Eider Matxain eta Sara Garmendia (Gaintza, 2000) Gaintzako herritar gazteak dira eta aurtengo San Joan bezperarako ekitaldi berezia prestatzen ari dira, beste hainbat herritarrekin batera. Gaintzan ere San Joan bezperako sua egun horretako ardatza izatea nahi dute aurtengoan.
Zer ari zarete prestatzen zehazki San Joan bezperarako?
Kontua da Gaintzan ez dela sekula ohiturarik izan San Joan bezperan sua egiteko, ezta suaren inguruan dantza egiteko ere. Inguruko herrietan bai egin izan dute beti sua, baina Gaintzan ez.
Afari-merienda izan da beti gaintzarron San Joan bezperako plana. Horregatik, hau aldatu eta egun honetan sua erdigunean jartzeko hautua egin dugu, baita suaren inguruan dantza egitekoa ere.
Nola doaz prestaketak?
Egia esan, hasieran beldu apur batekin hasi ginen. Euskal dantzetan aritzen den Tolosako dantzari bat ari zaigu erakusten dantzan egun honetarako eta hasieran beldurra izan arren, dantza erraza dela ikusita nahikotxo lasaitu gara. Hala ere, oraindik ez dugu dantzatuko dugun guztiok elkarrekin entsaiatu eta horren apur bat urduritzen gaitu, baina ez dugu zalantzarik ongi joango dela, eta gaur egingo dugun entsaioan guztiok izango garenaren esperantza daukagu. 15 dantzari inguru izango gara suaren inguruan San Joan bezpera berezi honetan.
Zein da zuen aurreikuspena egun horretarako?
Afari-merienda izan da urtero egun horretako ekitaldirik garrantzitsuena Gaintzan eta aurten bigarren plano batean geratuko dela uste dugu, izan ere, aurrez aipatu bezala suari eta egun honetan suak hartzen duen sinbolismoari erreparatu nahi diogu, protagonista hau izan dadin. Hau hala izanik eta berrikuntza bat dela kontuan izanda, uste dugu beste urteetan baino jende gehiago gerturatuko dela Gaintzara egun honetan. Hala ere, Abaltzisketan, Ordizian eta inguruko beste zenbait herritan ere egiten da sua eta beste urteetan hauetara jaisteko ohitura dugu, beraz, herri hauetako jendea agian ez da gerturatuko, baina hara joan izan diren herritarrak, badakigu herrian bertan geratuko direla eta horrek ilusioa egiten digu.
Gazte bezala nola bizi duzue berrikuntza hau?
Gazte bezala poztasun handiz bizi dugu berrikuntza hau, izan ere, normalean Ordiziara edota Zaldibiara joatera ohituta gaude edozertarako eta San Joan bezperan ere berdin egin izan dugu.
Hau hala izanik, herrian eskaintza izateak asko pozten gaitu, izan ere, etorkizunean bertan bizitzeko komeni zaigu herri bizi bat izan dadin eta horregatik, zerbait antolatzen denean beti saiatzen gara parte hartzen eta horren parte aktibo izaten. Herria biziberritzeko asmoz gabiltza eta irailean San Migel jaiak direla eta egitaraua osatzen ari gara horretarako ere, herritar guztiontzat erakargarriak izango diren jai batzuk osatze aldera.