Joxe Mari Allur • Legorreta
Asintxio Zuntzunegi Legorretako Mukullu baserrian jaio zen, 1721eko maiatzaren 28an. Inazio Zuntzunegi eta Katalina Jauregi ziren bere gurasoak. 11 urte zituela ama hil zitzaion. Hiru senideetan gazteena zen. Nerabezaroan Azpeitiko Loiolara morroi joan zen, garai hartan ohikoa. Bere barnean jesuita izateko harra edo bokazioa sortu zitzaion, aitari han gelditzeko asmoa agertuz.
Mukullun, aitak bazituen bere buru hausteak eta bere oinordekoa aukeratze lanetan zebilen. 1748ko abenduaren 17an etxeko sukaldean, mahaiaren inguruan, bere seme-alabak eta hauen ezkonkideekin elkartu zen. Notarioa eta eskribiantea ere han ziren. Asintxio falta zen, etxetik urruti zegoen. Jesuiten sotana edo abitua janzteko bezperetan zegoen. Dena den, badaezpada ere, Asintxiori zegokion dote eta arreoa izendatuta utzi zituen: 120 dukat, zekor bat, bost ardi eta txerri bat, ohe berri bat jantzia eta Kutxa. Maiorazkoa arduratzen zen senideen dote eta arreoaz, beti ere etxea uzten zutenean. Ez dirudi Asintxio berearen bila joan zenik.
Fraide edo jesuita abitua soinean zuela, Villagarcia de Camposera (Valladolid) bidali zuten nobiziadua egitera. 29 urterekin, 1750ko abenduaren 16an hasi zuen nobiziadua. Bi urteko iraupena zuen. Lehenengo urtea bertan egin eta Loiolara bidali zuten. Artean Loiolako basilika bukatu gabea zegoen. Loiolan hamar bat urte egin zituen, bertan profesa edo azken botoak 1761ko otsailaren 2an egin zituelarik. Berriro Villagarcia de Camposera bidali zuten aita ekonomoaren laguntzaile bezala. Hara iritsi zenean, 107 jesuita zeuden bertan. Garai haietan ere jesuitak oso zabalduak zeuden Espainian eta munduan. Beren iritziak Madrilgo gorteraino iristen ziren. Karlos III erregeak agintzen zuen Espainian eta dirudienez, giroa nahastua zegoen. Erregeak ez zituen bere gustuko jesuitak, ez orduko kleroak ere.
Esquilache ministroak alearen (artoa eta garia) salmenta prezioak liberatzea erabaki zuen. Erabaki horrek istilu larriak sortu zituen Espainian eta baita Euskal Herrian ere. El motín de Esquilache izenarekin ezagutzen dira Madrilen izan ziren iskanbilak. Euskaldunek ere erakutsi zuten beren indarra Azkoitiko matxinada bezala ezagutzen denean. Bertan, batez ere, Loiolako basilikan lanean ari zirenak altxa omen ziren. Alearen prezioa liberatzearekin espekulatzaileek prezioak garestitzeko aprobetxa zuten, langileek ogia erosi ezinik utziaz.
Handik hara
Madrilgo gortean mobida haren bultzatzailetzat jesuitak jo zituzten eta gertatutakoaren motxila jesuiten bizkarrera pasa zuten. Euren kontrako giroa prestatzen joan ziren buloak, esamesak, eta irainak zabalduaz, eta herria kontra jarriaz. Erregeak eta bere ministroek erabakia hartua zuten: Jesuitak Espainiatik bota behar zituzten. Isilik eta sekretupean jardun zuten. Agindua, jesuitak Espainian zeuden herri guztietako agintariei eskura eman zitzaien, data iristen zenean denak batera kunpli zezaten.
1767ko apirilaren 3a zen, goizeko bostetan Villagarcia de Camposeko elizako ateak ireki zituztenean, dena soldaduz inguratuta zegoen. Hainbat ofizial eta notario sartu ziren eta aita Erretorea buru zela, denak jangelan elkartu zituzten. Presa handia zuten eta berehala notarioak kanporatze agindua irakurri zien. Ihes egingo ote zuten beldur zirenez, hurrengo egunean bazkalondoren biderako beharrezkoenekin pardel bat osatu eta Santander bidean jarri zituzten. Hilabete pasa zuten bidean Santanderrera iristeko. Itsasontzietan, Ferrolera lehenengo, eta handik Italiara.
Karlos III erregearen gatibu ziren eta iheserako aukerarik gabe. Hobeto kontrolatzeko hileroko pentsioa jarri zien, jesuita apaizei 100 peso eta legoei 90, baina norberak kobratu behar zuen, norbait kexatuz gero pentsioa kentzen zioten. Ia bi hilabeteko bidaia egin ondoren Kortsikako Calvi herrira iritsi ziren. Urtebete pasa eta berriro Genovara eta handik Boloniara, Apenino mendiak oinez zeharkatuz.
1793ko uztailaren 19an hil zen, 72 urterekin. Aita Isidro Sans, Loiolako artxibategiko arduradun ohiak zionez, Asintxio Zuntzunegi gizon ospetsu eta santu bezala konta beharrekoa da.