San Joan festak ospatuko dituzte Olaberrian datozen egunotan. Antolakuntza otsailean hasita, jada prest dituzte egin beharreko guztiak herriko elkarteek, udalarekin elkarlanean. Udalak, urtero bezala, deia zabaldu zuen elkarteetara parte hartzeko gonbidapenarekin, eta tartean dago, parte hartzeko prest, Olaberriko Gazte Taldea.
«Nola ez, baiezkoa eman genuen eta antolakuntzan inplikatzeko hautua egin genuen. Uste dugu gazteon iritzia eta inpklikazioa garrantzitsua dela bertan», azaldu du Gazte Taldeak. Otsailetik, hilabetean behin elkartu dira jaiak antolatzeko eta, horrez gain, talde barruan ere beste hainbat hitzordu egin dituzte jaietako beste kontuetaz aritzeko. «Guztion artean egitarau bateratu bat antolatu dugu, hasi haurrentzako jolasetatik, gazteentzako ekintzez osatu eta herriko helduenena iritsi arte». Fio dira egitarau «erakargarria» osatu dutela.
Herriko plaza izango da jaietan elkargunea. Herritar oro plazan elkartzea izango da Gazte Taldearen helburu nagusia. Gaueko kontzertuek ere mugi araziko dute jendea, nahiz eta hori aurten ez duten helburutzat: «Ez dugu espero orain dela bi urte etorri zen jende kopuru bera etortzea, Zopilotes Txirriaos taldeak Olaberrira jende ugari ekarri zuen urte hartan, baina inguruko herrietako jendea gerturatuko dela uste dugu», azaldu dute.
Olaberriko Gazte Taldea «loratzen» hasi dela nabari dute taldeko partaide diren herriko gazteek, eta bide horretan jarraitu nahi dute. Jaietan zein herrian antolatzen diren beste ekintzetan parte hartzen jarraitzeko helburua finkatu dute. Sanjoanak direla eta, San Joan suko emanaldian ere izango dira: «Jaietan sakonduz, gazteon presentzia ezinbestekoa dela uste dugu. Horregatik, esate baterako San Joan Suan, Olaberriko Gazte Taldeko kide gehienok parte hartuko dugu».
Herri txikietako giro sanoa
Ostiralean Azken Sustraiak talde goierritarra izango da Olaberriko plazako eszenatokian. Gazte Taldeak gazte goierritarrak gonbidatu ditu jaietara inguratzera, mozorro egunarekin hasita. «Egunean zehar mozorrotuta dauden herritarrek giroa are eta alaiagoa izaten ahalegintzen dira beti egun horretan», animatu nahi izan dituzte inguruko herrietako gazteak.
Larunbatean, berriz, haurrak izango dira protagonistak, «haurren irrifarrak nagusi izanda herriko txoko guztietan». Gauean, urtez urte indarra hartu duen Puro Relajo taldeak gozatzeko aukera izango da. «Aurretik trikiti eta pandero hots nahikoa entzun ondoren, eta eskuetan mokadutxoa izango dugularik».
Igandeak herritarrei «bizipoza» emango diela argi dute Gazte Taldeko kideek. Goizean, herri kiroletan parte hartuko dute, eta egunari amaiera emateko, gauean, suaren inguruan dantza egingo dute. San Joan eguna izango da festen azken eguna, astelehenez. Data bereziak izan ohi dira herri askotan San Joan egunaren bueltakoak, eta ospakizunak egoten dira nonahi. Olaberriko Gazte Taldeak, baina, herri txikietako giro sanoari heltzen dio herritarrak bertara animatzeko: «San Joan jaiak herri askotan ospatzen direnaren jakitun gara eta Olaberria ez da izaten askoren lehen aukera. Bestalde, ez dugu uste Olaberrian bezainbesteko herri txikietako giro sanorik sortuko denik, beraz, horrelakoetaz gozatzen duen pertsona orori egiten diogu etortzeko deia».