Inguruari egokitutako hainbat basalore espezieren ereintzaren emaitza da Segurako Madurako eremu publikoan sortu den belardi eztiduna. Paisaiaren aniztasuna handitu ez ezik, intsektu polinizatzaileen presentzia ere ugaritu da.
Pentsatu, taldean hitz egin eta aurrera. Segurako Lore eta Landareen Azokaren antolatzaile taldeko kide batzuk basalandareen eta basaloreen haziak ereinez belardi eztidun bat sortu dute Segurako Madurako lur eremu publikoan. Azokaz gain, urtero antolatzen dute naturarekin zerikusia duen jardueraren bat, eta udaberri honetan loratu da iazko urrian egindako ereintza. Denak adinean gora doazen kideak, ondo gogoan dituzte udaberriko garai jakin batean mendi magal aldapatsu eta eguteretan sortzen diren lorategi naturalak, hainbat eta hainbat intsekturentzat bizitoki paregabeak diren eremuak.
Ideia bai, baina basalore horien haziak lortzea zen hurrengo urratsa. Inguruko nekazal sindikatuetan ez dago halakorik, eta hainbat ate jo ondoren, azkenean lortu zituzten. Atlantiar klimara egokitutako haziak eskuratu eta erein zituzten 500 metro koadroko eremu batean, eta loratu diren espezie guztiak Goierrin ezagututakoak izan ez arren, bailarako mendi eta zelaietan ezagutu izan direnen lagin bat osatzen dute. Oraintxe dago puri-purian.
Madurara inguratzen den edonork kolore ezberdinetako loreak ikusiko ditu belarra moztu gabeko sail batean. Tartean daude, besteak beste, garikotak (Silene), nabar-loreak (Centaurea), linuak (Linum), pasmo-belar loregorriak (Lythrum, lehen Anagallis deitu), basailena (Calendula) eta baita gramineo-belar askotarikoak ere. Eta lore eta landare horien artean, erleen, tximeleten, lore-eulien eta liztorren moduko intsektu polinizatzaileak, baita marigorringoak (amona mantagorriak) eta armiarmak ere. Horixe baita ekimen honen helburua, intsektuen aniztasuna handitzea, nekazaritzarako mesedegarriak diren espezie polinizatzaileentzako eta laboreen izurriteak ekologikoki kontrolatuko dituzten intsektuentzako bizileku bat sortzea.
Bizi-kalitaterako bermea
Nekazaritza paisaia handitu ez ezik, naturaren zikloentzat lagungarri diren intsektuentzat habitat berriak sortzen dira lorez aberats diren sail horietan. Intsektu horiek estrategikoak dira naturarentzat, frogatuta baitago polinizatzaileen populazioak urritzera egiten badu –arrazoia edozein dela ere–, beste hainbat intsektuk, hegaztik, ugaztunek edo beste animalia batzuek kontsumitzen dituzten landare, fruitu eta hazi askok ere behera egiten dutela.
Potentzialki izan ditzaketen lorez betetako halako sail gehiago baleude, intsektu aniztasuna erabat bestelakoa izango litzateke gure parajeetan, eta horrek onura besterik ez dio sortzen gizarteari, beti ere ekologiaren arauak errespetatzen badira. Biodibertsitatea horixe baita azken batean, espezie kopuruen eta espezie bakoitzaren kopuruen arteko oreka egotea. Aurrez aipatutako intsektu horiei zerrenda luzea gehi dakieke, eta horiek denak funtzionamenduan eta egoera onean mantenduz gero, nekazaritzarako eta gizartearen bizi-kalitaterako bermea izango lirateke. Marigorringo batek, esaterako, egunean 50 landare-zorri jan ditzake.
Polinizazioaren menpe
Europar Batasuneko (EB) laboreen %84 eta basaloreen %78 inguru animalien polinizazioaren menpe daude, eta nekazaritzak EBn sortzen dituen 15.000 milioi euroak polinizatzaileen zuzeneko lanari lotuta daude. Onura ekologikoa eta ekonomikoa nabarmena da.
Pentsatu eta egin, hala egin zuten udazkenean. Pentsatu ez dutena da gero zer egingo duten. Boluntarioak dira, ia denak jubilatuak, eta kimu berriak ere hartuko lituzkete aldamenean, aniztasunaren izenean.