Festak eurak bezain edo gehiago, mugituak izan ziren 1974ko Beasaingo Loinatz jaien ondorengo egunak. ETAk atrakoa jo zuen CAF enpresan 1974ko maiatzaren 31n, ostiralarekin, festak amaitu eta lau egunera, soldatak jasotzeko egunean –eskura ordaintzen zituzten orduan–. Goierriko azken 50 urteetako polizia-zabalkunderik handiena ikusi eta jasan zuten goierritarrek, haren harira. Gertakariaren mende erdiko efemeridea xeheki aztertu du Beasaingo Euskal Memoria Taldeak, eta zortzi orrialdeko esku-orrian argitaratu du, Beasain mende erdi kabezerarekin, «CAFeko atrakoa».
Zenbait iturriren arabera, 14 milioi pezeta (eurotara ekarrita 84.141) eraman zituen ETAren komando batek atrako hartan. CAFek 2.277 langile zeuzkan une hartan Beasainen. Soldata kobratzeko eguna zenez –hilaren azkena–, goizean CAFeko bi langilek Donostiako Espainiako Bankutik ekarri zuten dirua, bi guardia zibilek eskoltatuta. Bulego nagusietatik igaro ondoren, 800 bat langileren dirua banatzeko unea iritsi zen. Armatutako lau gaztek osatutako komandoa sartu zen kobraketa bulegora. Zaindariari haren arma kendu, telefono haria moztu, eta ordainketakoak lotu ondoren, plastikozko poltsa bat bete zuten diruarekin. Enpresa inguratzen zuen alanbre-hesian aurrez irekitako zulotik ihes egin zuten, Senpere aldera. Bost minutuko kontua izan zen.
Atrakoaren berri zabaldu zenean, Guardia Zibilak berehala itxi zituen inguruko errepideak. Autoz joan zirela uste baitzuten. Baina oinez urrundu ziren, Beasaingo institututik Olaberriarantz. Autoa egun batzuetara aurkitu zuten, tailerretatik 300 metrora. Atrakoa gertatu eta ordu batzuetara, ETAk bere gain hartu zuen.
1.800 guardia zibil mobilizatuta
Gertakariak zeuzkan ezaugarriengatik, Espainiako Gobernuak egundoko polizia-zabalkundea egin zuen, ziurrenik 1936ko gerratik Euskal Herrian ikusi zen handiena. 1.800 guardia zibil mobilizatu zituzten, aginte-gune nagusia Olaberriko Castillo hotelean ezarri zuten, eta operatiboaren buru egitera Guardia Zibilaren zuzendari nagusia bera, Jose Vega Rodriguez teniente jenerala, etorri zen biharamunean. Hiru helikoptero, 50 mendiko moto eta txakurrak ere erabili zituzten.
Atrako eguneko gauean bertan, polizia-patruila batek komandoko kideekin topo egin zuen, ilunpetan, Olaberria inguruan. Tiro batzuk izan ziren. Ihesean, motxila batzuk han bertan utzi zituzten, eta Guardia Zibilak berreskuratu zituen 14 milioi pezetetatik gehienak.
Goierriren setioak sei egun iraun zuen. Kide bat atxilotu zuten Lazkaon, hurrengo goizaldean. Jazarpenaren erdian, hiru laguneko beste talde batekin topo egin zuten Ataunerako bidean. Tiroketa izan zen, agente bat hil zen, eta hiru gazte ataundarrek ihes egin zuten. Orduan gehiago zabaldu ziren erregistroak, bilaketa operazioak eta galdeketak. Hendaiatik Ansora mugan polizia-lerro bat ere ezarri zuten. Oihartzun zabala eman zioten nazioarteko prentsan.