Arrautzak beti izan dira garrantzitsuak etxeko elikaduran, eta bereziki, landa eremuan. Hegazti- hazkuntza aspalditik egiten da Euskal Herrian: antzina ia baserri guztiek zuten berezko oilategia, hazkuntza estentsiboan oinarritua. Familiek autokontsumorako izaten zituzten oilategiak, nahiz eta zenbait lekutan arrautza soberakina saldu edo beste produktuengatik elkartrukatzen zen.
Arrautza ekoizpenerako ezinbestekoa izan zen objektu bat aurkeztu nahi dizuegu gaurkoan: gezurrezko arrautza. Honakoa arrautza zahar bat izan zitekeen, kolore desberdina zuenez arrautza freskoengandik ondo bereizi zitekeena, edota bestela, arrautza faltsua. Egurrezkoa, igeltsuz egindakoa, zeramikazkoa edota karez betetakoa izaten zen eskuarki. Errutegiaren belar onduaren gainean ipintzen zen apeu modura, baina, zertarako?
Bi helburu
Helburu bikoitzarekin erabiltzen zen honako abizaria. Alde batetik, oiloek arrautza ikusi eta beti leku berean errutera ohitzeko, izan ere, libre utziz gero ukuiluan zehar edota baserri inguruko sasi artean erruten zituzten arrautzak. Bestetik, hegaztiek arrautzak ziztatu edo zulatzea saihesteko. Arrautza faltsua zulatzen ahalegintzen baziren, ezinezkoa zela konturatuko ziren eta aurrerantzean egiteari utziko zioten.
Horrelako bitxikeria gehiago ezagutu eta garaiko elikaduraren, ohituren eta bizimoduaren inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, zatoz Igartubeiti Baserri Museora!