Egoitz Iztueta Sukia • Irakaslea
Gertutik bizi izan dut muxutruk modu batera edo bestera parte hartzea ekitaldi mota desberdinetan, bereziki, kirol munduan. Txikitatik mimatutakoa oso barneratuta nuen. Horregatik, Emaneurre taldearen gonbidapena jaso nuenean, Gorka Argaizen eskutik (sortzaileetako bat), ez nuen bi aldiz pentsatu. Gaztetxoak ginen, horrelako kontuetan esperientzia gabekoak, aldiz ilusioa eta gogoa soberan genituen. Emaneurreren helburuak kirol parte hartzaile eta herrikoiak bultzatzea, euskal kulturaren alde egitea eta euskararen aldeko aldarria luzatzea dira. Horiek lortzeko asmoz besteak beste, koadrila arteko herri kirol txapelketa, esku pilota txapelketa, 500 urte 500 plaza baietz!, hitzaldiak, garagardo azoka, Goierriko 7 orduak, Ordizia Txindoki Ordizia errekor saiakera… ekimen mota desberdinak antolatu ohi edo izan ditugu.
Emaneurre master bat izan da niretzat. Ikasi, gozatu, hanka sartu, berrikasi eta berriro praktikan jarri. Bertan hasi ginen gure idei ero horiei zentzua eman nahian. Batzuetan ezinezkoa zirudiena lortzen genuen eta beste batzuetan garagardo pare batekin esandakoak ibilbide luzerik ez zuela konturatzen ginen. Uste baino gehiagotan udaleko langileak mareatzen genituen gure aldrebeskeriekin. Tarterik baduzue, galde iezaiozue Jesus Mari Larizi 2014ko urtarrilean bildu gineneko bilera hartaz, martxoan ospatu zen Goierriko 7 orduak ekitaldiaren harira. Buruan genituen ideia guztiak zaparradan bota genizkion; arrauna, harrijasotzaileak, lasterketak, moto ikuskizuna, eskalada, mendi karrera, boxeoa, sokatira-errugbi desafioa… Lehen erreakzioa eskuak burura eramatea izan zen, gehituz “Zuek erotuta zaudete!”. Segidan denok parrezka hasi ginen. Hala ere, egiari zor eta eskerrak horri, gugan izugarrizko konfidantza izan du beti.
2015eko urtarrila. Txindoki atletismo taldeko Jon Etxeberria eta Gorka Satrustegirekin bildu nintzen. Buruan zuten iniziatiba azaldu zidaten. Ideia gustatu eta beraiekin bat egin nuen. Eneko Agirrezabal buru genuela eta bere gidaritzapean uztailean bertan lehen edizioa antolatu genuen. Emaneurreko unibertsitatean ikasitakoa baliogarria izan da dudik gabe proiektu honetan aritzeko. Dimentsio aldetik ez dute zerikusirik (aurrekontua, logistika…) baina, nire bizitzan biak dute garrantzi bera.
Euskal Herriko atletismoak bihar izango du zita, Ordizia meeting, arratsaldeko 18:30etik aurrera Ordiziako Altamira estadioan. Ikuskizuna ziurtatuta dugu goi mailako atletekin. Pariserako txartela lortzeko gutxieneko marken saiakera egongo da eta oraindik ziurtatuta ez dugun arren, 100 m-ko lasterketan 10 segundoetatik jaisteko bi inglesekin harremanetan gabiltza. Horrez gain, su eta ke makinak, erbi elektronikoak, zozketak, opariak, Tximist ardia… izango ditugu. Beraz, zatoz eta emaneurre Ordizia meeting-ari, ez zara damutuko!