako konpetentzia desleiala salatzen dutenak ere. Pozoien erabilera erdira jaisteko Europako lege proiektua bertan behera geratzea ere lortu da, adibidez.
Mezu hauekin Europako eskuin muturra sektorea xaxatzen ikusi dugu, nekazaritza sektorea oldartu dadin biktimizatzen eta mezu ultra nazionalistak aldarrikatzen. Hauteskundeen kanpainan nekazarien bozka bereganatzeko mezu populista eta arriskutsuak zabaltzen ari dira trantsizio ekologikoaren kontra.
Ezaguna da nekazaritzako diruen banaketa antisoziala, gehien dutenek gehien kobratzen dute, indarrean dagoen ekoizpen eredua ikuspegi ekonomiko, ekologiko eta sozialetik sostengaezina bilakatu bada ere. Laguntzen banaketa injustuaren salaketa faltak, agerian uzten du protesta batzuen interesak orain arteko modelo agortuarekin jarraitzeko.
Ez dago nekazaritza sektore subjektu bakarra, monolitikoa eta krisian dagoena. Krisian dagoena da ekoizpen eredu industriala, baliabide naturalak mugagabeak balira bezala erabiltzen dituena, kimikoen korporazioak elikatzen dituena, denon elikadura osasungarria bermatzen ez duena eta diru zein baliabide publiko gehienak erabiltzen dituena, kontrako mezuak zabaltzen badira ere.
Gurean, hauteskunde kanpainetan izaten da baserritarrengana gerturatzeko tartetxo bat. Bozka gutxi direnez zentralitatea izan gabe, folklorea eta nostalgia mezuak nahastuta, gainontzeko herritarrekin konektatzeko erabili ohi da, politikariek zerbait egin beharko luketelako gure baserritarrengatik.
Elikagaien ekoizpena ez da baserritarren zeregina bakarrik, herri guztiek estrategikoki antolatu beharreko eremua baizik, herritarron elikadura horren menpe dagoelako, eta lotura zuzena duelako landa eremuko bizitza, paisaia edo bioaniztasunaren zaintzarekin. Ekoizpen ereduaren trantsizio ekologikorako politikak beharrezkoak dira eta gure ondorengoen kontra ari gara atzeratzen ditugunean. Bada erdigune politikoan jartzeko gaia.