Iaz hiru lasterketa egin ziren eskualdean: Ormaiztegin, Idiazabalen eta Legazpin. Aurten, Legazpikoa izan da bakarra, eta azkena.
Goitibeherek indar handia izan zuten XX. mendean. Jostailu baten gisan sortu ziren aurreko mendeko lehenengo hamarkadetan. Eserleku bat, ardatzak eta gurpilak behar ziren bat eraikitzeko, eta aldapa batekin, dibertimendua sortua zegoen. Hala, XXI. mendera arte iraun dute goitibeherek, aurrerapen mekanikoekin eta zaletasunaren aldetik gorabeherekin. Azken urteetan, behera egin du goitibeherekiko afizioak Goierrin.
Iaz, 2023an, Legazpin, Ormaiztegin eta Idiazabalen izan ziren goitibehera lasterketak. Aurten, ordea, Ormaiztegikoa eta Idiazabalgoa bertan behera gelditu dira, eta Legazpin, ekainaren 1ean egin zuten azkena, Legazpiko Goitibehera txapelketaren 10. edizioa izan zena, Maldan Behera elkarteak antolatuta. Julen Agirreburualde (Legazpi, 1988) elkarteko kideak eta goitibehera pilotuak azaldu duenez, «tamalez beherakada handia» egon da: «Esan daiteke galtze-egoeran dagoela». Legazpin duela 12 urte sortu zuten Maldan Behera taldea, bertako goitibehera txapelketa antolatzeko. Ondoren, beste hainbat ekintza antolatzen hasi ziren goitibeherei indarra emateko asmoz, eta orduan eman zioten elkarte izaera, 2014an. Aurten 10. urteurrena ospatu dute, eta atseden hartzeko garaia iritsi dela erabaki dute: «Errelebo bila ibili gara, baina errelebo hori ez zetorren. Konturatu gara gero eta parte hartzaile gutxiago daudela hemen Goierri inguruan». Bizkaian eta batez ere Araban gora egin du afizioak, «gorakada handia izan da», baina Gipuzkoan beheraka doa: «Pultsoa hartzen ari ginen, baina zaila dago». Gipuzkoan bi goitibehera elkarte zeuden. Maldan Beheraren atsedenaldiarekin, Mutrikuko Tranpan Behera da bakarra.
Antolatzaile eta partaide
Ormaiztegiko goitibehera txapelketa ere Maldan Behera elkarteak antolatu zuen, lehenengoz 2022an, udalarekin elkarlanean. Urte hartan eta hurrengoan, 2023an, egin zituzten lasterketak, baina aurtengoa bertan behera utzi dute, antolatzaileak eta parte hartzaileak falta direlako, batez ere: «Hasteko, antolatzaile falta. Bolondresak falta direnean, gero zaila izaten da partaideak izatea». Herritarrek parte har zezaten nahi zuten, afizioa herrian bertan egotea, lasterketak herritarrei begira egiten diren zerbait dela ulertuta, baina azken urteetan ez zegoen herritarrik parte hartu edo antolatu nahi zuenik. Idiazabalen, duela 10 urte herriko 10 bat goitibehera izaten zirela lehiatzen, eta azken urteetan bertako partaide bakarra izaten zen, eta gainera, lasterketa antolatzen ibiltzen zen. «Horrek eragiten du errelebo ezan, eta antolatzaileek galdetzea euren buruari: ‘Ez badugu herriko partaidetza sustatzen, ez bada herritarrek egiten duten zerbait, nora goaz?’».
Saioa Elorza (Idiazabal, 2000) da azken urteetan Idiazabalgo Goitibehera txapelketan parte hartu duen idiazabaldar bakarra. Iaz egin zuten hogeita batgarren edizioa, eta oraingoz, azkena, aurten ez baitute egin. Antolatzaile eta parte hartzaile falta nabari du berak ere, azkenean, zaletasun falta: «Ni geratu nintzen idiazabaldar bakar bezala karreran, eta antolakuntzan gaztetxeak laguntzen zuen, baina azken urteetan ez zegoen afizio handirik eta bakarrik ikusi nintzen». Etxekoen aldetik eta afizioa mantendu nahi zutenen aldetik babesa bazuen, baina ez horrelako ekitaldi bat antolatzeko adina: «Azkenean biltzen ginen lau pertsona, eta horrelako zerbait egiteko jendea behar duzu. Orduan esan genuen aurten ez genuela egingo jada. Pena da, baina horrela gaude». Ez du baztertzen, halere, berriro ekitea antolatzeari, afizioak gora eginez gero. Bera hasi zenean, bazeuden parte hartzen zuten bera baino zaharragoak ziren herritar batzuk, baina «ohitura galtzen» joan da. «Ikusten badut interesa, jendeak parte hartuko lukeela, antolatuko nuke, parte ere hartuko nuke, baina hori ikusten ez bada, lan gehiegi da momentutxo baterako. Galtzen ari da, errealitate bat da».
Formatu ezberdinak
Goitibeherekiko zaletasunak gorabeherak izan dituen bezala, goitibeherek ere aldaketak izan dituzte urteen poderioz. Garai batean fabrikatik soberan zeuden elementuekin osatzen zituzten goitibeherak, eta orain aukera zabala dago. Maldan Beherak elkarteak sputnik goitibehera patentatu zuen duela 10 urte. «Goitibehera tradizionalaren, gure aitona-amonen garaian erabiltzen ziren horien eboluzioa da, kuatropalos horien garapena», azaldu du Agirreburualdek. Gurpilak aldatu zizkioten, frenoak txertatu, eta horien bidez ekitaldi ezberdinak antolatzea lortu zuten, eskoletan, herririk herri… Lasterketetan horiek alokatzeko aukera ere ematen zieten parte hartzaileei. Uretano kategorian sartzen dira sputnikak, baina beste hainbat kategoria daude. Bost multzotan banatzen dituzte Maldan Beherako kideek: neumatikak, europar mailakoak, trizikloak, errodamenduzkoak eta uretanoak.
Gero eta bolondres zein parte hartzaile gutxiago daude Goierrin. Elorzak zein Agirreburualdek lehiatzen jarraitzeko asmoa dute ahal den neurrian, karrerak egiten diren bitartean, baina eskualdean behintzat oraingoz ez dute aukerarik izango. «Jendea nekatu ahala, ikusiko da erreleboa dagoen ala ez».
Euskal Kopa, hainbat eragilerekin
Euskal Herriko Inertzia Kirol Elkarteen Federazioa 2020an desegin zen. Hiru elkartek osatzen zuten eta liga bat zuten. Desegin zenean, Maldan Behera Euskal Kopa antolatzen hasi zen, alternatiba gisa, antolatzaile, elkarte, partaide eta elkarte ez ziren taldeak kontuan hartuta. Euskal Inertzia Kirolen Elkartea sortu zuten, eta hori da Euskal Kopa funtzionamenduan mantentzen duen entitatea egun. Aurtengoa maiatzaren 5ean hasi zen, Abetxukon. Ajangizen, Izarran eta Legazpin egin dituzte jada kopako lasterketak. Asteburuan Zaldibar-en izango da, eta hurrenak Belauntzan, Igorren, Zalduondon, Zallan, Muxikan, Gasteizen, Amurrion, Gernikan, Bilbon, Larrabetzun, Muruetan, Galdakaon, Mendatan, Arrontegin, Mutrikun, Durangon eta Basaurin izango dira.