«Ama esanda, dana esanda dago» (Segurola). «Beste zer esanik ez da esatean ama» (Uztapide).
Orain dela gutxi hil zaigu ama. Mari Carmen Aramendi Alberro. Poesiaren izena zure, betirako zaitugu gure. K-ak eta h-ak ipintzen ederki ikasi zuen frankismoaren bukaerako alfabetatze ikastaroan. Hari luzeko bizitza berea. 1928an jaioa, Isatsondoko (sic) kaleko baserrian, bere haurtzaroan dena zen argi, argi piloa euskal berpizkundean, Errepublika garaian. Donostian izana zen, jaioterriko Kaleko Batzokian antzokia ere bazen, lagun minik bazuen, eta herria bat zen. Diktadura, beldurra, isunak eta beste etorri arte, gurasoak abertzale izateagatik soilik. Belaunaldi gogorra gure gurasoena, larre motxean bizitzera behartuak izan ziren. ‘Bizitza arrunta’ esango lukeenari zer esan, bizitza bakarra, errepika ezina dela baino, kasuistika. Memoriaz esango ditut. Luze joko lukeenez, historia eta istorio piloak ez dute lekurik hemen. Gerra osteaz geroztik, behin oinarrizko ikasketak egin eta koskortu ezkero lana besterik ez bizi artean: baserriko lanak, errekaduak [eta horretarako, Billafrankara ere joateko izan zuen bizikleta bikaina, 1970 alderako herdoildua eta erretiratua ezagutu geniona], azokarako gurdia goizago prestatuta, bere adiskide pizarrerak ez bezala etxerako lanean ordain sari gabe. Joxe anai zaharrena ere hil zitzaien urte asko soldadu emanda gero. Hark bezala, kaligrafian isurtzen zuen bere maitasuna gure amak. Eta sukaldaritzan. Ezkondu zen eta gure gurasoak erreskadan ekarri gintuzten sei anai-arrebok. Segidakoak izanik, ai ene, ai ama, zure begietako argiak izango ginen, baino ez dut akorduan zure magalean edo eskutik ibili izana, segidan hiru txikiagoak baziren. Gero atte hil zen gazterik, hura ere lanak itota, silikosia eta beste, tragedia. Alargun duin izan da hil arte. Euskaldunok ez gara sentimendu adierazle izan, eta bukaerarako agian ez zinen askotaz akordatuko, baina bitartean heldu eskutik egiten zenigun. Zahartzaroan ondo zainduta joan zara, ahalegin guztiak eginda, eta ezin dut gehiago esan… «Bizi lege da. Batzuentzat arin, besteentzat zakar. Beti begiak zabaltzen laguntzen duena» (Tere Irastortza)
Izaera aldaketa
«Emakumea esanda, esana da dana» (Amuriza)
Gregori Sarasa Ola naiz, 2020 inguruko izurrite handi harez geroztik urte gutxira zendu zen gure ama. Eta oraindik hemen, 2050.-ean gaude. Ez sinesteko modukoa da, baina egia. Goiz batean gertatu zen, amesgaizto batzuk jasan ondoren, aurretik andre-laguna izanagatik, nire ohean neska singlea bihurturik esnatu nintzela. Urteetan, oraindik gazte ginela uste genitueneko gauxak: giza arrazako izateak sortzen zidan disgustuak ene buruaz beste egitera eraman ninduen. Huts egin nuen zorionez. Orduan nioena: ez dago hitzik gizakiaren malezia, larderia, lerdejaritza eta ergelkeria deskribatzeko hitzik. Baina arrazoi arraroren bategatik, denok dugu norberari buruzko iritzi ona. Denok nahi dugu besteen onarpena, miretsiak eta laudatuak izateko nahikeria. Zertarako hitz egin hainbeste salbazioaz? Inork ez zuen salbatua izan gura. Mundu guztiak nahi zuena zen inportantea izatea. Erakustea. Ziurgabetasuna/pandemiak etorri arte. Ez nuen lagun hurkoa gorroto. Hori bai, betikoa: politikillo eta aberaskilloak beste kasta bat ziren. Nahi dutena egiten utzi izan diegu. Denak portatzen ziren umeen antzera. Arra nagusi. Kasta horretako guztiek zioten izu laborria gainontzekoei. Bizitzari zioten ikara. Horregatik jolasten ziren elkarri konfiantza emate aldera. Fidatu zu nitaz, eta zutaz fidatuko naiz ni. Modu bakarra zegoen fartsa saihesteko, ‘besteei sinestarazte’ horretatik ateratzeko: begiak itxita zerbait sinestea, fede itsuaz. Eta hainbesterainoko gogoa izan nuen, sexuaz aldatu behar nuela amestu eta emakume izan behar nuela deliberatu nuela; 60 urte eta pikurekin, eta lortu nuela, lortu lortu nuela generoaz aldatzea, bizirik irten nintzela, eta 85 urte pasatxoko andre zaharra nauzu, orain. Gehiago bizi nahi nuke, ondo naizela. 100 urteetan izan diren aldaketez jakitun, beste pixka bat eskatzen dut, ea zer aldaketak sumatzen ditugun.