Donianzu Murgiondo (Bilbo, 1973) 9 urterekin heldu zen Ordiziara eta 10ekin igeriketa taldean hasi zen. Igeriketari esker, lagun asko egin zituen eta Amerikako Estatu Batuetan ikasteko aukera izan zuen. Egun, Bilbon bizi da.
Nolatan halako igeriketa zaletasuna?
10 urterekin hasi nintzen Ordiziako taldean. Aitak bizkarrean arazo bat zuen eta hiru ahizpoi igeriketan sartu zigun. Gustatu egin zitzaigun eta hirurok jarraitu genuen. Gurasoak oso inplikatuta zeuden. Asteburu asko eman zituzten igerilekuetan sartuta. Lehen igeriketa lehiaketak oso luzeak ziren, gainera. Oso eskertuta nago garai hartan jaso nuen laguntzagatik. Ez bakarrik gurasoen aldetik. Ordiziako entrenatzaileak, lagunak eta lagunen gurasoak ere oso garrantzitsuak izan ziren igeriketan jarraitzeko. Izan ere, igeriketa oso kirol gogorra da. Egunero entrenatu beharra dago. Batzuetan, egunean bi aldiz. Eta batzuetan ez dituzu espero zenituen emaitzak lortzen eta oso garrantzitsua da animatuko zaituen norbait izatea.
Ze ibilbide osatu zenuen igeriketa munduan?
13-14 urterekin Espainiako txapelketan parte hartu nuen, lehenengoz. Garai hartan hasi nintzen egunean bi aldiz entrenatzen. 15 urte nituenean Izarrako (Araba) errendimendu altuko zentrora joan nintzen. Zentro hori ez da existitzen dagoeneko. Euskadiko eta inguruko igerilari onenak joaten ginen: Errioxa, Asturias, Kantabria eta Galizia. Beka batekin geunden, interno. Ostiraletan etxera itzultzen ginen eta igandetan berriro Izarrara. Batxilergoko 2. mailan joan nintzen eta UBI egin arte gelditu nintzen. Handik Ordiziako beste igerilari batzuk ere pasa ziren: Maider Gaztañaga, Iker Perez, Mikel Otaegi… Madrilen, Bartzelonan eta Malagan horrelako beste zentro batzuk zeuden.
Zer egin zenuen Izarratik irten zinenean?
Beka batekin Amerikako Estatu Batuetara (AEB) joateko aukera suertatu zen. Horri esker, igeriketa eta ikasketak uztartzeko aukera izan nuen. Lau urte eman nituen Southern Illinois unibertsitatean. Oso esperientzia polita izan zen. Oso aurreratuta zeuden: teknikoki, motibazioa… Iritsi eta berehala ur azpitik grabatu zidaten, nola igeri egiten nuen ikusteko. Egun, ez dago horrenbesteko alderik hangoaren eta hemengoaren artean. Zazpi urte eman nituen AEBn, ikasketak amaitu ondoren masterra egin bainuen eta ondoren bi urte eman bainituen lanean.
Zer egin zenuen itzuli zinenean?
Madrilen, Bruselan eta Vigon bizi ondoren, egun Bilbon bizi naiz.
Ze emaitza lortu zenituen?
Euskadiko txapelketa hainbat aldiz irabazi nuen. Lagun batek 100 metro libreetan minututik jaitsi nintzen lehen euskal igerilaria izan nintzela gogoratzen dit beti. Bestalde, Espainiako txapelketako 200 metro libreetan hirugarren postuan sailkatu nintzen.
Zer eman dizu igeriketak?
Igeriketa kirol gogorrenetakoa da, igerilekuan bakarrik baitzaude eta kontzentrazio handia behar baita. Gainera, hasten zarenean oso gaztea zara. Asko entrenatu behar da eta ez da erraza ikasketekin uztartzea. Gazte askok horregatik uzten dute. Pena da. Niri igeriketak asko eman dit: lagun asko, diziplina… Oraindik kirola egiten jarraitzen dut.
Igeriketa egiten jarraitzen al duzu?
Lehen baino gutxiago. Ez nuen erreta bukatu, baina urte asko izan ziren. 23 urterekin utzi nuen igeriketa karrera profesionala. Berriro lehiatzeko asmoa dut, master mailan.
Lotutako albisteak
Ordizia Igeriketak 50 urte bete ditu.
Endika Mate: «Ordiziako igeriketa taldean oso giro ona izan dugu beti»