Imanol G. Gurrutxaga • Zinema zuzendaria
Bi pertsonaia ditu ardatz Iraganeko bizitzak bezala itzul daitekeen film honek. Gazte zirela, familia arrazoiak medio, elkarrengandik urrun bizitzera behartuak izan diren mutil eta neska baten istorioa kontatzen du. Orain, ia 25 urte beranduago, berriro harremanetan jartzea lortzen dute.
Isiltasunak, begiradak, esan gabeko hitzak… horiek dira filmak dituen bereizgarri nagusiak. Eta batez ere sentimenduak. Nabari da bien artean iragan bat dagoela eta maitasun handia gordetzen dutela elkarrekiko, lagun arteko maitasuna bada ere.
Nora Moonek, neska protagonistak, gaur egun bikotekide bat du eta New York hirian bizi dira. Hae Sung aldiz oraindik Korean bizi da eta ez du bikoterik. Internet bidez hizketan egon ondoren, egun batean, New Yorkera bidaiatzea erabakiko du, hiria bisitatu eta, bide batez, Nora berriro ikusteko.
Une askotan deserosotasuna ere nabarmentzen da bien artean. Denbora asko daramate elkar ikusi gabe eta ez dakite nola jokatu egoera horretan. Baina tentsioa ez da bien artean bakarrik gertatzen. Filmak duen ezberdintasun nagusia Arthurren pertsonaia da, Noraren bikotekidea, gizontasun modelo berri bat erakusten baitu. Zeloak izan arren bikotekidearen gainetik jartzen ez den gizon bat. Egoera guztia ulertzeko ahalegina egin ondoren, Norarekiko duen harremanean konfiantza adierazten duena. Sortzen diren deserosotasunak, batez ere ikuslearengan eragiten dute. Nola jasotzen dugun guk Nora eta Haeren arteko harreman hau. Nola, bikotekide bat izan arren, laguntasunak ere modu berezi batean sentitzeko gai garen.
Azken batean maitasunaren erretratu berri bat aurkezten du film honek. Ohikotasunetik ateratzen gaituen istorio bat.