Goierriko herri txiki batean jaio eta Goierriko beste herri txiki batean bizi da Euskal Herriko sindikatu esanguratsuetako bat den LABeko gaurko koordinatzaile orokorra. Garbiñe Aranburu Irazustak (Legorreta, 1973) Debagoienako delegazioan abiatu zuen sindikalgintzako bidea 23 urte zituela. LABek aurten 50 urte betetzen ditu, eta horren bilakaeraren motoreetako bat izan da.
Goierritar peto-petoa zara.
Nongoa naizen galdetzen didatenean, goierritarra esan, eta hortxe uzten dut. Legorretakoa naiz, Zaldibian bizi naiz.
Nolakoak ziren Legorretako garaiak?
Egia esan, garai lasaiak. Orain ama naizela, are gehiago baloratzen dut herri txiki bateko bizitza. Nirea haurtzaroa zoriontsua izan zen, lagunekin kalean ibiltzen ginen, lasaitasun osoz… Oroitzapen onak dira. Ikastolan aitzindari izan ginen, orduko OHO osoa herrian egin genuen lehenak. Ez genuen egoitzarik, leku batetik bestera ibili ginen, baina esperientzia aberasgarria eta polita izan zen.
Herritik atera zinen, ikasteko.
Ordiziara joan nintzen institutura, eta gero Leioara, Lan Harremanak ikastera. Herri txiki batetik Bilbo aldera joatea salto handi bat izan zen. Han oso gustura egon nintzen, oso harreman onak egin nituen, bizitzaren beste ikasketa prozesu bat izan zen, baina zer gustura bueltatzen nintzen herrira!
Eta hemen geratu zinen bizitzen.
Beti argi izan dut gutxieneko zerbitzuak dituen herri txiki batean bizi nahi nuela, eta Zaldibia da hori. Gaur nire bi alabak hazita daude, eta asko pozten naizela erabaki hori hartu izanaz, iruditzen zaidalako haientzat ere bizi kalitatea izan dela herri txiki batean bizitzea.
Zergatik Lan Harremanak?
Langileen errealitatea eta egoera, eta sindikalismoa, kezka horiek aspalditik neuzkan. Injustiziei aurre egiteko eta zerbait emankorra edo eraginkorra egiteko beharretik hartutako erabakia izan zen. Ikasketa garaietan langileen errealitatera gerturatzen joan nintzen, eta ikasketak bukatutakoan, prekarioan lan egitea tokatu zitzaidan.
Zer lanetan ibili zinen ba?
Lehenik, etxe batean etxeko lanetan laguntzen, Donostian. Herri txiki batetik joanda, sentitu nuen klasismoa ez dut ahaztuko. Zaintza eraldatzearen beharraz eta langileen prekarietateaz hitz egiten dugunean, asko gogoratzen dut hura. Denbora gutxian egon nintzen, baina ordutik oso barneratuta dut errealitate horiek irauli egin behar direla, batez ere gaur egun, langile migratu eta arrazializatu asko daudelako lan horietan. Gero ostalaritzan lan egin nuen. Beraz, langileen prekarietateaz hitz egiten dudanean ezagutzarekin hitz egiten dut, barrutik eta sentimendutik.
Noiz hasi zinen sindikalgintzan?
Antzuolan taberna batean lanean nengoela LABeko delegatu batzuk ezagutu nituen, eta haien bidez egin nuen sindikaturako bidea. Debagoienan delegatu bat behar zuten, eta hala hasi nintzen.
Nolakoak izan ziren hastapen haiek?
Debagoienan orduan ehungintzako borrokak pil-pilean zeuden. Langile asanbladetan askotan emakume bakarra edo bakanetakoa, sindikatuko bileretan ere bai, eta oso gaztea, 23 urte. Ez ziren garai batere xamurrak izan, baina langile borrokaren garrantzia oso modu azkarrean ikasteko aukera eman zidan.
Gizonezkoena al zen sindikalgintza?
Oso maskulinoa zen orduan. Baina elkar babestuz eta ahizpatasuna landuz, bide bat egin dugu arlo horretan. Lehenik, barne mailako plan feminista bat martxan jarri genuen, eta handik hasi zen eraldaketa feminista sindikatuaren barruan. Urratsa egin genuen sindikalismo feministara, eta praktika sindikala feminista bilakatzeko. Horrela lortu genuen gainditzea androzentrismo hura, gutxiespena, inbisiblea sentizea, gure hitzek gutxiago balio zutela sentitzea bileretan, patronalaren aurrean, beste sindikatuen aurrean… Zorionez, gaur sindikalgintza, eta zer esanik ez LAB, beste puntu batean dago.
Eboluzioa eman da, gizartean bezala?
Gizartean ematen ari den eraldaketa feministan gure sindikatua aitzindarietako bat izan da. Duela 30 urtekoa da gure plan feminista, eta haren ondotik hainbat urrats egin dira, tartean zuzendaritza parekide bat izendatzea, edo idazkari nagusia emakume bat izatea, Ainhoa Etxaide. LAB aitzindaria izan da sindikalgintza feministaren aldarrikapenean eta praktikan, eta 2017ko Kongresuan hori berretsi genuen, gure jardunean ekosozialismoa eta antiarrazismoa integratzea erabaki genuen bezala.
2017ko Kongresua aipatu duzu. Hor izendatu zintuzten Idazkari nagusi.
Zuzendaritzan 2004tik 2017ra arte egon naiz, hainbat ardurarekin, tartean ekintza sindikaleko eta negoziazio kolektiboko zuzendari. 2017an idazkari nagusia izendatu ninduten, eta 2022an koordinatzaile orokorra, Igor Arroyorekin.
Aurretik, zein bide egin zenuen?
Zuzendaritzara iritsi baino lehen hainbat eremu eta langile errealitate ezagutu nituen, baita sindikatuaren funtzionamendua ere. Debagoienan, sektore guztietan aritzen nintzen, orduan LAB ez zegoelako gaur bezala Zerbitzu Publikoak, Industria, eta Zerbitzu Pribatua federazioetan banatuta. Gero Donostialdera joan nintzen, emakume gehiago dagoen merkataritza, ostalaritza eta garbiketa sektoreetan lan egitera. Ondoren Tolosa-Goierrira etorri, eta urte bete egin nuen, Industria federazioan. Handik zuzendaritzara pasa nintzen.
Ba al duzu aukera lehen bezala jendearengana, errealitatera hurbiltzeko?
Hori da gehien faltan botatzen dudana, harreman zuzenagoa izatea langileekin, afiliazioarekin, oinarriarekin. Eskualdeetan baduzu hori, langileen eskubideen aldeko borroka zuzenago bizitzeko aukera, eta bueltan jasotzen duzun berotasuna oso aberasgarria da. Zuzendaritzan distantzia bat hartzen da, baina gu zuzendaritza partehartzaileago baten aldekoak gara. Hala, martxan jarri ditugu entzute ariketak, oinarriarekin egoteko, jendearen beharrak entzuteko, errealitatetik ez aldentzeko.
Zein da Euskal Herriko lan egoera?
Azken urteetan bizi baldintzen prekarizazioa bizitzen ari gara: ez dago osasungintza bezalako zerbitzu publikoak indartzeko nahiko apostu; zaintza oso pribatizatuta eta merkantilizatuta dago, nagusiki emakume migratuen gainean; bizitza garestitzen ari da, eta langileak eros ahalmena galtzen ari dira; langile klasea geroz eta zatituago dago; etxebizitzarena arazo handia da… Eta patronala prekarietate horretaz baliatzen ari da sistemari etekin ekonomikoa ateratzeko. Dominazio sistema bat da, eta langileen arteko arrakalak edo diferentziak areagotzen ari dira.
Alderdi onak ere izango dira…
Zorionez, eta neurri handi batean LABi esker, Euskal Herrian klase sindikal oso indartsua dago, badago mugimendu feminista bat, pentsiodunak, gazteak, ekologismoaren bueltan antolatzen ari diren mugimenduak, arrazismoren kontra ari direnak… Mugimendu sozial indartsu horiek borroka sindikala eta soziala pizteko gaitasuna ematen diote Euskal Herriari, eta ondorioz, hemen bestelako errealitate bat dago. Ez da lortzen prekarizazio prozesua guztiz gelditzea, baina oztopoak jartzen zaizkio. Hemen, gainera, ezker independentismoa sendotuta dago maila politikoan eta instituzionalean, eta horregatik, hedatzen ari den ultra eskuinaren aurrean, beste testuinguru batean gaude.
Hori guztia ekarri daiteke Goierrira.
Lurraldeen eta eskualdeen artean desoreka handiak daude. Goierrin industria oso indartsua dago, baita gehiengo sindikala ere, LAB zehazki. Indar sindikala zenbat eta indartsuago egon, langileen aldeko borrokak aktibatzeko baldintza hobeak daude. Goierriko baldintza sozioekonomikoak beste eskualde batzuekin alderatuta hobeak dira, baina ez da bakarrik garapen ereduagatik, baita langileen borrokarako gaitasun horregatik ere.
Lasai dago orain Goierri.
Orain bai. Azken urteetako borroka sindikalek ekarri dute negoziazio kolektiboa berritzen joatea, eta enpresetan ez da tokatu enplegu suntsiketarik edo itxierarik, nahiz eta batzuetan gatazkak sortzen diren hitzarmenen negoziazioetan. Azkena CAFekoa izan da.
Gatazkarik gabe hobeto, ala?
Sindikatuarentzat borroka, grebak eta mobilizazioak ez dira helburu bat, baizik eta bitartekoa, patronalaren posizioa mugiarazteko. Langile klasearen indarra bere antolakuntza gaitasunaren araberakoa da, patronalak gaitasun horren aurrean nota hartzen duelako. Gatazka eza ez da enpresari jatorren esku gaudelako, baizik eta enpresariek badakitelako neurtzen langilegoa gai den edo ez borrokak aktibatzeko, ahaldunduta dagoen edo ez, zer nolako ordezkaritza sindikala duen…
LAB 50 urte ospatzen ari da aurten.
LAB duela 50 urte jaio zen printzipio argiekin eta sustrai sendoekin. Hasieratik izan da independentista, beti defentatu du kontraboterea, sindikalismo eta klase sindikalista boteretsu bat garatu du, eta euskararen eta euskaldunaren aldeko apologia egin du. Ibilbidean zehar, eredu sindikala berritzen joan da eta feminismoaren, ekosozialismoaren eta antiarrazismoaren elementuak integratu ditu. LAB sendo dago, eta horrek esan nahi du langile mugimendu sendo, ahaldundu eta antolatu bat dagoela. LAB sortzen den lekuetan eta LABen ekintza sindikala ezagutzen den tokietan bilakaera positiboa izaten da. Baina horren atzean, langile mugimenduaren bilakaera, erronkak, beharrak ezagutzeko eta horietara moldatzeko eta eredu sindikala berritzeko gaitasuna dago.
Beste alde batetik guk oso garbi dugu gure egitekoa soziopolitikoa dela,eta askapen nazionaleko eta sozialeko prozesuan ekarpena egin behar dugula. Hor agente aktibo izan gara, eta oso defentsa sutsua egin dugu lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru euskaldunarena, espazio sozioekonomiko propioarena. Horregatik, estatuetako sindikalismoarekin alderatuta Euskal Herriak bese koordenada batzuetan funtzionatzean du. Hemen langile antolakuntza eta borrokarako espazio autonomo bat dugu, agenda propio batekin aritzen gara. Ondorioz, bestelako baldintzak eta soldatak ditugu.
Noiz arte egongo zara sindikatuan?
Zainetan daramat! LABen proiektuekiko atxikimendua dut, oso identifikatuta nago, parte naiz ere sindikatuak izan duen bilakaerarena… Harro diot LABek duen eskaintza sindikala langileen errealitateari hobekien erantzuten diona dela, eta nik hor jarraituko dut, modu batean edo bestean, LAB babesten.
Postu honetan bertan?
Postu hau hiru urterako da, eta gero denborak esango du.
Zuzendaritza postuetako «pribilegioak»
LAB sindikatuko zuzendaritza postuetan egoteak «pribilegio» batzuk ekarri dizkiola aitortu du Garbiñe Aranburuk. «Gauza asko ikasteko, harreman askotarako, pertsona oso interesgarriak ezagutzeko, eta momentu berezi asko bizitzeko aukera ematen dizu zuzendaritzan egoteak».
Momentu berezi horietako bat aukeratu du Zaldibian bizi den legorretarrak argazki kuttunaren atal honetarako, 2022ko abenduan Euskal Fondoak proiektuaren baitan Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara antolatutako bidaia, hain zuzen: «Euskal Herriko hainbat emakume joan ginen, eta bertako emakumeekin ahalduntzearen inguruko esperientziak elkar trukatu genituen. Bertatik bertara bizi duten egoera ezagutzea gogorra bezain interesgarria eta aberasgarria izan zen. Emakume sahararren indarraz apur bat kutsatu beharko genukeela pentsatuz etorri nintzen handik».
Aranburu 2004tik dago zuzendaritzan, gaur arte ardura desberdinak betez. Ardura horiek ez dutela aldatu dio. «Garbiñe betiko pertsona da, lankideekin, gertukoekin, delegatuekin, afiliatuekin… Sindikatuaren barruan bat gehiago naiz, gurea talde lana da, eta lan hau militantziarik eta oinarririk gabe ezin da atera». Lehen aipatutako pribilegioez gain, horrelako postuek alderdi positibo batzuk dituztela ere gehitu du: «Euskal Herriko errealitate desberdinak ezagutu ahal izatea, esaterako, ez baita berdina Goierri edo Nafarroako Erribera».