Imanol Mercero • Haur eta Gazte Literatura teknikaria
Aduna herriko seme saiatua da Juan Kruz Igerabide, poeta handia, jantzi xumez agertzen zaiguna. Merezi du irakurtzea berriki argitaratu duen bere haurtzaroko memoria. Begi bat kokotean (2023). Laurogeita hamargarren hamarkadatik aurrera hasi zen haur literaturan, Begi niniaren poemak (1993) argitaratu eta Euskal Herria arnasik gabe utzita halako piezekin: (Bakardadea) Bidezidor bat besterik / ez dago zelai zabalean: / Eta inor ez. Ordudanik gaur arte ehun eta hamasei (116) liburu plazaratu ditu euskaraz haurrentzat, poesia, ipuina, albuma eta eleberria generoetan. Asko dira, bai, batez beste hiru liburu eta erdi urtero.
Txarrik ez duen bere bibliografian, hiru modutan jo du goia: Jonas pertsonaiarekin osatu zuen bost istorioko sagarekin; ahozko literaturatik abiatuta eskaini dizkigun testu bildumekin; eta, jakina, poesia bildumekin. Jonas pertsonaiarekin jaso zuen 1999an Euskadi literatur saria Jonas eta hozkailu beldurtia ipuinarekin. Sagako lehena izan zen honetan jada nabarmen ageri zen idazlearen abilidadea haurraren psikologia erretratatzen, eta aldi berean, haurrari emozioz eta entretenimenduz betetako testua eskaintzen. Ahozko literaturako piezak Euskal herrietako ipuinak izenpean lau liburutan plazaratu zituen, gure kulturaren ezinbesteko bilduma osatuaz, ahoz gora irakur daitezkeenak euskara garbi, ulergarri eta aberatsean.
Poema bildumetan ere txarrik ez, niretzat gustagarriena Haur korapiloak (1997) da, pieza zoragarriak dituena, limerick hau bezala: Gure aitonari belarri bat zitzaion handitu / eta bestea, alderantziz, txikitu / Handiaz entzuten zituen izarren albisteak; / ttikiaz, berriz, atomoen txisteak. / Entzundakoarekin egunkari bat zuen eskribitu.