Igor Susaeta • Kazetaria
Iturri fidagarrien bila jo ohi dut zutabeok elikatzeko, eta, horregatik, hau idazten hasi baino lehen galdera bat egin nion nire bi ilobetako bati. 11 urte ditu. «Aizu, Praxku! Luzeak edo motzak egiten zaizkizu udak?». Bere erantzun irekiak ez ninduen gogobete: «Ez dakit». Egin nion galdera entzun zuen bere lagun lotsagabeago batek, eta zerbait esatera ausartu zen. «Gustatuko litzaidake urtebetez beti oporretan egotea, eta hurrengo urte osoan eskolara joatea beti». Bakoitza bere zoroak bizi du. Ez nien esan, baina niri gero eta laburragoak egiten zaizkit udak, nahiz eta klima larrialdiaren gorabeherekin otsailetik abendura praka motzak janzteko eguraldia egiten duen tarteka. Urtarrilean ez, lagunok. Never ever.
Agian oker nabil, baina esango nuke uden efimerotasunaren pertzepzio hori daukadala, neurri batean lagun batek kontatu zigunetik bere aitak beti esan izan diona: San Joanen bueltan kakazten dela dena, orduan hasten baitira laburragoak izaten Santa Lutzi egunetik luzeagoak diren egunak.
Orduan, uztailaren 13an Zarauzko hondartzan ari baldin banaiz bainu bat hartzen, irits naiteke neure artean zera pentsatzera: «Arraioa… Zergatik ez gaude maiatzaren 25ean Oletan, Trinitate eguneko erromerian». Carpe diem esaten zuen Horaciok: joan dadila antzarrak ferratzera… Garaiaren abiadurak omen garamatza hala pentsatzera.
Baina ez naiz, Xabier Montoia bezala, omenka ibiliko, ez. Zientziara jo dut ulertu nahian lehen amaiezina iruditzen zitzaidan sasoiko orduak, minutuak eta segundoak zergatik pasatzen diren hain azkar. Adrian Bejan Duke Unibertsitateko (AEB) irakasleak iazko udan European Review aldizkarian kaleratu zuen artikulu batean zioenez, gure burmuinak azkarrago perzibitzen du jasotzen duen informazioa gazteagoak garenean; beraz, horregatik, egunak luzeagoak iruditzen zaizkigu. Urteak bete ahala, ordea, irudiak era askoz ere mantsoago batean perzibitzen hasten gara, detaileek ihes egiten digute, eta horrek egiten du denbora askoz ere azkarrago igarotzea. Hurrengoan, 90 urteko bati egingo diot galdera.