Yoana Garcia • Aranzadiko Botanika Saileko kidea
Biologoa izan edo ez, ziur noizbait entzundako izaki bizidunen baten izen zientifikoak harridura sortu dizula, agian baita barregura ere bere xelebrekeriagatik. Hala ere, uste dut biologo ez direnek nahiago dutela Santio belarra entzun, Hyperycum perforatum latinezko izen zientifikoa baino, eta normala da.
Izaki bizidunen tokian tokiko izen arruntek hizkuntzen eta kulturen biziraupenean duten garrantzia aitortuz lehenik, izen zientifikoek berebiziko garrantzia dute zientzian lanean aritzen garenontzat. Espezie bakoitzak, onartutako izen zientifiko bakarra du, munduko edozein tokitan izen bat erabili eta izaki berdinari buruz ari garela ziurtatzen duena.
Taxonomia, munduko izaki bizidunak kategorizatzen, deskubritzen eta deskribatzen dituen zientzia da. Zazpi kategoria hierarkiko eta inklusibotan (batak bestea barneratzen du) antolatzen ditu izaki bizidunak: Erreinua, Filoa, Klasea, Ordena, Familia, Generoa eta Espeziea. Hala, gizakiaren sailkapen zientifikoa ondorengoa litzateke hurrenez hurren: animalia, kordatua, ugaztuna, primatea, hominidoa, homo, Homo sapiens. Azkena, espeziaren izen zientifikoa izanik. Taxonomia, eboluzioaren eta izaki bizidunen arteko ahaidetasunaren menpekoa da. Horrela, txinpantzearen sailkapen taxonomikoa azken bi mailatan soilik ezberdintzen da gizakiarenarekiko (generoan eta espeziean).
Beraz, espeziearen izena beti bakarra da, latinizatua eta binomiala, hau da, lehenengo zatia generoari dagokio eta bigarrena izen zehatzari. Nomenklatura binomial hori XVIII. mendean sortu zen Carl Linnaeus botanikariaren Species Plantarum argitalpenarekin, eta ordutik hona espezie berriak aurkitu ahala era horretan izendatu dira zientziarako.
Tokian tokiko eta garaian garaiko gertakizun eta pentsamoldeek gizartearen ohitura, lege eta komunikatzeko moduan arrastoak uzten ditu, baita izen zientifikoetan ere. Gauzak horrela, harro sentiarazten gaituzten izen zientifikoak aurkitzeaz gain (Erysimum gorbeanum edo Armeria euscadiensis esaterako), historiako erasotzaile, diktadore eta esklabizatzaileen izenak daramatzaten izen zientifikoak existitzen dira baita ere. Esaterako, Anophthalmus hitleri, Adolf Hitler diktadorearen izena daraman kakalardoa da. Hibbertia landare generoak, esklabuen jabe eta abolizioaren opositore nabarmena izan zen George Hibbert britainiarraren abizena darama. Bidezkoa al da horiek iraunaraztea?
Eztabaida komunitatean
Hainbat botanikari profesional, gai honekin arduratuta, eztabaida zabaltzeko lanean ari da. Haien hausnarketak ondorengo titulua duen testuan bildu dituzte: Protecting stable biological nomenclatural systems enables universal communication: a collective, international appeal (Nomenklatura-sistema biologiko egonkorrak babesteak komunikazio unibertsala ahalbidetzen du: behar kolektiboa zein nazioartekoa). 2024ko urtarrilean, 100 herrialde baino gehiagotako 1.200 sinatzailek testuarekiko elkartasuna adierazi zuten. Gaur egun, eztabaida komunitate zientifikoan zabaltzeko lanean dihardute.