Zeraingo jauregian 1488ko ekainaren 24an jaio zen Johanes Lopez. Erlijio ikasketak egin zituen Europako hainbat unibertsitatetan, eta bukaera bortitza eduki zuen. Inkisizioak sutan erreta akabatu zuen, Granadan (Andaluzia), 1530ean. Hiru liburu idatzi zituen, Erasmoren dotrina berria erakusteko. Elizaren gehiegikeriak kritikatu zituen korronte berrian sartu zen, eta bizia kendu zioten horregatik.
Johanes Lopez Zeraingoaren bizitza eta ibilerak Suaren froga eleberri historikoan bildu zituen Patri Urkizu idazleak (Lezo, 1946), 2021ean. Zenbait pasarte eta egoera fikziozkoak badira ere, biografiaren bizkarrezurra erakusten du.
Elizgizon ezezik, hizkuntzei ere gogotik eskaini zien arreta Johanes Lopez Zeraingoak. «Moroak konbertitzeko» eta misiolariei laguntzeko liburu bat idatzi zuen, Arte y vocabulario de la lengua arábiga. Granadan kapilatu izan zen. Ama hizkuntzaz gain, gaztelania, latina, grekera eta arabiera zekizkien.
XVI. mende hasierako garai berritzaile, itxaropentsu bezain erreprimitzaile eta gordina barne-barnetik bizi izan zuen zeraindarrak. Testigantza dokumental eta historikorik ez badago ere, eleberrian orduko pertsonaia handienekin elkar-eraginean jarri du Urkizuk: Elkano, Inazio Loiolakoa, Rotterdamgo Erasmo, Lluis Vives…
Europako haizeekin Espainiak sua
Ahaide nagusi eta jauntxoen esparrutik –aita Martin Lopez Andaluzian mairuen kontrako gerran zebilen, Johanes zazpigarren umea jaio zenean–, letren, teologiaren eta fedearen ikastegietara jauzi egin zuen, senide-zerrenda ugarian atze aldera jaiotakoei zegokien gisan. 12 urterekin Donemiliagara (Errioxa, Espania) bidali zuten latin ikasketetara, eta Salamancara 1505ean.
Europan zehar jarraitu zuen, adindu ahala jakiturietan sakontzen. Tolosan (Okzitania) zen 1510ean, Parisen 1515ean, Bruggen (Flandria) 1520an, eta Espainiara joan zen berriro: Guadalajara, Valladolid, Alcala de Henares, Toledo… izan zituen lantoki eta bizileku.
Garaiko inprimatzaile eta editore ospetsuen tailerretan kokatu du, bestetik, idazleak. Elizaren berrikuntzaren aldeko mugimenduan barneratu zen. Ez zioten ausardia barkatu. 1530eko uztailaren 4an hil zuten, Granada hirian, Inkisizioaren sutan erreta.