Nagore Ozerinjauregi Beldarrain • Psikologian doktorea. Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saila. Irakasle-ikertzailea EHUn
Esti Amenabarro Iraola • Pedagogian doktorea. Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saila. Irakasle-ikertzailea EHUn
Jardunbide inklusiboak garatzeko, ikasleek zer oztopo dituzten jakin behar dugu lehenik eta hori ezin da ikasleen identitatea ezabatuz edota ukatuz egin. Euren errealitate kultural eta soziala oinarri hartuta, beste hainbat dimentsio birpentsatu behar dira: eskola-antolaketa, harreman pedagogikoak eta haien zaintza, irakasteko metodoen malgutzea, haur guztien aurrerabideak neurtzeko ebaluazio hezigarria.
Madrilgo Complutense Unibertsitateko katedradun Laura Rayón irakasle-ikertzaileak ezin hobekiago azaldu zuen: hezkuntza eremuan transformazioak gertatzea nahi badugu, lan egiteko moduak ere transformatu beharko ditugu. Transformazioa, ordea, ezin du metodologia aldaketa huts bat izan, Rayónen aburuz, eraldaketak sakonekoa izateko eskolaren bihotzera jo behar du, eskolako kultura eta giroan eragin behar du, pentsamenduan eta egiteko moduetan. Bestela, aldaketak azalekoak dira. Zentzu horretan, eskola komunitatean elkar bizi diren agente guztiak, parte hartuko duten prozesuak abiatzeko unean, ezinbestekoa da haien artean dauden harreman dinamikak ezagutu eta ulertzea.
Universitat Oberta de Catalunya Unibertsitateko Marina Garcés filosofoaren esanetan: sinplea dirudi, baina zaila da, tokiz aldatzea eta begirada berriak eskatzen baititu, bestea jaso eta errekonozitzeko forma berriak behar dira, agertokiak aldatzeko.
Inklusioaren bideak, besteak ezagutu/aitortu eta haien errekonozimenduak, berdintasuna bera pluraltasunetik ulertzeko ahalera eskaintzen du, zailtasunak/oztopoak, indibidualtasunetik begiratu ordez, kolektiboki errekonozitu eta haiek gainditzeko. Pedagogia kritiko honek begirada aldaketa eskatzen du, beste modu batez hezteko konpromiso etiko bat dakar bere baitan. Irakasle eta hezkuntza eremuko gainerako profesionalen lankidetza, kolaborazioa eta konpromisoa eskatzen ditu, ezinbestean. Hik Hasi, Hezkuntza Eraldatzeko aldizkariak, bere apirileko editorialean ere, ederki jaso du kongresuaren kronika: iritzia ematea baino gehiago da parte hartzea. Besteen esanak aintzat hartzea, haien ekarpenak jasotzea eta horien araberako prozesuak abiatzea eta aldaketak egitea eskatzen du.
Bukatze aldera, aipatu kongresuan parte hartu duen beste ahots esanguratsu bat azpimarratu behar dugu, Ignacio Calderón-ena, eta lerrook idazten ari garen unean, komunikabideetan titular oso esanguratsua irakurri dugu: «Oso latza da haur bat gizarte honen parte ez sentitzea» (Diario Vasco, 2024ko apirilaren 29an). Eta kezkagarria den beste datu bat, El País egunkariak azpimarratu duena egunota: gero eta haur gehiago daude hezkuntza bereziko zentroetan. Hezkuntza eremuko lege, araudi eta protokoloek aniztasun funtzionala duten ikasleak eskola/bizitza arruntean parte hartzea ahalbidetu behar dela adierazten badute ere, datuek bestelako praktikak agerian jartzen dituzte.
Haurrak erdigunean jartzea leloa sarri entzuten dugu. Marketin esaldi arrandiatsua baino areago, gizarte bezala dugun erronka da. Ezin ahaztu lehentasunezkoa dela, gainera: haur askorentzat eskola espazio seguru ia bakarra da ez soilik Ugandan, gertuagoko lurraldeetan ere (Save The Children, 2024).