Zeraingo Kultur Etxean dagoen museo etnografikoari Herri Museoa ere deitzen zaio. Zeraindarren bizimodu eta ohituren bilakaera azaltzen duten ondarea gordetzen dute bertan. Garai bateko nekazaritzari edo abeltzaintzari lotutako tresnak, objektuak, lanabesak, dokumentuak… Herritarrek eskainitako materialaren gordelekua da.
Garai eta tematika ezberdinetan sailkatuta dute ondarea. Tartean, oramahai eder bat dago ikusgai. Altzari preziatu hori Euskal Herriko baserri gehienetan (guztietan ez esatearren) aurkitzen zen. Bere kokalekua ataria izaten zen, logeletara igotzeko eskilaren aldamenean. Izenak berak dioen bezala, oramahaia orea lantzeko erabili ohi zuten nekazariek. Zurez eginak, norberak inguruan zuen zurik hoberena erabiltzen zuten horretarako, haritza eta pagoa, adibidez.
Hain zuzen ere, Zeraingo museoko oramahaia monoxiloa da, hau da, pieza bakarrez dago eraikia. Ikusgai dagoen ale horrek tapa dauka, taparik gabekoak egon bazeuden arren. Altzariak lau hanka izan ohi zituen.
Orea gari edo arto irinarekin egiten zuten. Gari-ogia egiteko berantzagi naturala erabiltzen zen eta, orea egin ondoren, pusketa bat gordetzen zen oramahaiko txoko batean trapu batean bilduta, hartzi zedin. Legamia ez zahartzeko, ordea, tarteka irin eta ur pixka bat nahasten zitzaizkion berriztatzeko, zahartuz gero zartatu egiten baitzen. Halaber, esan beharra dago berantzagia gari irinarekin erabiltzen zela soilik, arto irinak ez baitzuen horrelakorik behar.
Esan daiteke ogia astean behin egiten zela eta, familian ziren kide kopurua kontuan hartuta, opil gehiago edo gutxiago egiten zituzten. Izan ere, euskaldunon bizimodua nekazaritzari lotuta egon da mendetan eta garrantzi handikoa zen baserrietan asteko ogi-labekada bat egitea, baita gauerako taloak prestatzea ere.
Oramahaia zein beste ondare material guztia ikusgai dago nahi duenarentzat Zeraingo Museo Etnografikoan. Erreserba egin daiteke Turismo Bulegoarekin harremanetan jarrita.