Aitziber Makatzaga • Zerain
Jexux Mari Garate zena gidari genuela, 2001ean ‘dantza soka’ edo ‘soka-dantza’ berreskuratu genuen Zerainen. Garai batean Urbitik jaisten ziren artzainek atera ohi omen zuten, baina udaleko hainbat ordezkarirekin batera hainbat herritarrek atera genuen urte horretan.
Betidanik gustatu izan zaizkit euskal dantzak. Egia esan behar badut, ez naiz dantzari on horietakoa sentitzen. Hala ere trikiti eta txistu doinuak entzutean plazara dantzara irteten naizen horietakoa naiz.
Gurasoek txiki txikitatik eskaini zidaten euskal dantzak ikasteko aukera. Zerainen dantza talderik ez, eta Segurako dantza taldean ibili nintzen urte dezentetan. Goierriko hainbat dantzari txiki egunetan parte hartu genuen. Batean agurra, bestean zinta dantza, axuri beltza, makil dantza, zazpi jauzi, alpargata… Goizean ibilbidean gure dantza emanaldiak eskaintzen genituen. Bazkaltzeko, berriz, dantzari txiki eguna antolatu zuten herriko familietan banatzen ginen. Eta ondoren, erromeria.
Jaietan, jaunartzeetan, jubilatu egunetan, omenaldietan, eta abarretan ere behin baino gehiagotan eskaini genuen gure ikuskizuna. 1990ko Zeraingo Andra Mari jaietan ateratako argazkian ikusten den moduan, gona gorri eta berdez jantzita, urtean zehar ikasitakoa eskaintzeko prest izaten ginen.
Askotan gertatzen den moduan, ordea, 14-15 urterekin utzi egin nuen dantza taldea, eta jaietan eta erromeria giroan fandangoa eta arin-arina dantzatzen jarraitu banuen ere, gainerako dantzak ahaztu egin nituen.
Zeraingo dantza soka
Jexux Mari Garate zena gidari genuela, 2001ean dantza-soka edo soka-dantza berreskuratu genuen Zerainen. Garai batean Urbitik jaisten ziren artzainek atera ohi omen zuten, baina udaleko hainbat ordezkarirekin batera hainbat herritarrek atera genuen urte horretan. Orduz geroztik, gehienetan atzesku moduan, hainbat urtetan parte hartu nuen San Roke egunez dantza-sokan. Jexux Marirekin dantza-soka ikasteaz gain plazako hainbat dantza ikasteko aukera ere izan genuen: fandango eta arin-arina, muxikoak…
Solkie dantza taldea
2019an, Zerainen bertan euskal dantza taldea sortu genuen. Gaztetxo nintzeneko oroitzapen onek bultzatuta, berriro ere euskal dantzak ikasi eta dantzatzera animatu nintzen. Eta gustura nabil. Asteazken iluntzea iristeko gogoz egoten naiz, eta oraindik zinta dantza berriz ikasteko aukerarik izan ez dugun arren, bide horretan goaz. Irati, ea noiz ausartzen zaren!
Inork Solkie dantza taldearen dantza emanaldirik ikusi nahiko balu, ekainaren 1ean, iluntzeko 18:30ean izango du aukera Zerainen bertan. Haur, gazte eta ez hain gazte, umetako ilusio berdinarekin gaude urtean ikasi duguna herriaren aurrean erakusteko.
Eta esaerak dioen moduan, dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko!! Ea guk ere dantzatzen duen herria egiten jarraitzen dugun.