Laia Apaolaza (Segura, 2007) Ikama ikasle antolakundeko kidea da. FCK SELE kanpaina jarri du martxan antolakundeak, azken hiru egunetan egin berri duten selektibitatearen aurka.
Zergatik abiarazi duzue FCK SELE dinamika?
Hasteko, bi urte presiopean ikasten eman ondoren, proba honek hiru egunetan gure etorkizuna jokatzera behartzen gaitu. Azterketa honek edukien memorizazioan oinarrituta dagoen sistema bultzatzen du, hezkuntza sistema arrotz batean oinarritzen delarik. Zenbaki hutsez ebaluatzen gaituzte, eta etorkizunerako baliagarriak izango garenaren arabera sailkatzen. Errealitate sozioekonomiko ezberdinak bizi ditugun ikasleak multzo berean sartuz.
Honek ikasleongan sortzen duen presio eta ezinegon etengabeak ondorio psikologiko ugari ekartzen dizkigu, gure osasun mentala bigarren plano batean gelditzen delarik. Horrez gain, selektibitateko nota nahi besteraino iristen ez bada, unibertsitate pribatuetarako joera dago, horretan pribatizazioek dakartzaten kuota jasanezinek ikasketa askotarako bidea ixten digutelarik, gure hezkuntzarako eskubidea ukatuz.
Zein dira zuen aldarrikapenak edo proposatzen dituzuen aldaketak?
Ikamatik, euskalduna izango den hezkuntza sistema beharrezkoa dela uste dugu, Euskal Herriko ikasleok egun ditugun hezkuntza sistemak Espainiar eta Frantziar estatuek inposaturikoak baitira. Honek, ikasle euskaldunok zapaltzen gaitu eta gure herriaren asimilazioa bultzatzen du. Ipar Euskal Herriko ikasleen egoera azpimarragarria da gainera, Baxoa Frantsesez egin beharra izaten baitute.
Bestetik, ikasleon beharrak erdigunean jarriko dituen hezkuntza proiektua aldarrikatzen dugu. Selektibitatean asko jokatzen dugu, gure etorkizuna baino askoz gehiago, eta ebaluazio bakar batek gure etorkizuna erabakitzea onartezina zaigu. Ikasleon ongizatea bermatuko duen hezkuntza sistema duin bat aldarrikatzen dugu, gure ongizatea bermatu, kritikotasuna bultzatu eta indibidualismo eta lehiatik urrunduko gaituena.
Selektibitatearen aurkako ekintzek zein ondorio izan ditzakete?
Selektibitatearen aurka agertzeak hainbat ondorio ekar ditzake, jardun politikoaren aurkako erasoak jasateraino, honekiko desadostasuna adierazteagatik. Gaur goizean, adibidez, Nafarroako hiru kide identifikatu dituzte, eta burututako ekintzak segurtasun gorputzek eta poliziak jazartuak izan dira.
Selektibitateko proba ez burutzearen ondorio izan daiteke zure ikasketa prozesua mugatzea eta zure bizi-proiektua nahi bezala ez garatzea. Horregatik, ‘behartuta’ gaude proba hau burutzera nahi ditugun ikasketak aurrera eraman ahal izateko, lanbide heziketakoak ez badira behintzat.
Hala ere, argi dugu USE azterketaren aurkako posizioan jarraituko dugula, gure eskubidea baita hezkuntza sistema duin eta hezitzaile bat aldarrikatzea, sinesten dugunarekin lerratzea eta dinamika politikoak burutzea, euskalduna den Eskola Publiko bat lortu arte. Baita selektibitatearen erako ebaluaketa indibidualizatzaileak baztertu eta hezkuntza kolektiboa bermatu arte ere.
Nola lurreratzen da hori Goierrin?
Goierriko ikasleoi ere, Euskal Herriko beste ikasleei bezala, asko eragiten digu selektibitateak. Etengabe sentitzen dugu presio hori eta gure ingurukoak ezinegonaz jota ikusten ditugu. Honen aurrean, Goierriko Ikamako kideok gure artean gai honekiko dugun ardura azaldu eta herrietan aldarriak plazaratu ditugu, inguruko ikasleei babesa eta selektibitatearekiko desadostasuna adieraziz.
Goierrin bezainbeste lan egin da inguruko eskualdeetan ere, baina guk, bertatik eta bertakoei animoak eman nahi dizkiegu, aldarrikapenen artean badagoelako elkartasunerako tartea.