Automobilismo probetan, rallyetako kopilotu edo gidari laguntzaile dabil Irati Atxa (Zegama, 1995), azken bi urte hauetan. Emakumeak Automobilismoan taldeko kide ere bada, eta historian lehen aldiz, neskek bakarrik antolatu dute auto lasterketa bat. Presentzia ikusarazten ari dira.
Noiz eta nolatan sortu zitzaizun automobilismorako zaletasuna?
Afizioa ez dut betikoa. Gure etxean, kotxeen zaletasuna anaiak bakarrik izan du, gurasoak ez dira amorratuak. Kuadrillako baten bikoteari, rallyetan ibilitakoa bera, egun batean esan nion kopilotu aterako nintzela. Zirkuitura joan ginen, autoari barrak jarri, eta horrela deitu zidan egun batean. Nahiko kasualitatez izan zen. Probatu nuen, eta gustatu. Ez naiz berez oso lehiakorra, baina adrenalina puntua gustatu zait; bizirik gaudela sentiarazten du.
Jarraitzen duzue?
Bai. Aurtengo denboraldia Lea-Artibaiko Rallyan hasi genuen. Iaz motorra hautsi genuen Lesakan; konpondu, aurreztu, eta bat eta beste, orain arte. Aurten kolpe bat ere eduki dugu Lean, baina konponduta dago. Iban Leanizbarrutia da nire pilotua; bizkaitarra da, Berrizen bizi da. Lehenengo karrera harekin egin nuen, eta azkena ere hala uste dut egingo dudala. Oso-oso gustura nago. BMW E36 bat dauka, 325 motorrarekin.
Bolantera pasatzeko irrikarik bai?
Badaukat, bai. Gustatuko litzaidake, baina gastu handia da, eta mekanikaz asko jakin behar da.
Zein dira kopilotu baten dohainak?
Azkartasuna, gehien bat. Bion arteko konfiantza ere bai, eta aurretiko lanak ondo eginda eramatea. Ekipo bat osatu behar da, azkenean: bat urduri dagoenean besteak lasaitu… Denborak eramatea ere bada kopilotuaren lana, lasterketetan oso neurtuta egoten direlako orduak eta minutuak. Zeure buruarekiko kontrola ere behar da, eta akats gutxi egin. 2022an hasi nintzen.
Langintza ikasten al da bi urtean, edo horretan ari zara oraindik ere?
Pilotu bakarrarekin ibili naiz, egia esan, eta oso ondo hartu dugu elkar; komunikazioa ona daukagu. Beste pilotu batekin hasiz gero, haren gauzak ikasi beharko nituzke. Oharrak ere normalean pilotuak ematen dizkizu, gero karreran esateko; hori ere aldatuko litzateke, eta ohitu egin behar. Baina lana, berez, ez da hain konplikatua.
Urtean zenbat karrera egiten dituzue?
Asko ere ez. Txapelketan sartzen gara, egiten ditugun karrerengatik, baina urteko egutegia ez dugu osatzen. Ekain honetan batzuk baditugu, eta denbora asko kentzen du: ez bizitza pertsonalak eta ez poltsikoak, guri behintzat, ez digute ematen. Guretzat zaletasuna da; irteten garenetan erabat gozatzen dugu. Baina proba denak egiteko ez dago.
Iaz rallyesprintetan hasi ginen, eta Lea ere egin dugu bi urteotan. Gabiriakora ez gara etorri oraindik; bizkaitarra denez pilotua, hangoek gehiago tiratzen diote. Ahalegina egiten dut baina…
Emakumeak geroz eta gehiago zabiltzate autoen munduan. Iazko apirilean, Gabiria-Legazpi rallyesprintean ateratako argazkia esanguratsua izan zen, hainbeste bilduta. Mugarria da?
Oso esanguratsua izan zen argazki hori, oso bisuala da eta. Zerrendan ez da jabetzen emakume asko dauden ala ez. Emakumeak Automobilismoan taldea sortu genuenean, helburu bat emakumeak hemen gaudela ikusaraztea zen. Argazki bidez esatea iruditu zitzaigun egokia. 26 elkartu ginen Legazpiko plazan. Oker ez banago, gehien elkartu garen proba da. Gauden emakume denok karrera batean elkartzea oso-oso zaila da. Taldez kanpo ere badaude. Goia jo duen? Atzo kide bat sartu zen taldera, adibidez. Ari gara talde bezala ere ezagutarazten. Lehen, kalean ni Irati nintzen; orain, leku batzuetan kopilotu bezala ikustea lortu du talde honek.
Kiroleko mentalitatea aldatu da?
Hasieran entzun nituen komentario batzuk, ‘zu zertara zoaz horra?’, ‘kotxeak ez zaizkizu gustatzen’… Ni beti izan naiz errebeldea, eta ‘nahi dudalako’, ‘zergatik ez?’ erantzuten nuen. Sartu aurretik, mutilen kirola ote zen irudipena neukan, baina behin barruan nagoela, laguntasun handiko kirola dela ikusi dut. Ez dut halako errefusarik sumatu. Ez dago emakume/gizonezko bereizketarik, baizik zeinek daukan kapital gehiago eta zeinek gutxiago. Nahi baduzu, atera zaitezke. Ekonomikoki ahal izateak markatzen du gehiago. Guk ere askotan egin dugu emakumea gehiago nola gerturarazi hausnarketa; baina, nahi izatea baino, ahal izatea da gehiago. Ez da indar edo potentzia fisiko kontua, beste kirol batzuetan bezala.
Taldean egiten ari zareten lanaren garrantzia, zertan dago?
Normaltasunez, nahi edo ahal duten neskek ere parte har dezaketela ikusaraztea. Aukera badaukatela jakitea. Gure artean, mutilengandik ere laguntasuna eduki dugu. Merchandisinga atera genuenean, jende askok erosi zuen, mutil eta neska, heldu eta haur. Hor ere laguntasun bat sentitzen dugu.
Zenbat emakume daude federatuta?
Iazko datuak dauzka federazioak, aurtengoa irekita dagoelako oraindik. Iaz 56 emakume ibili ziren, eta gizonezkoak 362. Emakumeak Automobilismoan taldean ez gaude hainbeste; 15-20 bat izango ginen, aurten gutxixeago. Taldea irekia da, baldintza bakarra emakumea izatea da; ez dauka zertan lehiaketan ibili beharrik ere, interesa daukaten guztiak ongi etorriak dira.
Orain trantsizioan gaude. Rallyesprint bat antolatzen ari garenez, kirol klub bihurtu gara: EME Automobilismo Kirol Kluba. Lehen urtean helburu garbiak jarri genituen, eta horien bila ari gara: ikusaraztea, parte-hartzea… Instagram kontua sortu genuen, komunikaziorako. Arazoren bat edo proposamenenak lantzeko eta elkar ezagutzeko, tarteka bilerak egiten ditugu.
Aurtengo erronka rallyesprint bat antolatzea jarri duzue?
Hori da. Neskentzat eta mutilentzat irekia izango da, eta daukan berezitasuna da neskak bakarrik ari garela antolatzen. Lehenengo aldia da horrelakorik gertatu dena. San Miguel Rallyesprinta antolatzeari utzi zioten, eta berreskuratzeko apustua egin dugu. Ekainaren 29an izango da, Etxebarritik (Bizkaia) Elgoibarko San Migelera (Gipuzkoa).
Antolakuntza arloa zer iruditu zaizu?
Koordinazioa eta komunikazioa dira giltzarriak, eta lantaldea edukitzea. Talde oso indartsua daukagu, lanerako gogoarekin. Lana da, baina ordaina ona izango delakoan, horren bila goaz, ea ahalik eta ondoena egiten dugun. Nahiko genuke araudiak baimentzen duen partaide-muga betetzea, 70 lagun.
Eta ahalik eta emakume gehienak izan daitezela, ezta?
Bai, horretan ari gara. Motibazio bat da. Eskerrak eman nahi nizkieke beste eskuderiei. Laguntza asko jaso dugu, eta denei eskerrak. Elkartasun handia dago kirol honetan, oso kooperatiboa da.