Maiatzaren 14an hil zen Inixio Goia Telleria gabiriarra, 89 urterekin. Sagardogintzaren jakituri zabala itzali da harekin batera. Gabiriako Itzaitegi baserri-sagardotegiko semea eta azkeneko bizilaguna zen Goia, eta ondorengorik ez du izango sagardogintzan. Sagardo ekoizle modura baserri-faktoria garrantzitsua izan zen Itzaitegi XX. mendean zehar, egungo sagardotegi modernoen aitzindaria.
Azkenekoetariko sagar jotzea eta prentsaldia 2014ko urriaren 28an eta 29an egin zuen Goiak, jarduera hori dokumentatzeko eskariari adeitsu erantzuteko, Astiazaran auzo-baserrikoen laguntzarekin eta sagarrekin. Argazkitan, bideoetan eta testigantzen, jakintzaren nahiz prozesuaren bilketa etnografikoan jasota geratu zen, Inixio Goiari esker.
Gutxienez, bere aitona-amonen garaitik zeukan sagardoa egiten zen notizia Goiak; lehenagokoa zen aditzerarik ez zeukan. Francisco Goia gabiriarraren eta Josefa Martina Plazaola legazpiarraren arteko ezkontza-kontratuan, 1885ean, zehaztu zuten jarduera ekonomikoa. Sagardotarako hiru barrika jarri zituen Goiak ezkontzarako. Jose Antonio Goia semearen –Inixioren aita zena– garairako asko hazi zuten negozioa Itzaitegin: 36 barrika zituzten ordurako (1919). «Zazpirehun litroko barrikak erabiltzen ziren; nik horiek denak beteta ezagutu nituen», zioen Inixio Goiak, 2014ko uztaileko elkarrizketan. Horiez gain, hiru upel zeuzkaten, bakoitza 3.000 litrokoa.
Gutxi-asko, baserri gehienetan egiten zen sagardoa, sagarra baitzen uzta oparoenetakoa. 1900etik aurrera sartu zituzten sagasti berriak, etxe inguruko sailak luberrituta: zuhaiztiak bota, sustraiak atera eta lurra hondeatuta. Itzaitegin, pats ardoa ere egiten zuten. Sagarra barrika barrura botatzen zuten, mazo batekin bertan zanpatu, ura bota, eta hura edaten zen.
Sagardoa kanpora bidali
Itzaitegiko sagardoa Arabara eta Nafarroara bidaltzen zuten, 70-80 litroko barrika txikietan. Araiara eta Etxarri Aranatzera saltzen zuen Jose Antonio Goiak. Trenez bidaltzen zituzten, Beasaingo geltokian beteta. Ondoren, nagusia bizikletan joaten zen, kobratzera. «Esaten zuen poltsikokada erreala ekartzen zuela», kontatu zuen Inixio Goiak, aita zenaren ibilerei buruz.
Geroago, kamioiak etortzen ziren Itzaitegira, sagardoa bere barriketara bete, eta Bilbora eramateko. «Hemendik Bilbora, inon festak baldin baziren, geratzen omen ziren, kanila jarri, eta ziritik sagardoa saltzen zuten».
Etxera ere joaten zen jendea, inguruko herrietatik oinez, sagardoa edatera. Txorizo tortilla ateratzen zieten jateko.