Joxepa Madariaga • Kultur eragilea
Atxilotu, torturatu, erail, errefuxiatu, zapaldu, polizia, armada (ze hitz ezagunak euskaldunontzat!); bonbardatu, suntsitu (Gernika, Durango…); ur edangarririk eta jatekorik gabe utzi, ez gasolina, ez eskola, ez erietxe, kanpalekuak, gaixotasunak, inkomunikazioa, txikitu, ihesi, giza eskubideak murriztu, akabatu, beldurra, triskantza; gerra, harik eta herri batek beste bat, gizaki batzuk besteak desagerrarazi arte, herri eta herritar horiek gabe utzi arte mundua. Bi hitzek laburtzen dute guztia: apar-theida eta genozidioa (Israel Palestinan).
Eta gu, zertan ari gara? Batean manifestazioa egin, bestean elkartasun eta antzeko hitzak bota eta kitto!, hutsa!; zertan, munduko agintariak, politikariak, lehendakari eta presidenteak, ministroak, errege/erreginak, enbaxadoreak, jauntxoak, mundua eta mundutarrok txotxongiloak bagina bezala, harat honat, garabiltzatenak? Asko dira, lanari heldu ordez, interesei begiratu eta gerrari etekina ateratzen ari direnak. Urrutiko intxaurrak ditugu hango, Palestinako eta Israelgo kontuak, bai, baina dudarik ez izan: gu ere zipriztinekin lokaztuta gaude.
Orain arte egindakoez gain, beste zer egin behar dute israeldarrek? Horien ondoan huskeriak egindako jendez beteta dauzkagu kartzelak. Zakur handiak beti libre, ordea. Genozidioa eten eta palestinarrak, beren herrian, bakean bizitzen utziko al dituzte/ditugu behingoz? Noiz onartuko du munduak, Palestina Estatu eta autogobernurako eskubidea duen herria dela? Deskolonizatuta, estatu sionista desagertuta, aske bizi behar duela?
Gu ere bagara han gertatzen ari denaren konplize. Erantzule eta errudun ez, agian, baina konplize, gutxienez, bai. Horrek zer pentsatua ematen du.
Oharra: «Palestinako Estatua aitortuko dute Espainiak, Norvegiak eta Irlandako Errepublikak» (BERRIA, 2024-05-23). Konponbidearen hasiera?