Idiazabalgo Arttaittako ameztiaren eremuaren azalera handitzeko landaketak egiten ari dira udala eta Aranzadi.
Idiazabalgo Agenda 2030 barruan kokatuko proiektua da amezti eurosiberiarra berreskuratzeko proiektua. Udala eta Aranzadi elkarlanean ari dira 2022az geroztik, Arttaitta inguruan dauden amezti basoak edo orbainak batu eta azalera areagotzeko asmotan. Eusko Jaurlaritzak ia ehuneko ehunean finantzatutako proiektua da. Bigarren fasea amaitu berria dute, lehen landaketak eginda.
Dena den, Jaione Munarriz zinegotziaren esanetan, hasierako proiektua zertxobait aldatu behar izan dute, naturak eraginda. «Ezkur falta dela eta proiektua pixka bat nahastu zaigu. Hasieran proiektuaren helburua zen bertan ezkurrak bildu, ondoren mintegi batean ezkur horietatik landareak lortu eta eskuratutako landareak ameztian landatzea. Baina ez da posible izan».
Oraingoz behintzat arrazoirik aurkitu ez badute ere, Idiazabalgo ametzek nahi adina ezkur ez dute ematen, eta daudenek ez dute nahikoa kalitate landareak lortzeko. «2022an behin baino gehiagotan igo ginen ezkurrak biltzeko asmotan, baina ikusi genuen zeudenak ez zirela nahikoak eta zeudenak ez zirela kalitate onekoak, ez zutela nahi adina landare emango. Orduan proiektua urtebetez atzeratu zen. 2023an berriro saiatu ginen bilketak egiten, eta emaitza berdinak lortu genituen. Ikusi genuen ameztiaren beraren arazoa izango zela eta irtenbide gisa, basozainekin eta udalarekin batera erabaki genuen, ezkurrak beste nonbaiten biltzea», argitu du Aranzadiko Luzia Urkiolak.
Oamendiko ezkurren landareak
Zeraingo Oamendira jo zuten orduan, «ezkur bilketa Onura Publikoko mendi batean egitea errazagoa» delako. Beste «abantaila» bat ere badu Oamendik: «Idiazabaldik gertu dago, klima aldetik baldintzak oso antzekoak dira eta gertutasun horrek bermatzen digu Idiazabalen ere ondo aterako direla, ondo egokituko direla. Berme hori genuen». Oamendiko ezkurretatik lortutako ehun bat landare lortuak dituzte dagoeneko, eta horiek proiektuaren hirugarren fasean landatuko dituzte idiazabaldarrek auzolanean eta elkarlanean. Hori 2025eko martxoan izango da.
Lehenengo landaketa eginda
Hala ere, lehenengo landaketak Gipuzkoako Foru Aldundiaren mintegiko landareekin egin dituzte. «400 zuhaitz landatzea aurreikusita zegoen proiektuan. Eta Oamendin bildutako ezkurrekin ez genuen ikusten iritsiko ginenik 400 zuhaitz eskuratzera. Beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiak duen mintegi batetik eskuratu eta landatu ditugu».
Munarrizek pena bat badu ordea: lehenengo landaketa hori ez dutela herritarrekin batera egiteko modurik izan. «Proiektua hankamotz geratu zaigu oraingoz. Aurtengo landaketa egiteko, aldundiak oso denbora murritza eman zuelako. Egoera batzuk ezin dira aurreikusi. Eguraldia dela…».
Hirugarren fasea, herritarrekin
Aurtengo arazo horiek gaindituta, proiektuaren hirugarren fasea herritarrekin batera egin nahi dute, proiektuaren hasierako helburua berrartzeko asmoarekin: «Ameztiaren proiektuaren oinarrian zegoen herriak bere egitea basoa; ez zen landaketa bat bakarrik egitea. Helburu nagusia zen herriak berea egitea basoa, ezagutza zabaltzea… bertako basoari balioa ematea. Batez ere hezkuntza aldetik lotuta, bai haur eta baita helduentzat ere. Hirugarren fasean guk lortutako landareak landatuko ditugu herritar eta eragile desberdinen laguntzarekin, auzolanean». Bere egiteaz eta senti arazteaz gain, bertako basoaren garrantziaz jabetu nahi dituzte idiazabaldarrak.
Azalera handitu
Izan ere, Aranzadik lehenengo fasean egindako ortomaparen arabera, Idiazabalgo basoen «ia %60 landaketak dira, kanpoko espezieak. Pagadia ere badago, hariztia ere bai, amezti eta haltzadi txiki bana ere bai… Baina Bizkaian eta Gipuzkoan gertatzen den bezala, gehiengoa landaketak dira». Dauden ameztiak nahiko gazteak dira oraindik: «20-30-40 urte izango dituzte, zuhaitzak nahiko txikiak dira. Kalkulatzen da fruituak emateko 30 bat urte behar dituztela».
Gipuzkoan amezti azalera handiena, Jaizkibelen dago eta Idiazabalen ameztiaren azalera handituko da eskuhartze berriarekin. «Arttaittako ameztiak 19 hektarea inguru ditu gaur egun. Toki txiki batean egin dira landaketak baina horrekin bermatu da orbainen arteko konektagarritasun hori. 400 metroko perimetrodun eremu batean sartu dira. Nahiz eta eremu txikia izan lortu da
orbainen arteko lotura». Itxitura jarri dute landaketa berrien eremuetan.
Berez datorren basoa
Bertako basoa, «dinamika natural bat jarraituz ateratzen den basoari» deitzen zaio, «hau da, gizakiaren esku hartzerik gabeko zerbait da. Eremu jakin bakoitzeko baldintzetara ondoen egokitzen diren landareak aterako dira berez. Kasu honetan, aldapatsua da eta ameztia gehienetan leku aldapatsuetan ateratzen da, lurzoru txiroetan».
Urkiolak zehaztu duenez, 90ko hamarkadatik hasi da «ameztia bere kasa bueltatzen», Idiazabalen gertatu den bezala. «Ameztiak moztu egiten ziren Gipuzkoan, abeltzaintzarako. Baina ikusten da 90ko hamarkadan eman zela erabilera aldaketa, ordutik ez direlako hainbeste ustiatzen lursailak. Orduan, ametza pixkanaka hasi zen etortzen, baina oso zatikatuta etorri da».
Klima aldaketaren aurrean
Aranzadiko Urkiolak argi du, ameztia babesteak bermatzen duela «bertako basoak biziraungo duela, eta aldaketa klimatikoaren aurrean lagunduko diguten zuhaitzak edukiko ditugula». Izan ere, «esaten da bertako basoa dela erresilientea. Hau da, ematen diren aldaketa bortitzei aurre egiteko gaitasun gehiena duena. Beraz, klima aldaketaren testuinguru honetan, aurreikusten da bertako basoa izango dela edukiko dugun tresnarik baliotsuenetakoa klima aldaketari aurre egiteko, karbono dioxido gordailu direlako, besteak beste. Hala ere, klima aldaketaren aurreko babesa eskaintzea, bertako basoek ematen dizkiguten hamaika onuretako bat da soilik».