Musika elektronikoaren munduan Lander B izenarekin da ezaguna, eta atzean Legazpiko Brinkola auzoan bizi den Lander Benito Lopez (Legorreta, 1984) dago. Dj eta ekoizlea da, eta musika jartzera doan lekuetan bete egiten ditu aretoak. Instagramen 12.500dik gora jarraitzaile ditu.
Legorretakoa zara, baina Legazpin bizi zara.
Legazpin 20 urte nituenetik bizi naiz, eta Brinkolan duela 5 urte. Leku lasai bat nahi genuen bizitzeko, eta Garro baserrian aurkitu genuen.
Lanbidez ez zara Dj-a.
Ez. Hori nire aisialdi esparrurako gordetzen dut. Errepideen mentenimenduan egiten dut lan, N-1ean, duela 18-19 urte.
Noiz hasi zinen musikarekin?
Aita hil zitzaidanean, 15 urte nituela. Ihesaldi bat izan zen, aitaren heriotzan ez pentsatzeko modu bat.
Nolako musika entzuten zen orduan?
Musika elektronikoaz ari gara. House estilo progresiboa entzuten zen. Garai hartan iparraldeko diskotekak oso ezagunak eta puntakoak ziren, eta trance progresiboa, teknoa eta hard house estiloko musika entzuten zen.
Diskoteketan ibiltzen zinen orduan?
Ez! Beranduago hasi nintzen. 15 urte nituela Ibizan entzuten zen musikako kaseteak erosten nituen, eta hemengo diskoteken urteurrenetan argitaratzen zituztenak. Gero, 16-17 urte nituela hasi nintzen diskoteketara joaten.
Non zeuden diskoteka haiek?
Iruran Sound zegoen. Jazz berri Arronan, Txitxarro Itziarren, Itzela Oiartzunen… Dantza egitera joaten ginen, baina niri musika jartzen zuenak arreta deitzen zidan, eta disko jartzaile izan nahi nuela pentsatzen nuen. Batzuetan, hain adi egoten nintzen, lagunekin disfrutatzeaz ahaztu ere egiten nintzela.
Nolakoak ziren orduko Dj-ak?
Teknologia asko aurreratu da. Gaur musika pen drivetan eramaten dugu, estudioan abestiak eta nahasketak grabatututa. Lehen biniloekin egiten zen lan, eta egundoko maleta zaharrak eramaten genituen. Orduan bi plater izaten ziren diskoak jartzeko, eta biniloak nahasten ziren, abiadura erregulatuz. Gero CDak sortu ziren, eta CDJ deitzen ziren tresnak erabiltzen ziren plateren ordez. Ondoren, ordenadoreetan eramaten genuen musika, diskotekako ekipoari konektatzeko. Gaur pen driveak zuzenean konektatzen ditugu.
Zu biniloekin hasi zinen?
Bai, horrelakoa zen nire lehen ekipoa: bi plater, nahasketa mahai bat, anplifikadorea, bozgorailuak, kaskoak… Legorretako etxeko garajean jarri eta harekin hasi nintzen. Diru asko balio zuen, orduko 85.000 pezeta plater bakoitzak [510 €] baina uda hartan lan egin, eta irabazitakoarekin erosi nuen. Gero diskoteketako lehiaketetara joaten hasi nintzen, hasi berria izanda oso zaila zelako pintxatzeko leku bat aurkitzea. Diskoteketako Dj egoiliarrek urte asko zeramaten, eta zaila zen haien lekua hartzea. Izan ere, musika ondo jartzeko, plater bat ondo kontrolatzeko, biniloaren abiadura erregulatzeko, praktika asko behar da, urte askotako lana da.
Urte asko egin al dituzu ikasten?
Musika jartzen soilik bi-hiru urte egin nituen, eta 18 urte nituela musika nola egiten zen interesatzen hasi zitzaidan, eta ekoizten ere hasi nintzen, neure musika egiten.
Balio gehiago du ekoizten duen Dj-ak?
Noski. Azken batean, esklusibitate bat eskaintzen duzu. Saioetan jartzen dudan musikaren %90a nik egindakoa da, eta gainerakoa, ezagutzen ditudan beste ekoizleena edo gustatu zaizkidan abestiak. Horrela ondo funtzionatzen dit, eta hori da saltzen dudana.
Nola ekoizten duzu musika?
Ordenagailuarekin, horretarako propio dauden programekin. Urteak eman nituen ikasten, probak egiten, eta esperientzia hartzen. Ordu askotako praktika da, bakarkako lana, eta horrek denbora kentzen dizu lagunekin eta familiarekin egoteko… Urte asko izan dira, baina azkenean lortu ditut emaitzak.
Zenbat urte behar izan dituzu?
Duela gutxira arte. Pentsa noiz hasi nintzen musika jartzen, eta gero ekoizten. Ba duela bost-sei urtera arte ez nintzen hasi hilean bi-hiru saio egitera. Horrek ez dit ematen musikaz bizitzeko adina, baina ez dut nahi ere. Dirua ematen dit, baina musikarena aparteko irabazia da.
Ez duzu profesionalizatzeko asmorik?
Momentuz ez. Aisialdi edo plazer gisa hartzen dut, eta emaztearekin eta alabekin batera gozatzen dut horretaz.
Nondik nora ibiltzen zara pintxatzen?
Ezkontzetan eta festetan, ez, nahiz eta askotan eskatu didaten. Nire estiloa, tekno progresiboa, ez da horretarako. Diskoteketan jartzen dut musika.
Badaude oraindik diskotekak?
Bai, ez 2000 urteetan adina, baina badaude, eta asko berriz irekitzen ari dira gainera; Bilbon Ugaondo aretoa eta Sonora daude, Gasteizen Jimmy Jazz, Donostian Bataplan, Logroñon El Hangar…
Urrutirago ere joaten zara.
Ekainean Espainian ibiliko naiz, Alacanten, Najeran, Madrilen, gero Cuencan, Mallorcan izanda naiz… Asko mugitzen naiz hemendik kanpo, baita atzerrian ere. Bulgarian, Alemanian eta Frantzian ibilia naiz, eta beti gustura, hemendik kanpo egiten dena ezagutzea gustatzen zaidalako. Ahal dudanean, Soraya emaztearekin joaten naiz, babes bat delako beti, eta batzuetan Ruben nire bizilaguna ere etortzen da.
Zeintzuk izan dira zure erreferenteak?
Hasi nintzenean, hemengo egoiliarrak, Txitxarroko PG2 eta Patt, Itzelako Thomas Totton eta Jesus Varela. Ekoizpen mailan, milaka izen esan ditzaket. Ekoizten hasi nintzenean, niri gustatzen zitzaidana egiten hasi nintzen, eta nire estilo propioa sortu dut.
Nolakoa da zure estilo hori?
2000 urteetako musikan girotutakoa da, gaurkoarekin uztartuta. Lehengo melodia progresiboak gaur egunera ekarri ditut, gaurko oinarri gogorrekin, hori da jendeak eskatzen duena. Ondo geratzen da, eta asko gustatzen da, batez ere gazteei. Instagramen entzun daiteke @lander_ b kontuan.
Gazteak aipatu dituzu. Musika elektronikoak ba al du adin mugarik?
Niretzat musika elektronikoak ez du adinik. Niri, lanetik eta egunerokotik deskonektatzeko balio dit , ihesaldi bat da estudioan sartzea eta ekitaldiak egitea. Lander B luzerako izango da, eta musika hau gustuko dutenak ere bai.
Musika honek ospe txarra ere izan du.
Bai, drogarekin lotu da asko, baina droga leku guztietan dago, alkohola bezala. Ez zait bidezkoa iruditzen musika elektronikoa drogekin lotzea. Ospe hori Valentziako Ruta del Bakalaok eman zion asko. Orduan DJ zen Paco Pil ezagutzeko aukera izan dut, eta elkarrekin egin dugu lan behin baino gehiagotan.